Hizkuntza eta errealitatea

Mariasun Landak eta Xabier Silveirak liburuak erdaraz argitaratu izanak izan lezake zerikusirik hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremanekin. Batak eta besteak emandako arrazoietan harreman horien ondorioak ageri zaizkigula iruditzen zait. Silveirak esana da «historia hura gaztelaniaz kontatzeko beharra sentitu nuen, (…) Beharbada ez da izango gizarte erdaldun honen isla besterik, ia bizitza osoa gaztelaniaz egiten baitugu, nahiz euskarazko hitzak jartzen dizkiogun». Espainieraz argitaratzeko Landaren azalpenetan, berriz, hitzotara laburbil dezakegu bere jarrera: «mundu hura erdaraz bizi izan nuen eta mundu hau birsortzeko erdara behar nuen».

Historia edo mundua dago alde batetik, errealitate soziolinguistiko jakin bat, eta beste aldetik, hizkuntza. Errealitate hori ez da euskarazkoa. Errealitate hori beste hizkuntza batean sortua eta eraikia dago. Espainolez eraikitakoa da. Horrek zer esan nahi du, besteak beste? Horrek, besteak beste, zera esan nahi du: errealitate soziala linguistikoa ere badela, ekonomikoa edo ideologikoa den bezalaxe. Horrek esan nahi du hizkuntzak ere sortzen duela errealitate soziala, hizkuntza ez dela errealitate hori komunikatzeko darabilgun tresna hutsa. Izan ere, errealitateak hizkuntzarekin zerikusirik ez balu, hau da, errealitatea eta hizkuntza bi gauza balira, eta hitza errealitatetik at dagoen zera balitz, ez zatekeen bi idazle hauen inguruan sortu den eztabaidarik sortuko.

Beraz, errealitate soziala eraiki egiten da eta eraikuntza horretan hizkuntza tarteko denez, errealitatea ez da ez-linguistikoa. Eta, jakina, errealitate soziolinguistikoaz ari garenean, ez gara soil-soilik hiztun komunitateaz ari, errealitate hori hiztunez gainera beste mila gauzez osatua dagoelako. Beste gauza horien artean gizarte modernoetan oinarrizkoa den kultura idatzia dago beste milaka eratako euskarritan jasoa eta operatibo bihurtua. Auzi hau oinarri-oinarrizkoa da euskararen eta herri euskaldunaren zoria begiz jotzerakoan. Gure begiek ez baitituzte gauza horiek horrela ikusten. Nola ikusten dituzte, orduan? Gure begien argitan errealitate soziala eta hizkuntza bi gauza dira, batak ez du zerikusirik bestearekin. Horrela, alde batetik errealitate soziala ikusten dugu bere osagarri guztiekin, eta, beste alde batetik, hizkuntza. Zer egiten du hizkuntzak gure begien argitan? Errealitatearen berri ematen digu, errealitatea irudikatzen eta islatzen laguntzen digu, ezagutzen ere bai, baina ez errealitate hori osatzen duen sistema soziokulturalaren barrutik, kanpotik baizik. Hala, ba, hizkuntza errealitate sozialetik at dagoen elementua edo komunikazio-tresna edo dena delakoa baldin bada, hizkuntza bat darabilgun lekuan ez dago beste bat zertan ez erabili. Hori da zentzu arruntak esaten diguna. Baina gauza horiek askoz konplexuagoak dira.

Zuzena eta egokia al da errealitatearen eta hizkuntzaren arteko harremana «kanpo» harremantzat definitzen digun hizkuntzaren ikuspegi hori? Nire iritzian, ez. Zergarik ez? Erantzuna eman aurretik, ikus dezagun Aitor Goikoetxearen pasarte hau: Koldo Izagirrek ez die ezer leporatzen Mariasun Landari eta Silveirari erdaraz idatzi dutelako; erdaraz zergatik idatzi duten emandako azalpenak ditu jomuga, biek ala biek, «kanpoko» faktoreetara jo baitute, hau da «errealitatera», aukera berena eta ez beste inorena izan den arren».

