Teoria zaharrak eta zorpetzea

Merkataritza-teoria ez da gehiegi aldatu azken urte hauetan. Alta, errealitate aldatu egin da oso.

Merkataritza-teorialari neoliberalek gobernuen esku-sartzearen aurka daude eta ondoko politika hauek bultzatzen dituzte: (i) industriaren, nekazaritzaren eta arlo publikoaren babesaren kontra; (ii) arlo publikoa saltzearen alde; truke librearen alde; kapital mugimenduen alde.

Halaber, neoliberalek, finantza-dependentzia, merkataritza-dependentzia eta dependentzia teknologikoa bultzatuz, herrialdeak zor-zerbitzuetan eta ordainketa-balantzaren hustubide kronikoetan uzten dituzte, inportazioak eta atzerriko maileguak ordaintzeko.

Ondorioz, nazioarteko errentak eta aberastasuna polarizatuz doaz. Finantza-dinamika osoa fenomeno exogeno gisa harturik, merkataritza-teorialariek mundu errealaren analisiak zenbait lobby-ren esku uzten dituzte.

Historian zehar, protekzionismoak lehiakortasuna, enplegua eta autosufizientzia (batez ere elikaduran) bultzatu ditu; alegia, kanpoarekiko dependentzia murriztu du. Aldiz, gaur egungo zientzia ekonomiko ortodoxoak babes-tarifak eta kapitalen kontrolak baztertzen ditu. Bestalde, Nazioarteko Diru Funtseko monetaristek bultzatuta, kanpo-zorrak ordaindu behar izateak moneta depreziatu egiten du eta merkataritza-trukeak gutxitu.

Moneta desbalioztatzen denean, inportazio-prezioak altxatzen dira, barneko prezio-presioei gehituz. Banku zentralek erantzun dezakete interes-tasak altxatuz, truke-tasa egonkortzeko. Baina interes-tasa altuekin prezioak gehiago handitzen dira. Kontua da interes-kargak negozioak egiteko kostuak direla, zergak diren moduan.

Oraindik nazioarteko merkataritzaren eta ordainketen teoriek ekonomia nazionalak funtzionatzen duteneko kontzeptuetan oinarritzen dira. Merkataritza-teoria rikardiarra, Marxen lan-indarraren teoria zein makroekonomia keynestarra ez dira batere lagungarriak gaur egungo munduan, non zorpetzea eta lan-indarraren gaineko zergak areagotuz doazen. Izan ere, merkataritza-teoria gehienek oraindik produkzio zuzenaren kostuei begiratzen diete.

Baina etengabe handituz doazen kostu ez produktiboak hartu behar dira kontuan. Gaur egun, etxeen kostuak (batez ere hipotekak direla-eta), banku-kredituak, gizarte segurantzarako aurrezki bortxatuak, erretiro-pentsioak eta osasun-asegururako kargak gero eta gehiago handitzen dituzte ez-ondasunen kostuak. Gainera, egun, finantza- eta jabego-kargek ondasun-esportazioen prezioak menperatzen dituzte, eta, hortaz, baita merkatu-terminoak ere.

Bestalde, gobernuek gero eta gehiago jartzen dute zerga-zama lan-indarrean eta industrian; eta finantza-burbuilak eta higiezin errealeko burbuilak bultzatu dira, non zorrek finantzaturiko erosketak kapital-inbertsio berrian itzaltzen baitira. Ondorioz, aldaketa berezi horiek produkzio-kostu-aren kontzeptua erabat konplexu bilakatu dute eta konplexutasun horri erantzun behar zaio.

Egunkari honetan jadanik ikusi dugunez, zor globala interes konposatuen bidez handitzen da, produkzioa eta kontsumoa handitzeko ekonomia errealaren gaitasuna gaindituz. Interesek eta beste karga batzuek errenta desbideratzen dute ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ordainketen fluxutik. Zor-zerbitzu hori galtze finantzarioaren eta fiskalaren modukoa da (ikus Hudson-en Saving, Asset-Price Inflation, and Debt-Induced Deflation, 2006).

