Ustiaketa berria

Ohiko inperialismoa garatu gabeko herrialdeetako lan-indarraren esplotazioan aritu da historikoki, alokairuen maila merkeari begiratuz. Baina ekonomia erabat finantzario bihurtu denetik, superinperialismoak[1] bereziki herrialde superabitdunak esplotatzen ditu[2], haien irabaziak bereganatuz. Hortaz, ohiko ustiaketatik baino askoz haratago joan da gaurko esplotazio erraldoia.

Marxek ez zuen aurreikusi ere egin lan-indarra bere alokairutik at, bere aurrezkitik ere ustiatuta egongo zenik. Izan ere, gaurko kontua finantzarioa da erabat: nazioarteko korporazioek ez dute bereziki bilatzen garatu gabeko herrialdeetako lan-indar merkea. Nazioarteko inbertsiogileek nahi dutena hauxe da: lurra eta higiezinezko ondasunak, natur baliabideak (gas, petrolioa), natur monopolioak, trenbideak, hegazkin-konpainiak, telefono eta komunikazio-monopolioak, elektrizitate eta beste energia motetako monopolioak, hau da, gobernuek zorren bidez lorturiko ondasun publikoak.

Inbertsiogile berriek ez dute nahi garatu gabeko herrialdeen garapena (eta berarekin batera egongo litzatekeen lan-indarraren ustiaketa): esan bezala, nahi dutena hauxe da: bertan dagoen kapitala bereganatzea. Haien helburua ez da kapital berria sortzea.

Globalizazio berriak pribatizazioa esan nahi du. Eta horrekin batera lan-indarraren gainean monopolio karguen zergak jartzea, ez bera enplegatzea. Lan-indar hori murriztu nahi dute, ez bera esplotatzea ohiko plusbalioa ateratzearren. Horrek ez dauka inolako zerikusirik Marxek eta hainbat pentsalari marxistek etorkizunerako aurreikusi zutenarekin.

Inbertsiogileek gobernuak kanpo-zorretan egon daitezen nahi dute. Herrialde horien monetei eraso diete, eta gero Nazioarteko Moneta-Fondoak eta Munduko Bankuak gobernuei esan diete beren arlo publikoa sal dezaten. Kapital publiko hori da gaur egungo nazioarteko inbertsiogileei interesatzen zaiena.

Gaur egun munduko ekonomia planifikatuta dago, baina ez gobernuen aldetik, ez industria-ingeniarien aldetik, finantza-ingeniaritzan aritzen direnen partetik baizik. Haien helburua ez da inbertsio berriak sortzea, enplegua sortzea eta lan-indar horretatik plusbalioa ateratzea, jadanik existitzen diren aktiboak bereganatzea eta enplegu murriztea baizik. (Ikuspuntu horrek agian zertxobait argitu eta garbi adierazi ahalko du Errusian[3], kasu, gertatzen ari dena.)

Aipatu bezala, nazioarteko korporazioek jadanik sorturiko kapitala eskuratu nahi dute. Diru gehiago egin dezakete dauden enpresa eta batez ere monopolio horien burtsako balioekin (espekulazioan), sektore horien lan-indarra enplegatzean baino. Mozkinak ateratzen dituzte, langileak kaleratzean eta lan-indarra murriztuz Marxek ezin imajina zezakeen eran eta moduan.

Alokairuak mozten dituzten bitartean, langileak behartzen dituzte beren pentsio-funtsak eta segurantza sozialeko aurrezkiak burtsan jartzera, burbuila finantzarioa puztearren, handitzearren. Hortik, mozkinak etorriko zaizkie.

Kapitalismo industrialaren ondoren ez da gauzatu Marxek nahi zuen sozialismoa, ezta gure egunkarietan maiz irakurtzen ditugun funtsik gabeko hitz ponposoen ekonomia zein gizarte-mota ere: «gizarte postindustriala» edo «zerbitzu ekonomia» zein «informazio ekonomia» nahiz «komunikazio ekonomia». Nonahi azaldu dena finantza-ekonomia izan da. Industria eta ohiko sektoreak finantzializatu egin dira.

