Wall Streeteko sozialismoa

Krisia heldu da, hemen dago. Gogorra da. Irtenbidea? Goazen berripaperak irakurtzera:

“Nazioarteko finantza merkatuetan likidezia gabeziak sortutako egoerari aurre egiteko eta krisia larri ez dadin elkarrekin aritzea erabaki dute munduko sei banku zentral nagusiek: Fed-ek merkatuan 180.000 milioi dolar (125.543 milioi euro) jartzea izan da elkarrekin erabaki duten lehen neurrietako bat. Europako Banku Zentralak, berriz, 40.000 milioi euro jarriko ditu; Suitzako Banku Nazionalak 10.000 milioi euro, Kanadakoak 10.000 milioi dolar eta 60.000 milioi dolar Japoniakoak.”

Konponduta dago, likidezia’ zen arazoa. Diru gutxi omen zegoen merkatua. Hortaz, sar dezagun dirua.

Hori gutxi balitz, AEBetan hipoteka-erakunde nagusiei eta aseguru erakunde nagusiari, haien kreditu-luzapen kudeaketa txarra eta haren aseguruen gestio kaxkarra direla eta, diru publikoa emanen zaie, diru gehiago, ‘likidezia’ gehiago merkatuan. Dena konponduta ote?

The Wall Street Journal-ek argitu zuen, Marxez geroztik sozialistek aipatu dutena: “Zerga ordaintzaileek ulertu behar dutena da Fannie Mae eta Freddie Mac -hipoteka-konpainiek- jadanik sozialismoa praktikatzen dutela, nahiz eta sozialismo mota hori tranpatia izan. Haien irabazia pribatizatua da baina haien arriskua sozializatua.”

WSJ-en arabera, “… eszenategirik okerrena kapital injekzioa izango litzateke, zeinak konpainiei (hemendik bi edo hamar urte barru) mozketa berbera berriz egiteko aske utziko baitie.” Hortaz, WSJ-ek dioenez, ez dago ezer konponduta.

Baina azkenean AEBetako Kongresuak 700 x 109 dolarreko kopurua merkatuan ‘injektatzea’ onartu du. Gainera, konpainia handi horien lekua gobernuak berak hartuko du beroriek egindako zor txarren azken babesle modura. Gora Wall Street-eko sozialismoa!

Dena den, AEBetako Kongresuak plan hori onartu baina bi egun lehenago, Stephen Zarlenka-k[1] jadanik abisatu zuen ezen lapur errukigabe koadrila batek 700 x 109 dolar lapurtu nahi zituela, AEBak arrisku ekonomiko baten aurrean egongo direlakoan. Are gehiago, Zarlenka-k zuzentzen duen American Monetary Institute delakoak prentsa-ohar bat plazaratu zuen (2008.08.29) ondokoa esanez: “Finantza-sektore pribatuak porrot egin du. Espero da sektore publikoak bera erreskatatzea eta egingo du. Hortaz, sektore publikoak sistema monetarioa kontrolatu behar du, herriaren onurarako.”

Ez hori bakarrik: “Arazoaren bihotza da gure sistema monetarioa pribatitzatu izan dela. Eta zuzendua izan da bera kontrolatzen dutenen onurarako, interes publikoarekiko kezka minimoarekin.”

Eta oso funtsezkoa dena: “Federal Reserve System into the U.S. Treasury” jarri behar da[2], hots, gobernuak sortu behar du dirua, eta ez banku-sistemak. Zeren, “Gure sistema monetarioa kreditu eta zorretik benetako dirura aldatu behar da,… (…) AEBetako gobernuak berak dirua jaulki behar du, eta ez bankuetatik maileguz hartu. (…) AEBetako Altxor Publikoak [U.S. Treasury, alegia] lagunduko du dirua ekonomia errealera zuzentzeko, ez espekulaziorako”.

Gobernuak espekulatzaileen gaineko benetako kontrola eduki dezan eskatzen da. Alegia, Alan Greenspan-ek lortu zuen banku-sistema desarautzea (esanez modu horretan ekonomiak hobeki funtzionatuko lukeela!), berriz ere, eta modu zehatz batez, arautzea, kontrolatzea. Hain zuzen ere, Wall Street-eko ‘sozialistek’ aldarrikatzen dutenaren aurka[3].

Likideziarekin batera, badago nonahi aipatzen den beste hitz magiko bat: konfiantza. Michael Hudson-ek dioenez (e-mailetan), konfiantza hitza aipatzen dutenei ‘con men’ (‘kon gizonak’) deitzen diegu. “Konfiantza izan zen lehenik eta behin burtsako burbuilara eraman zuena eta gero higiezin errealeko burbuilara – eta gero gainbehera handira. Arazoa ez dagokio psikologiari – zorrak askoz handiagoa dira ordaintzeko medioak baino. Deribatiben kontratuak ezabatu behar dira, besterik ez. Horiek ez dira bonoak. Ez dira aurrezki-kontuak. Horiek merkataritzan oinarritutako matematika eta ekonomia zaborra dira.”

Karlenka-k dioenez, Michael Hudson-ek aurreikusi zuen, orain dela bi urte, etxegintzaren krisia zehazki[4] .

[1] Ikus http://www.monetary.org/700billionscam.html.
[2] Ikus http://www.monetary.org/amacolorpamphlet.pdf.
[3] Ikus http://www.monetary.org/700billionscam.html.
[4] Ikus http://www.michael-hudson.com/articles/debt/Hudson,RoadToSerfdom.pdf.