6.000 versus 200

Joseba Arregiri buruhauste handiak sortzen dizkio euskal identitatearen auziak. Eta ez dakit zergatik? Berak ez baitauka inolako arazorik bizi nahi duen nazio-identitatearen barruan bizitzeko: identitate espainolari darizkion hizkuntza, kultura eta naziotasunean bizi nahi baldin badu, ez baitauka zertan kezkatu. Bereak dira hitzak, eta bera dirudienez goxo bizi da Bilbo espainolduan: «No importa que cualquier paseo por Bilbao le lleve a uno a escuchar no pocas veces más el inglés o el alemán, o el francés e incluso el italiano que el euskera».

Zeintzuk dira beraz Arregiren kezkak egunkari honetan bertan argitaratu zuen artikuan? (De Euskalherria a Euskadi y de Euskadi…, 2007-5-22). Euskal nazionalismoak Euskal Herria-ren esanahia eta zen-tzua aldatu nahi omen du, jatorrizko dimentsio linguistikoari eta kulturalari dimentsio politikoa eransteko. Ez zaio bidezkoa iruditzen nazio kulturalaren izaera nazio politikoa bihurtu nahi izatea. Orain arteko nazio-estatu guzti-guztiek estatua bihurtzeko egin duten gauza bera egitea alegia: nazio bat, estatu bihurtu. Gurea bidezkoa ez baldin bada, Arregik badauka zer kritikatua munduan: egungo egunean munduan dauden 200 estatu inguruk oinarri-oinarrian prozesu horixe hezurmamitu baitute.

Euskara ez omen da Euskal Herriaren hizkuntza propioa, zuzen mintzatuta: «El mismo Estatuto de Gernika cayó en la trampa de denominar al euskera lengua propia de la comunidad autónoma, cuando lo correcto hubiera sido referirse a ella como lengua específica, porque el español es común a todo el Estado y a muchos países latinoamericanos». Arregiren ustez hizkuntzaren jatorria eta auzia Estatu-kontua dela ematen du, ez nazio-kontua. Hizkun-tzaren izaera Estatuaren arabera definitu behar baldin bada, zer egin behar dugu munduan dauden 6.000 hizkuntzekin; izan ere, bateko 200 estatu eta besteko 6.000 hizkuntza eta kultura ez daude oreka-harreman gozo-gozoan. Ez dirudi beraz irizpide zehatza eta etikoa denik hizkuntzaren izaera Estatu-egituraren argitan definitu nahi hori.

Gezurra badirudi ere, eta aniztasuna eta pluraltasuna ahotik kendu ezin duen gizonak, gaur egun indarrean dauden nazio-estatuen baitan ikusten du askotariko identitateen bermea. Adimen bihurritu samarra izan beharra dago, dudarik gabe, 200 (estatu) 6.000 (nazio-etnia) baino anitzagoak, pluralagoak eta demokratikoagoak direla sinesteko. Ideologia aldrebestua eta kamustua izan behar du gizakiak euskal identitatearen balioa Euskal Herria Herri Euskalduna izatean datzala ez jakiteko, eta munduko estatu bakan horietako pare baten egituran (des)integratuta hiltzea etnozidioa dela ez jakiteko. Zeren eta, aldeak alde, Arregi gogaide izango baitugu Iparraldeko Euskal Herrian demokraziaren eta askatasunaren eredu dugun Frantziak etnozidioa eragin duela baiesterakoan. Hegoaldekoan, bistan denez, ez luke halakorik onartuko, bere identitate espainolak ezin baitio hori berretsi.

Euskal nazionalistok gure herriko identitate-aniztasuna murriztu eta mugatu egin nahi omen dugu: «( ) quieren reducir la riqueza de la sociedad vasca, quieren limitar las potencialidades de la sociedad vasca. Porque ésta es más que lo que los nacionalistas son capaces de pensar en ella, es más rica, más compleja, más plural, más relacionada, más imbricada, más mestiza, más participante activamente en contextos culturales, lingüísticos y de tradición más amplios». Arregiren kontraesanak, bere arrazoibidearen zentzugabeak, ez dirudi mugarik duenik: alde batetik, Bilbo, inoiz euskalduna izana, gaur egun hiri espainoldua dela esaten digu, eta, beste aldetik, gure herriaren identitate-egitura nabarra eta askotarikoa dela sinestarazi nahi digu. Zertan gara, Euskal Herriko hiriburu eta herri haziak espainolduak daude edo ez daude, eta hala baldin badaude, zertan da gure herriaren identitate-oparotasun hori?

Gure pentsaera abertzaleak ez omen digu gaitasunik ematen identitate-auziaren ñabardurak hautemateko. Hori dio Arregik. Ideologia espainolak, aldiz, erraz eta aise atzematen ditu nonbait ñabardura guzti horien ezkutu-sakonak. Zein ideologia ote dago ordea, bietan, erabat kamustua eta agortua, nazio-identitatearen ñabardurak behar bezala ulertzeko? Ikus dezagun berriro ere Arregiren oinarrizko tesia: Euskal Herria Espainia edo Frantzia izanda, bertan espainolen edo frantsesen identitatea gauza «normala» bihurtuta, edota irizpide unibertsalagoa erabiliz, 6.000 etnia edo nazioren identitateak 200 estatutara murriztea eta makurraraztea, Euskal Herria edo mundua baliotsuagoa eta aberatsagoa eta askotarikoagoa izatea ote da? Zertan da identitate-oparotasun hori, UNESCO buru dela, mundu guztiak ikusi behar lukeen egitate totalitarioaren aurrean? Alegia, Arregiren bide proposamen-bidean, munduko hizkuntza, kultura eta herri-identitate gehien-gehienen patua heriotza izango litzateke. Zer balio eta aberastasun eskaintzen dio gure herriak munduko giza kulturari espainola edo frantsesa izanda? Aniztasunaren berezko balioa noren aldetik dago, munduko hizkuntza horiek guztiak 200 estaturen identitate-kartzeletan sartu nahi dituenaren aldetik, edo berezko aniztasun horien iturri diren milaka etnia eta nazio horien alde dagoenaren aldetik? Arregiren ideologiak aberastasuna eta identitate-balioak ikusten dituen lekuan, nik heriotza eta asmilazioa besterik ez ditut ikusten: etnozidioa, alegia, beste modu batera adierazita.

Eta bukatzeko, Joseba Arregiren kultura soziolinguistiko zorrotza islatzen digun iritzi bat: euskararen kasuan ere eskolako hizkuntza nagusia gizarteko hizkuntza-identitate nagusi bihurtu omen daiteke. Ikus dezagun: «Si el euskara es la lengua principal en la escuela, la identidad principal de los ciudadanos vascos es la vinculada a esa lengua». Honek aterako dizkigu babak eltzetik: mundu osoan ez dago adibide bakar bat ere gizartean hizkuntza diglosikoa eta minorizatua izan eta eskola-sisteman, berriz, hizkuntza nagusitzat harturik, herritarren identitate linguistiko nagusia eskolako hizkuntzaren araberakoa denik.