Plusbalioaren teoria ongi dago historiarako, baina soldatapeko lan-indarra ustiatu barik, egun kapitalismoak pentsio-funtsak, lan-indarraren aurrezkiak, segurtasun sozialeko funtsak eta horrelakoak erabiltzen ditu burtsa-balioko merkatua finantzatzeko, ez produkzio-medio berrietan inbertitzeko. Gaur gehien saltzen dena ez dira ondasunak eta zerbitzuak, burtsa balioak eta obligazioak baizik, baita higiezinezko ondasun errealak eta beste aktibo batzuk ere. Aurrezkiak inbertitzen dira zor berriak sortzearren. Aurrezkiak burtsa-baloreetan inbertitzen dira, gero balore horiekin espekulatzeko.

Gauza bera gertatzen da jadanik existitzen diren aktiboekin: haien salerosketetan, beraien prezioekin espekulatu egiten da, besterik ez. Bi mundu daude gaur egunean: produktiboa eta espekulatiboa. Bigarrena gero eta handiago da, eta etengabe hedatuz doa. Lehena oso garrantzitsua da, parasitoa ez den ekonomia mota bat bultzatzeko; baina gaur egun, batez ere, bigarrenari, espekulatiboari, aurre egin behar zaio.

Balio-titulu horien gainegitura finantzarioak ez ditu gizartearen ahalmen produktiboak garatzen eta hedatzen. Kapital finantzarioa ez dago industria-kapitalaren menpe. Marxek uste zuenaren kontrakoa gertatu da; etorkizunean ez da gauzatu Marxek uste zuena[4], alderantzizkoa baizik.

Michael Hudson ekonomistak dioenez (2005, e-mailetan): «Susmatzen dut marxista batek nire ikuspuntuari idealista deituko liokeela. Idealista da ondoko zentzuan, alegia, sistema monetarioa eta finantzarioa Autonomoa da produkzio medio ‘materialetatik’ eta maiz, oso indartsua denez, bukatzen da industria bera itotzen, adibidez egungo zor-krisia. Finantza industrializatu barik, industria finantzializatzen ari da. Berri txarrak materialistentzat. Baina egoera ozta-ozta ideala da».

Gaur egungo diru gehiena ez da erabiltzen ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko, burtsa-balioak, obligazioak, hipoteka-bermeak, eta beste mailegu batzuk ordaintzeko baizik, eta ikaragarria da egunero mundu mailan mugitzen den dirutza zeregin horietan.

Hortaz, hona Hudson ekonomistak proposatzen duen ondorio zuzena: edozein gizarte motatan sistema finantzarioa industriari begira eratu behar da, alegia Nazioarteko Moneta-Fondoak eta Munduko Bankuak erakusten dutenaren kontrako politika ekonomikoa. Politika berri horrek hazkunde eta garapen ekonomikorako banku-sistema berezia eskatzen du. Nazio mailan, eta parasitoa ez den ekonomia garatzeko, kredituak beharrezkoak dira. Hori dela-eta, Hudson eta zenbait ekonomista kreditu-ekonomiaz teorizatzen ari dira, creditary economics[5] delakoa bultzatuz

Sistema finantzarioak industriari begira egon behar du; banku-sistema parasitoa ez den garapen ekonomikoari begira jarri behar da. Horretarako, ekonomia berri bat beharrezkoa da, kredituak ongi zuzenduko lituzkeen ekonomia berria. Horra hor, bada, euskal sindikalgintza berrirako benetako apustu estrategikoa.

[1] Ikus Hudson-en Super Imperialism delako liburua.

[2] Aurreko artikuluan ikusi genuen moduan AEBetako Altxor Publikoak herrialde desberdinetako banku zentral ezberdinetako superabitak bereganatzen ditu.

[3] Ikus Hudson-en zenbait lan: a) http://www.michael-hudson.com/ —> Debates —> 2000 Tainted Transactions: An Exchange —> Michael Hudson-en hitzak; b) http://www.michael-hudson.com/ —> Speeches —> 1999. Dr. Michael Hudson’s Testimony before the Russian Parliament ; http://www.michael-hudson.com/ —> Articles —> How Russia May Create a Viable Financial and Fiscal System ; eta http://www.counterpunch.org/schaefer02272004.html.

[4] Marx-en ikuspuntua eta beronen kritika hemen ikus daitezke: http://www.michael-hudson.com/articles/debt/CompoundInterest1.html —> Marx’s analysis of the financial dynamics of debt.

[5] Ikus, besteak beste, ondoko web orria: http://credec.daastol.com/index.html.