Tesi horren argitan, «idaztea ez da jardun naturala» eta beraz nork bere esku dauka zein hizkuntza aukeratu. Egia da, idazkuntza ez da jardun «naturala», baina euskaraz hitz egitea edo pentsatzea edo bizitzea ere ez da gauza naturala. Gauza kulturala, ideologikoa eta politikoa bihurtu da euskaldunarentzat euskaraz bizitzea. Bestalde, berez ez dago «kanpoko» faktorerik euskaraz idazteko, hitz egiteko eta bizitzeko jardunean, gure begien engainagarri, «kanpoan» ikusten ditugun faktore horiek «barruan» ere badaudelako. Gure identitatearen espainoltasuna edo frantsestasuna jadanik ez da kanpoko faktorea soilik, etsaiaren aldean eta alderdian bakarrik dagoena. Geure buruaren etsai bihurtu gara, eta etsaiaren kontra ez daukagu zer eginik, geure buruaren kontra ezer egiten ez badugu.

Idazteko ekintza, noski, bakarkako ekintza da, eta errazagoa da hizkuntzaren aukera egitea horrelakoetan, baina idazkuntza azken funtsean ekintza soziala da, eta darabilgun hizkuntza errealitatearen parte da. Hizkuntzaren hautua ez dago bi idazle hauek idatzi nahi zuten historiatik eta mundutik kanpo. Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko ditugun arazo berbera dago funts-funtsean idazletzaren jardueran: errealitatea eta euskara ez datozela bat, errealitate hori espainolez edo frantsesez sortua eta eraikia dagoelako.

Hitzaren jarduna, baldintza soziolinguistiko egokiak baldin baditu, errealitate soziala sortzeko eta eraikitzeko gai da. Eta gaitasun horrek ondo erakusten du idazlearen jardun bakartuak ere baduela gaitasunik literaturaren edo kulturaren mundua eraikitzeko. Baita baldintzarik makurrenetan ere. Baita hizkuntzaren (euskararen) eta errealitate soziolinguistikoaren arteko harremana guztiz etenda dagoenean ere. Bulebarren euskarak jai dauka. Baina sorkuntza bakanduaren eta bakartuaren efektuak ezin dira testuinguru nagusitik at planteatu. Euskal idazle baten Nobel Sariak ez digu herri euskaldunaren patua ezertan aldatuko, hemendik urruti ez dagoen beste herri batean aldatu ez zuen bezala. Hizkuntzaren izaera eta jarduna ez baita bakarka aztertzekoa, gizataldeari dagokion fenomenoa den bezainbatean. Hizkuntza funtsezkoa da komunitatearen bizitza soziala partekatzeari dagokionez, baina ez du halako efekturik eta ondorio praktikorik norbanakoaz den bezainbatean. Hizkuntzak ez dira hiltzen, David Crystalen iritziak gorabehera, azken aurreko hiztuna hiltzen denean, hizkuntza bizia hilda edo erdi hilda egon liteke nahiz eta milaka eta milaka hiztun sakabanatuta eduki. Euskara, adibidez, hizkuntza hila da euskal hiztun askoren eta askoren -agian , gehienen- aho-lumetan.

Horrenbestez, gure historia eta mundua hizkuntzazkoa ere baldin bada, espainieraz sortua eta eraikia dagoen errealitate batean euskaraz bizitzea ia ezinezko baldin bada -hemendik datozkio ia ezin gaindituzko eragozpenak euskararen berreskurapenari-, idazletzaren jardun soziala ere ez dago eragin horretatik at. Euskaraz jardutea ez delako batere naturala, kontrakarrean bizitzea inplikatzen duenez gero. Ghettoan bizitzera kondenatu gaituztenez gero. Eta euskaltzale batzuk izan ezik -Landa eta Silveira tartean-, herri hau ez bide dago kontzientziatua eta konbentzitua modu ez-naturalean bizitzeko. Euskaldunak naturala izatea erabaki du nonbait, eta hortik datozkigu komeriak.

* Joxe Manuel Odriozola Euskara irakaslea