Subjektuez eta objektuez

Ez zait bururatzen, nire urritasunean, nola lortuko ditugun subjektu politikoak, hauek subjektibizatu ezean zernahiren objektibotasuna, bere egin ezean errealitatearen ez dakit zer, subjektu bakoitza helburu politiko batzuen bila kontziente abiatu ahal izateko hala nahi izanez gero.

«Auto-fedeetatik auto-ebaluaziora» artikulua eman zuen argitara ekainean Berrian nire homonimoak, eta erantzun bat merezi izan du Nabarralde kazetan, iraileko alean, Joxe Manuel Odriozolaren eskutik, «Zer-nolako izan nahi dugu?» izenburupean. Erran dezadan harian sartu aurretik, mania bat dudala nire izenpean agertzen diren idazkiekin, batik bat horietan gogoetak-edo plazaratzen badira: alegia, nireak izanen ez bailiran berrirakurri nahiago ditudala, idazki horiek munduratu bezain pronto bizitza propioa hartuko balute bezala, egileak idatzi zitueneko unean erran nahi zuenaz haratago. Atzetik, ideia funtsezko bat: idazki guztiek interpretazio desberdinak izan ditzaketela irakurle desberdinen aldetik, baita ni neu naizen irakurle honen aldetik ere, noiz, nola eta zein inpresio edo begirada berrien pean (berr)irakurtzen ditugun. Hortaz «nire homonimo»aren ohiko fikzioa, txantxetako puntu bat, are bere kutsu pedantea ere, ukan dezakeela jakin arren. Baina arrisku batetik libratzen laguntzen nau bederen trikimailuak: bertzeen irakurketak okerrak direla usteko arriskutik, nirearekin bat ez badatoz ere. Ez dut, bada, erranen Joxe Manuel Odriozolak gaizki ulertu duenik nire bikoitzaren artikulua; bai, aldiz, ez doala bat nik egiten diodan irakurketarekin.

Baina itzul gaitezen harira. «Auto-fedeetatik…» idazkia behin eta berriz leitu izanak ez nau eramaten Joxe Manuel Odriozolak antzeman duen ondoriora: «Beraz, jo dezagun nazio-identitatea erabat subjektibizatzera eta modu horretan ken ditzagun bide erdian dauzkagun eragozpen objektiboak: lurraldetasuna, euskara, euskal kultura eta abar». Ez dakit nik zer subjektibizatuko dugun, baldin gure egiteko objektuak, errealitateak edo haien errepresentazioak -barka Schopenhauerkeria- ezabatzen baditugu. Badago, egon, gure artean gizarte bat, herri bat, ezaugarri anitzekin (kulturalak, historikoak, hizkuntzazkoak, bizimoduak…), euskal nazio baten baieztapenera ikerle asko eraman dutenak. Ezaugarri horiek guztiek, jakina, neurri batean, egin gaituzte indibiduo, bakoitza garen bezalakoa, horietan gizarteratu gara, baina ez gaituzte berez egin subjektu politiko, hots, asmo politikoren baten partaide (bai, agian eta tamalez, asmo politikoren baten artaldeko). Horiek dira jende bakoitzak subjektibizatu behar dituen kontuak, era batean edo bertzean, nazio-subjektu bihurtuko bada. Zerbaitekin auto-identifikatu beharko du norbanakoak, bertzeek -ikerlerik finenek ere- ematen dioten identitateaz gain edo gorabehera, nazio-identitate baten subjektutzat jo nahi badugu. Ez dut uste ideia horretan gauzen sinpletzerik dagoenik. Alderantziz, gure artean horren arrunt diren ikerketa ustez objektiboak baino hagitz konplexuagoak direla kontuak erran nahi da. «Nazio baldin bagara […] ez [da] gure geneek naziotasunik dutelako», idatzi zuen nire bikoitzak Berrian puntu probokatzaile batekin, baina nago zerbait askoz zabalagoa pentsarazten duela: objektiboki ikus daitezkeen ezaugarri kultural edo historikoetan guztietan, batek ere ez, ezta haien guztien multzo osoak ere, ez digu naziotasunik ematen, hitzaren zentzu politikoan; ez dio inori ematen naziotasunik, inor horrek ez baditu subjektibizatzen kontu objektibo horietako batzuk bederen, ez badu bere burua identifikatzen ezaugarri horiek edo horietako batzuek islatzen omen duten naziotasunarekin (bai, nahita jarri dut «omen» hori, subjektibotasunari, bere dimentsio sozialean ere, pisu propioa emate aldera).