Kontua ondokoa da: nahiz eta finantza produkzioan elementu kritikoa izan, egungo kreditu gehiena estraktiboa da, ez produktiboa. Ondorioz, alde batetik, inbertsio zuzena (kapital eraketa) eta, beste aldetik, espekulazioa bereizi behar dira. Espekulazioa jadanik existitzen diren jabegoan eta finantza-aktiboetan mugitzen da, kapital irabaziak lortzeko helburuarekin.

Erosketa-ahalmenari buruzko ohiko teoriaren arabera, truke-tasek ondasun-prezioak islatzera jotzen dute. Gaur egun, herrialde gehienetan, ordainketa-balantzak atzerritar inbertsioek menperatzen dituzte, hots, akzioetan, bonoetan eta higiezin errealean egindako inbertsioek. Hortaz, ondorioz, truke-tasen analisiak interes-tasak, atzerritar maileguak, eta higiezin errealerako, akzioetarako eta bonoetarako aktibo-prezioko inflazioaren nazioarteko tasak kontuan hartu behar dira.

Fenomeno berriak azaldu dira. 1980tik kredituen erraztasunak bono-merkatuko eta aktibo-merkatuko burbuilak ekarri dituzte, eta, segituan, higiezin errealeko burbuila globala. Finantzializazio globalak ohiko printzipioak hankaz gora jarri ditu. Ondasun-prezioko inflazioak inportazioetarako eta esportazioetarako lehiakortasuna gutxitzen du.

Ekonomiak gero eta finantzializatuagoak bilakatu diren heinean, errentaren handitzeak, jabegoak eta zor-kargek alokairu-abantailak berdintzera jo dituzte. Hortaz, nazioen arteko ondasun-prezioei eta lehiakortasun abantailei buruzko zor- eta jabegoko teoria berri bat beharrezkoa da, kostu ez produktibo guztiak kontuan hartzeko, zeintzuek prezioetan eta errenta nazionalean gero eta elementu garrantzitsuagoak eta eragingarriagoak diren.

Teknologia materiala muga nazionalen gainetik nahiko unibertsala den bitartean, zorra, finantza, zergak eta jabego-legeak ezaugarri instituzionalak dira, baita nazionalak ere. Nazio batetik bestera aldatzen dira. Ondorioztatzen da ezen nazioarteko ekonomia-zientziak begiratu behar dio gobernuaren politikak prezioei nola moldatzen dien.

Produkzio-funtzioetan eta lan-indarraren kostuetan oinarritutako ohiko merkataritza-teorien mundu simetrikoa ordezkatzeko, mundu asimetriko batek finantzaren eta zorraren analisi instituzional berri bat eskatzen du.

Izan ere, finantzaren eta jabegoaren gune instituzionalak exogenotzat harturik, aberastasuna eta oparotasuna gero eta mailegatze gehiagorekin lotu da, aktiboetan inbertitzeko, aktibo horien prezioak interes-tasak baino arinago haziz.

Ondorioz, nonahi zorren eta oso finantzializatutako prezio altxatzeen lasterketa gauzatu da, Adam Smith-en nazioen aberastasunaren kontzeptua pikutara bidaliz. Bide horretatik, ekonomiak hartzekodunen eta zordunen artean polarizatu dira, finantzializazioaren maila handituz joan den heinean.

Aipatu dugunez, zor eta jabego globala esponentzialki handitzen da, ordainketa-interesak aurrezkiei metatzen zaizkien eran, eta jadanik existitzen den jabegoaren kontra mailegu berri gisa birziklatuak diren arabera (eta ez produkzio-medio berrien inbertsioetan). Era horretan, interes-kargak eta errenta ekonomikoak ekonomiatik erretiratzen dira eta ondasun eta zerbitzuetarako merkatuak murrizten dira.

Ekonomien finantzializatzeak, aurreztaileen eta zordunen polarizatzeak, produkzio- eta kontsumo-ekonomia zorpetzeago bilakatzeak, horiek guztiok nazioarteko ekonomiari buruzko teoria berri bat eskatzen dute; bestela, jai.