Nazio-eraikuntza asimetrikoa

Liburu bat idatzi(Abertzaleak eta Euskara), eta idatzi ondoren konturatzen baldin bazara liburu horretan garatu duzun tesi nagusia ez duzula inon behar bezala laburbildu, zer egin? Prentsako iritzi-artikulu honetaz baliatuko naiz laburpen hori egiteko, han behar bezala adierazi ez nuena hemen adierazteko.

Abertzaletasunaren aldaera eta adar guztiak kritikapean jarri ditudanez gero, funtsezko kontzeptu nagusi bat argitzetik hasiko gara. Liburuan bezala, Anthony S. Smith-i lapurtutako aipu batekin alegia: «Oinarrizko uste honetatik abiatu beharrean gaude: nazio eta nazionalismoa ezin dira ulertu ideologia baten moduan, edo politika egiteko tankera baten gisara; baizik eta kultura-fenomenotzat ere ulertu behar ditugu; hau da, nazionalismoa, ideologia eta mugimendua, hirurak alegia, erro-errotik lotu behar dira nazio-identitatearekin«.

Nazio-identitatearen definizioa gogoan dugula, esan dezagun euskal abertzaletasunaren aldaera guztiek badutela gauza bat elkarrekin: denak dira asimetrikoak nazio-eraikuntzaren jardunean, ez dagoelako bat bakarra ere nazio-identitatearen osagarri politikoak eta kulturalak modu orekatuan eta partekatuan garatzen dituena. Denetan ageri da nazio-identitatearen elementu politikoak, juridikoak eta lurraldezkoak lehenetsi eta dimentsio kulturalari dagozkion ezaugarriak bigarren planoan jartzeko joera.

Zer da, ordea, euskal nazio-eraikuntza simetrikoaren kontu hori? Euskal nazio-eraikuntzak simetrikoa izan nahi baldin badu, hau da, nazio politikoaren eta nazio kultural euskaldunaren elementu-ezaugarriak modu orekatuan eta partekatuan garatu nahi baldin baditu, orain arte erakutsi duen joera makur eta sumisoa gainditu beharko du. Sumisioa aipatu dut, baina zerekiko sumisioa? Nazio-eraikuntza kulturala eraikitzeko darabilen nazio-eredu politikoarekiko sumisioa, nazio-eredu politiko horren izaera ez delako euskalduna, ez delako herri euskaldunaren ezpalekoa. Azpiraturik gauzkaten bi nazio-estatuen ezpaleko etnokulturan eta etnolinguistikan oinarriturik eraiki nahi dutelako abertzaletasunaren aldaera guztiek beren nazioa: izan autonomia-estrategia, izan erabakitzeko eskubidearen bidea, izan autodeterminazioaren hautua, izan independentziaren eta sozialismoaren helburua.

Nire ustez, nazio-eraikuntzaren abiaburuko eskakizuna zera da: edota nazio-identitatearen osagarri politikoak eta kulturalak aldi eta alde berean, modu orekatuan eta partekatuan, garatzen ditugu, edota Irlandako nazio-eraikuntzaren hondamendia datorkigu gainera; hots, nazio gaelikoaren hilotzaren gainean eraikitako nazio anglofono arrotza saihestu ezina izan zen han eta hemen ere gauza berbera gertatuko litzaiguke aurreko adjektiboak gurera egokituta: gaelikoaren ordez euskalduna jarrita eta anglofonoaren lekuan espainola edo frantsesa jarrita Gure nazio-eraikuntzaren ezaugarririk garrantzitsuena ez da helburu politikoa bere hartan besterik gabe hartuta, helburu hori lortzerakoan egin beharreko bidearen edo prozesuaren izaera da elementu determinantea. Alegia, prozesu horretan artikulatuko diren nazio-ezaugarri politikoak eta kulturalak garatzeko jardunean ezaugarri horien arteko hartu-emanen elkarreragina eta zer-nolakoa dira erabakigarriak.

Euskal nazio-eraikuntza simetrikoaren baldintza, ezinbesteko baldintza da inora iritsi nahi baldin badu, herri euskaldunaren muin-izaera bermatu nahi baldin badugu, izandako Euskal Herriaren antzeko zerbait izan nahi baldin badugu behintzat. Nazio-eraikuntzaren oinarrizko eskakizuna ez da botere politikoa nola edo hala lortzea, edota, beste muturrean dabilkeen euskaltzaletasun kulturalistaren nahia betetzea. Bi jarrera hauek, itxuraz elkarrekiko antipodatan dabiltzan hauek, azken buruan oso antzekoak dira: batak nahiz besteak euskal nazioaren eraikuntza asimetrikoa dute amets, batek ezaugarri politikoak lehenetsiz eta kulturalak zokoratuz, eta besteak euskalgintzaren berezko gaitasun apolitikoan sinetsiz.

