Juan Martin Elexpuruk «Paleosardiniera eta euskara senide hurbilak izan daitezke»

elexpuruk1

Juan Martin Elexpuru, liburuaren aurkezpenean. / SARA SANTOS

‘Euskararen aztarnak Sardinian?’ liburuan, Italiako uharte hartako hainbat hitz aztertu ditu, euskararen antza dutenak, Juan Martin Elexpuruk

Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950) ‘Euskararen aztarnak Sardinian?’ publikatu du. Liburuan, gaur egun Italiako estatuko parte den uharte horretan aspaldi mintzatu zen paleosardinieraren eta euskararen arteko loturak eta antzekotasunak erakusten ditu. Euskal Filologian doktore da Elexpuru, eta ‘Bergara aldeko euskara’ publikatutakoa.

Nola jakin zenuen sardinieraren berri? Aspaldi?

Lehenengo Italiako Iparraldeko toponimiaz jakin nuen zerbait. Federiko Kruwigen ‘Garaldea’ irakurri nuen. Aspaldiko liburau da, 1977koa, oker ez banago, eta hor Krutwig Aosta, Piamonte eta inguru haietako toponimiaz mintzo zen. Gogoan gelditu zitzaidan, eta zerbait idazteko gogoa ere izan nuen. Baina sardinieraren eta euskararen arteko lotura horren arrastorik ez nuen batere, harik eta 2009an Luis Silgo izeneko irakasle eta arkeologo batek esan zidan arte: «Hi, hemen bazebilek Eduardo Blasco Ferrer izeneko katalana, irakaslea bera, bi hizkuntza hauek aztertzen». Jarri nintzen harremanetan Blascorekin, gero hiru bidaia nahiko luze egin nituen Sardiniara bertara eta konturatu nintzen hor bazegoela zerbait.

Blasco Ferrer ez zen aurrenekoa izan euskararen eta paleosardinieraren arteko harremana planteatu zuena, ezta?

Lehenago ere, hogeigarren mendearen lehen erdian izan ziren beste ikertzaile batzuk: Bertoldi, Wagner… Gaia ez zuten sakon landu, baina aipatu zituzten antzekotasun batzuk.

‘Gorosti’ hitza oso aipatua izan zen hasiera batean, ezta?

Bai, Sardinian ‘golosti’ esaten dute, edo ‘golostri’. Sardinia osoan ez da hala esaten, hala ere. Batez ere erdialde kontserbadoreenean esaten da. Beti egoten da hitz ikurren bat, eta hori izan zen, bai.

Eduardo Blasco Ferrer irakasle katalana hasi zen bi hizkuntzen arteko harremana aztertzen«Blascok nahi zuen bere hipotesiak izan zezala hemengo komunitate zientifikoaren babesa, eta ez zuen lortu»

Uharte hartan erdialdea menditsua da eta erromatarrek ‘Barbagia’ deitu zioten.

Bai, badakizu erromatarrek ‘barbaro’ esaten zietela latina egiten ez zuten herrialde guztiei. Asko kostatu zitzaien mendialde hori konkistatzea, bai kartagotarrei bai erromatarrei. Eskualde hori izan da ohiturak eta esentziak ondoen gorde dituena.

Blasco Ferrer hau nor zen?

Duela gutxi hil da, aurtengo urtarrilean. Alemanian egin zituen ikasketak, eta Sardinian bertan, Cagliariko unibertsitatean, hasi zen hizkuntzalaritzako irakasle.

Gaur egungo sardiniera nolakoa da? Hizkuntza latinoa da?

Bai, latinetik datorrena da. Esaten dute kontserbadoreena dela, bai fonetikan bai lexikoan. Latinaren antz gehien duena, alegia. Egoera soziolinguistiko txarra dauka, nahiz milioi bat hiztun diren. Biztanleen %70ek daki hizketan, baina ofizialtasunik ez dauka, ez da irakasten eskolan, telebistan ez dauka presentziarik… gazteek ulertzen dute, baina ez dute egiten.

Liburuan diozunez, Blasco etorri zen Euskal Herriko Unibertsitatera bere hipotesia defendatzera.

Hemen ez da sakondu nahi izan hipotesi hori. Blasco harremanetan egon zen Gasteizko Filologia fakultateko irakasle birekin, gero egin zuen hitzaldia Gasteizen. Nahi zuen bere hipotesiak izan zezala hemengo komunitate zientifikoaren babesa, eta ez zuen lortu. Areago: esan zioten hipotesi horrek ez zeukala ez buru eta ez hanka, eta toponimian-eta aurkitutako antzekotasun horiek homofoniak zirela, kasualitateak; munduko hainbat tokitan gertatzen diren kasualitateak, alegia.

Harrigarria da: hemen hedabideok ez dut uste paleosardinieraren hipotesi hau sekulan publikatu edo haizatu dugunik.

