Lehenbiziko trena

Ez dakit Euskal Herriaren bake eta normalizazio politikoaren xedea lehenbiziko trenean sartzearekin lortuko dugun. Ez dakit aurreneko tren honen nondik norakoak zein izango diren. Baina badakit tren horren ibilbidea zernahi izanik ere, tren horrek ez duela Herri Euskaldunaren arazoa inondik inora konponduko. Bi kontzeptu: Euskal Herria eta Herri Euskalduna. Etimologiaren aldetik sinonimoak, baina ideologia nagusien interesak itxuragabetuak: jadanik Euskal Herriak ez du zerikusirik Herri Euskaldunarekin, ez izenaren beraren zentzua kontuan hartuta, ez izanaren errealitate gordina behatuta. Bi herri dira, bi herritar mota, bi historia, bi hizkuntza eta kultura.

Lehenbiziko tren honek ustez egin beharko lukeen ibilbidea egingo balu, arazo politiko batzuk behinik behin bideratuko lituzke beharbada. Espainiako Estatu totalitarioaren jazarpen sistematikoa eta basatia leundu egingo litzateke utz dezagun oraingoz Frantziakoa, Bidasoaz alde honetakoa baino okerragoa izan litekeenez. Berrogei urteko jazarpena, ikara, oinazea, tortura eta heriotza eragin du espainiar Estatuak gure herrian, orain, Estatu horrek gurean eragin dituen genozidioa eta etnozidioa alde batera utzita, gure herritik sortutako bortxak sortarazi dituen biktimak besterik ez baldin badabiltza ere demokraten oroimen higatuetan. Orain, alde bateko bortxa bakarrik desagertuko litzatekeen honetan, inurri gaiztoaren gaiztakeriak eta hilketak gogorarazten dizkigute etengabeko arrosarioan, lehoiak eragindako harrapakeriak, sarraskiak eta heriotzak ahaztuta. Harrapakina harrapariaren lekuan jarri nahi digute. Eta hori ez du soil-soilik egiten ideologia espainolistaren esanetara dabilenak. Ideologia hori abertzale demokrata gehienen mezua baita.

Gatozen ordea berriro ere tren-kontura. Esandakoa gogoratuz, lehenbiziko trenak ekar diezagukeen gauzarik onena sufrikario latz horren nolabaiteko amaiera izango litzateke. Horretaz aparte, auziaren dimentsio politikoan, euskal nazio politikoaren egoera zertxobait hobetu lezake, nazioaren eskubide politikoak sozializatzen diren neurrian. Ikuskizun dago halere sozializazio-prozesu horrek izan lezakeen indarra eta eragina: ez du askorik izango, baldin eta lortu behar genukeen egoera berria, alde bateko bortxaren erabilera desagertzea besterik ez baldin bada; eragin nabarmenagoa izan lezake, baldin eta euskal nazio politikoaren eskubideak aintzat hartzeko urrats sendoren bat emateko gertu baldin badaude indar abertzale guztiak. Geroak esango.

Nolanahi ere, ordea, euskal nazio politikoaren aldeko urratsa izango litzateke, onik onenean, lehenbiziko trenaren ibilbideak ekar lezakeen emaitza. Eskubide juridiko eta politiko batzuen onarpena eta gauzapena, nolabaiteko subjektu politikoaren aitorpena. Lurraldetasunaren arazoa tarteko. Euskal herritarren erabakimena ere tartean izango da. Hitz batean: nazio politikoaren nolabaiteko aitortza eta zilegitasuna Euskal Herriaren lurralde batzuetan. Osoan ez da erraza izango ezer taxuzkorik lortzea. Autodeterminazioaren kontzeptuak bilduko lituzke xede horiek guztiak bere altzoan. Guztiarekin ere, ordea, funts-funtsean ez litzateke muin-muinezko ezer askorik aldatuko gure herria aspalditik sarturik dagoen patu gaiztoan.

Beraz, hori eta horrenbestez, lehenbiziko trenak barruan ekar lezakeen autodeterminazioren nolabaiteko izaera politiko horrek ez gaitu aseko (euskal) herritar guztiok. Ez dira asko izango seguru aski, baina badira, bagara, bakan batzuk, bigarren trenaren zain gaudenok. Bigarren trenak Herri Euskaldunaren autodeterminazioa ekarri beharko luke ondo bidean, euskaraz bizi den eta bizi nahi duen herriaren autodeterminazioa. Euskal Herri historikoaren autodeterminazioa, ez nazio-alienazioak erauzitako hau.

Bidean omen datorkigun lehenengo tren honek ekar lezakeenarekin pozik eta aserik sentituko dira agian (euskal) herritar gehien-gehienak, baina, herritar euskalduna izan nahi duenarentzat, ezer gutxi da hori. Herritar euskaldunak euskaldun izan nahi du, gizaki eta gizarte izateko modu euskalduna nahi du, espainiarrak edo frantsesak bere identitate nazionala eta soziala bizitzeko daukan zentzu eta baldintza berean, eta herritar euskaldun horrentzat ez da aski izango nazio politikoaren inguruko eraikuntza. Nazio politikoak gaur eta hemen ez dauka Herri Euskaldunaren nazioa sortzeko gaitasunik bere izaera alienatua dela medio. Hau guztia ameskeria da gaur-gaurkoz, bai, badakit. Erdal herritar izatetik herritar euskalduna izatera dagoen tartearen sakonak zorabioa eragiten baitu.

Herritar euskaldunak, euskaldun izan nahi duen herritarrak, euskal nazio linguistikoa eta kulturala behar ditu, politikoarekin batera. Gizarte euskalduna behar du, bera euskalduna izango bada. Bigarren trena behar du. Nazio euskaldunaren identitate-gaia garraiatuko duen prozesua. Bigarren autodeterminazio-maila behar du, hemengo izaera nazional alienatutik askatuko duen prozesua, ez soilik eskubide zibil eta politikoak aintzat hartuko dituen beste marko politiko bat. Espainiako eta Frantziako herritarrak ez dira soil-soilik eskubide politiko eta zibilen jabe, ez dira eskubide horien altzoan bakarrik bizi: horietaz gain, nazio-identitate jakin baten altzoko hizkuntza, kultura eta oroimen historiko baten araberako herritarrak dira. Osoak, alegia; ez erdiak, gu bezala.

Beraz, bi tren, bi ibilbide eta bi helburu. Osagarriak biak baina aldi berean aski bestelakoak. Ni zain nagoen trena bigarrena da, lehenengoari muzinik egiten ez badiot ere. Nolanahi ere, azken galdera bat: gizarte-kohesioa eta batasuna sorrarazten duten hizkuntzazko eta kulturazko naziotasunaren baldintzarik gabe nazio politikoaren helburua ez al da idealismo (adiera txarrean) hutsa izango? Bete dezagun bada euskal izaeraz delako nazio politiko hori, gainerakoan, lurraldetasunaren ametsa, amesgaizto bihurtuko zaigu eta. Herri Euskaldunaren nazioa ametsa izango da, bai, baina, Euskal Herriaren batasun politikorik ez dugu lortuko hura lortu ezean. Nazioa sortzeko borondatea eta kontzientzia ez dira berez ernetzen, gizarte nazional baten humusa behar du ernetze horrek, elkarrekin bizitzeko dauzkagun lokarrien atxikimendu-sarea. Borondatea benetako bizitzari ez darionean, borondate horrek ez du zinez ezertarako behar ez euskal naziorik, ez autodeterminaziorik, ez independentziarik. Mozorroak kentzeko garaia aurki iritsiko da beharbada.