Abertzaletasunaren aldaera guztiek zergatik sinesten dute euskal nazio-eraikuntzaren eredu asimetrikoan? Fede horren berri jakiteko aski da militante edo pertsona abertzale batzuekin hitz egitea. Beren argumentu bakarra hauxe da: azken buruan, arazoaren muina politikoa da, eta politikaren bidetik baizik ez zaigu etorriko gure herriaren edo gatazkaren aterabidea. Orduan, pentsatzen duzu, tira ba, arrazoi duela neurri batean, botere nazionalaren hartu-emanen auzia dagoela tartean eta nazio bakoitzaren estatus kontua dela guztia. Hala ere, zuk zera gogorarazi nahi diozu: politika, politikagintza, politika egiteko jarduna ez dela etnonazioaz, etnokulturaz eta etnolinguistikaz haratago dagoen eremu politikoa. Eremu horretan ez dabiltzala nazio-identitatearen elementu politikoak bakarrik lehian, nazio kulturalaren ezaugarri euskaldunak, batetik, eta espainolak edo frantsesak, bestetik, dabiltzala jakinarazi nahi diozu. Baina, alferrik da: berak buruan daukan gauza bakarra nazio politiko teoriko garbiaren irudia dauka, inolako etno- ezaugarri edo errorik eta kutsurik gabekoa.

Beraz, begien bistan dago zertan den abertzaletasunaren eraikuntza-eredua: lehendabizi lor dezagun «euskal» nazioaren estatus politikoa eta juridikoa eta gero, eskubide-baldintza berdineko joko-zelai demokratikoetan arduratuko gara nazio politikoaren eta kulturalaren artean dagoen haustura eta etena konpontzen. Horrela, nazio eraikuntza asimetrikoa zuritzeko kontraesanik gabe, eredu asimetrikoak geroko gerotan nazio euskaldun orekatua eta partekatua lortuko duelakoan bizi da gure abertzale xaloa. Gainera, ez omen dago beste aukerarik: euskal naziotasunaren egoera hain asimetrikoa eta desorekatua den baldintza hauetan ez omen dago beste alternatibarik.

Nolanahi ere, bada honetan guztian oraindik ere oso gogoan hartzeko beste egitate nagusi bat. Kontua honako hau da: bakoitzak begiz joa duen nazio politikoa eraikitzea ere ezinezko zaiola abertzaletasunari, bere arroztasun guztiarekin ere, nazio originala hobea delako beti kopia baino. Izan ere zertarako nahi du nazio-kulturaz espainiarra edo frantsesa denak euskal nazio burujaberik? Abertzaletasun autonomistaren porrota irudikatzeko Joseba Azkarraga Etxagibelen pasarte hau darabilt neure tesiaren sostengurako azken hauteskundeak hizpide hartuta: «Soberanismoaren emaitza elektorala ahuldu izana izebergaren tontortxoa baino ez da, euskal dinamika kultural-identitarioa ahuldu izanaren adierazlea. Kanal identitario eta kulturalaren eremu intimoagoan geratzen ari denaren adierazle, beraz». Eta zer arraio da nazio euskaldunaren gainbehera eta hondamendia izbergaren hondoko korronte-indar espainolak eta frantsesak ez baldin badira?

Ezker abertzalearen nazio politikoaren patuak ez dauka itxura hoberik. Burdinak erabiltzen dituztenak aspalditik ohartu daude noski euskal nazio politikoaren asimilazio-maila eta desintegrazioa ikaragarria dela, eta suaren txinparta bizirik eduki ezean, erabateko asimilazioa etor litekeela. Baina ez bide dira ohartzen nazio politikoaren eraikuntza-estrategia horrek, bere txinparta eta guzti, bere gatazka eta guzti, ez daukala etorkizunik, gure nazio eraikuntzaren ereduak ez duelako zerikusirik Frantziak eta Espainiak erabili zuten ereduarekin: alegia, izan gaitezen estatuaren jabe, edo estatu horren bila dabilen zerbaiten jabe, ondoren nahi dugun nazio-eredua eraikitzeko. Burdinak ere alferrik daude, beraz, gure nazio eraikuntzaren estrategia simetrikoan.

* Euskara irakaslea