Bat / Bi

Bat

Errege baten pare
heldu da eskalea
pausatuki,
eskuan
dizdizka
urrezko zetroa
dakarrelarik:
eguzkiak
bete-betean jo
garagardo-lata.

Bi

Inoiz pentsatu dut
mundura umerik ekartzea
zeruaren aurkako krimen bat dela:
aingeru bat bahitu
eta bere erresumaz kanpoko
espetxe urrun batera
eramatea bezalakoxea…

Bai, baliteke gizakiok oro
aingeru eroriak izatea;
eta lumak zarpail, zikin, itsustuak,
trakets ibilera,
buru-bihotzak abaildurik
ibili ohi gara,
hiriko infernura
egokitu beharra izan duten
uso eta txolarreen antzera…