Gainera eta haratago joaten, osagai «nazional» objektibo horien guztien artean, «nazio-identitatea» objektiboki islatzen duten ezaugarri horien guztien artean, nazio-indibiduo batzuek kontu batzuk lehenesten dituzte euren nazioa definitzerakoan, bertze batzuek bertzeak. Bitxikeriak ere ikus daitezke leheneste horretan (folklorekeria edo mito absurdu franko, adibidez), baina osagai bitxi horiek inor eramaten badute nazio-subjektu gisa auto-identifikatzera, ezinen diogu bertze inork uko egin horri (gehienez jota, begiak gehiago ireki ditzala saia gaitezke). Bertze askok gauza «serioagoak» lehenesten ditugu, baina beti ere desberdinak izan daitezke lasai asko. Historia, iraultza grina, hizkuntza, estetika, kultur ekologia-edo…, batek daki zerk eraman dezakeen inor auto-identifikatzera euskal nazio hau bezalako baten kide gisa. Joxe Manuel Odriozolak, neuk ere eta nire izenkideak euskara lehenesten dugu; Txillardegik bere mementoan eta testuinguru hartan «Euskarak egiten gaitu euskaldun» tautologia efikaz hura (eta eztabaidagarria bere dimentsio politikoan) bota zuenetik, gero eta jende gehiagok lehenesten du gure jatorrizko hizkuntza euskal naziotasunaren osagai objektibo gisa, eta euskal nazio baten aldeko subjektu eragile bezala auto-identifikatzerakoan. Ordea eta errate baterako, Nabarraldeko askok ez dakit ez ote duten nahiago «Nafar izaerak egiten nau euskaldun», Txillardegiren haren kontrastean, eta ez dut uste horrek kentzen dienik eusko nazio baten partaide (nazio-subjektu) gisa sentitzeko egokitasunik. Edonola ere, gutariko edonork, subjektu politiko bihurtzeko nazio kontuetan, subjektibizatu behar dituela nahi bertze nazio-ezaugarri «objektibo». Horixe da nire izenkidearen artikuluan nik irakurtzen dudana, «identitate» kontzeptua baino «auto-identifikazioa» nahiago duenean.

Gauza anitz utzi behar tinta ontzian. Bertzeak bertze, oso garrantzizkoa den bat: nafar periferiatik idatzirik zegoela, nik uste, Berriako artikulua, eta foru-larre honetan jorratzen ari diren teorizazio «aurrerakoi» batzuk zituela buruan, hauek gainditu nahian. Adibidez, Nafarroa honetan bi identitate daudela eta bien arteko konpromiso historiko halako bat egin behar duelako ideiari egin nahi zion aurre, bertze ideia bat sortuz: foru-larre etsigarri honetan badagoela nafar auto-identifikazio oinarrizko eta komun bat, baina nazio auto-identifikazio desberdinetara jotzen duena; auto-identifikazioa identitatea baino askoz mugikorragoa delakoan, ez ote litzatekeen hobe izanen behingoz subjektibotasunari dagokion pisu politikoa ematen hastea.

Bukatzeko: nire homonimoa ez da «errazegi erori» «nazio-identitatearen dimentsio subjektiboaren amuan»: kostata jabetu da nazio-identitateak behar duen subjektibotasun horretaz, auto-identifikazioaren kontzeptua askoz gehiago landu beharraz, naziogintzan subjektu politikoen sorrera bultzatuko badugu.