Blasco Ferrer 2011n etorri zenean hitzaldia egitera nahiko klandestinitatean pasatu zen. Eta gero, nik dakidala, inon ez da publikatu hipotesi hau. Egon dira telebistan pare bat dokumental, bata Hasier Etxeberriak egin zuena euskararen jatorriari buruz, bestea Xamarren ‘Euskara jendea’, eta batean eta bestean adituak mintzatu ziren euskararen jatorriaz, baina inork ez zuen paleosardinieraren gaia aipatu, ezta errefusatzeko ere.

Liburuan irakur daitekeenez, gutxienez berrogei bat hitz gelditu dira gaurko Sardiniako erromantzean, euskararen antza dutenak.

Gai hau ez dago behar beste sakondua, beharko litzatekeelako gaurko sardiniera eta euskara, biak ongi ezagutzen dituen jendea.

Eman adibide batzuk.

Bata, lehen aipatu dugun ‘golosti’ hitza. ‘Arroia’ (ura daraman arroila edo barrankoa’; ‘zerru’ (zerria); ‘sorighina’ (‘ruscus aculeatus’ landarea, gure herri batzuetan ‘erratza’ esan ohi zaiona, eta Oñati-Bergara-Eibarren ‘sorgin-itxuski’ eta ‘sorgin-ota’ esan zaiona. Badaude itzulpenak diruditenak ere; esate baterako, ‘betagin’ hitzaren etimologia begi-hagin dela ematen du, eta sardinieraz antzera gertatzen da, begia eta hagina lotzen dituen hitza dago han. Beste hizkuntzetan ez da hori gertatzen. Gauza hauek guztiak zalantzagarriak eta eztabaidagarriak dira, badakigu.

‘Sorighina’ landarearen adibide hori harrigarria da, bai.

Orain fantasiaren arloan sartuko naiz pixka bat. Ez dakigu oso garbi gure ‘sorgin’ hitzaren jatorria. Ez dakigu ‘sortu’ hitzetik datorren eta ‘emagin’ hitzaren halako sinonimo bat den, edo ‘zori’-tik datorren eta asmatzeko gai den pertsona adierazten duen; igarlea, ‘agoreroa’, alegia. Batzuek, berriz, esaten dute pertsona bera izaten zela emagin eta igarlea. Baina beno, lurralde zail batean sartzen ari gara…

Liburuaren izenburuak galdera-ikurra dauka. Zuk zer uste duzu, badagoela lotura bi lurraldeon artean?

Baietz esango nuke, ikusitakoak ikusita. Uste dut nahiko zantzu dagoela paleosardiniera eta euskara senide hurbilak direla pentsatzeko.

Sardinian zer diote? Ba al dago euskararekiko loturaren kontzientziarik?

Bai, sektore ikasian bai. Badira esaten dutenak sardiniarrak Mesopotamiatik etorriak direla, edo Anatoliatik, baina badago sektore bat sektore zientifikoena, serioena Euskal Herri aldera jotzen duena. Eta genetista batzuk ere azaltzen dira lotura honen alde. Muralak ere ikusi ditugu batzuk, Euskal Herria eta Sardinia lotzen dituztenak. Eta badakizu zer den han ikusgarria? Neolito garaiko monumentuak: trikuharriak, harri handiz egindako beste eraikin batzuk…

Genetikako aurkikuntza batzuk ere aipatu duzu liburuaren aurkezpenean.

Genetika zientzia zaila da ulertzen. ‘Haplogrupoa’ esaten diotena, Euskal Herrian asko ematen dena, han ere asko aurkitzen da, eta Barbagian are gehiago. Beti dago zalantza, Euskal Herritik hara joan ziren gizakiak, edo handik hona etorri ziren. Hangoek uste dute hemendik hara izan zela migrazioa, orain dela sei-zortzi mila urte.

Iruña-Veleiaz ere galdetuko dizut, oso murgildua baitzaude hango aztarnen benetakotasunaren defentsan.

Epaitegiko azken albisteak nahigabea ekarri digu hor gabiltzan guztioi. 2009an hasi ginen borroka horretan. Epaitegiaren erabakia oso mingarria izan da, zeren uste dugu ez dagoela Eliseo Gilen kontrako delitu-zantzurik. Ezagutzen dugu Ertzaintzaren txostena, zazpiehun orri dira, irakurri ditugu eta ez dago ezer Eliseoren kontra, eta ez beste inoren kontra ere. Pentsatzen genuen arrastoen benetakotasunaren auzia geroko utziko zutela eta Eliseo Gil libre geldituko zela behintzat, zortzi urteko torturaren ondoren, baina ez da hala izan. Benetako kalbarioa pasatzen ari da.

DIARIO VASCO

elexpuruk2