Joxan Artze: Zaharraz berri egin zuena

Joxan Artze idazle, txalapartari eta Ez Dok Amairu taldeko kidea hil da, Usurbilgo bere etxean, 78 urte zituela. 60ko hamarkadako kultur pizkundearen protagonista nagusietariko bat izan da

«Iturri zaharretik edaten dut,/ ur berria edaten,/ beti berri den ura,/ betiko iturri zaharretik». Kasik herrikoi bilakatzeraino zabaldu da Joxan Artzeren poema hori (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Usurbil, 2018), baina, kasu honetan, balio dezake kulturgintzan egin zuen ekarpena deskribatzeko ere. Ur berria edaten aritu zen Artze. Izan ere, funtsezkoa izan zen haren emaria 60ko hamarkadako euskal kulturaren pizkunde eta biziberritzean. Ez Dok Amairu mugimenduko kide, txalaparta berreskuratzearen bultzatzaile, diziplinen arteko zubigile, kanten hizgile eta idazle izan zen Artze, baita euskal kultura abangoardiarekin lotu zuen belaunaldi hartako izen nagusietariko bat ere, hasiera-hasieratik. Hala pasatuko da historia orrietara ere. Haren poemak esaten du: beti berri den ura, betiko iturri zaharretik. Gaixo eman zituen azken urteak, eta atzo hil zen, etxean, 78 urterekin, lau poema liburu eta txalapartari buruzko saiakera bat argitaragabe utzita. Hileta gaur egingo dute, 19:00etan, Usurbilgo parrokian (Gipuzkoa).

Erantzun modura sortu zen euskal kultura berritzeko mugimendu hura. Artzek berak hala azaldu zuen 1977ko Jakin aldizkarian. «Belaunaldi baten arte-adierazpideetako bat da Kanta Berri hau. Gure herriko beste artisten lanarekin ere ukan du zerikusirik, batez ere, Euskal Eskolako eskultore eta pintoreenarekin […]. Eta zer esanik ez ikastolen eta politik oldarraldiekin […]. Beste gerra bat galtzeak, gerra honetan burrukatu zutenen ondorengoak izateak, faxioak eta inperioak ezarritako zapalkuntzak, gure hizkuntza eta kulturaren egoera desesperatuak, mundu eta denbora honetan bizitzeak, etab., eta guzti honi nolabaiteko erantzun bat eman beharrak, esan dezakegu, bultza duela mugimendu hauen sortzea». Eta mugimendu orokor hartan Artzek beti izan zuen ahots propio bat.

Ez Dok Amairuren hasiera

«Nik uste izututa gelditu zirela», Artzek berak onartu zuen, irribarrez, eta egia zen. Harridura puntu batez ekarri zuten gogora Ez Dok Amairu mugimenduko kideek Artze ezagutu zuten eguna. Izan ere, Jose Antonio Sistiaga pintoreak utzitako magnetofoiarekin grabazio esperimentalak egiten zebilen orduan idazlea, eta garrasiak, oihuak eta intziriak grabatzen gogoratu zuen sortzailea Mikel Laboa abeslariak Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila liburuan. «Sistiagaren etxera iritsi ginenean, magnetofoi batean soinu arraroak grabatzen ari zen pertsona bat aurkitu genuen. JoseAnton Artze zen. Irteterakoan, zertan ari ginen galdetu zigun eta euskal kantagintzako talde bat sortzen ari ginela adierazi genion. Ordutik aurrera JosAnton gure taldera bildu zen».

Hain zuzen ere, magnetofoia utzi zion Sistiagaren bitartez hasi zen taldera hurbiltzen Artze, eta hala ezagutu zituen Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Nemesio Etxaniz, Joxe Mari Iriondo, Jose Antonio Villar eta beste hainbat. Haien bileretara joaten hasi zen berehala. Eta funtsezkoa izango zen haren ekarpena taldeak antolatutako ikuskizun ezagunenean ere: Baga, biga, higa izenekoan, hain zuzen.

Ez Dok Amairu taldea desegin zenean, ildo hori lantzen jarraitu zuen, gainera. Ikimilikiliklik ikuskizuna sortu zuen, esaterako, Jesus Artzerekin, Jose Mari Zabalarekin, Jose Luis Zumetarekin eta Mikel Laboarekin batera.

Kanta ezagun bilakatu dira hark idatzitako hitz asko, eta, besteak beste, hark sortu zuen Mikel Laboak musikatutako Txoria txori abestiaren testua ere.

Ura, iturria, eta egarria. Egarria ere bai. Egarri, batez ere. Handia. 1960ko hamarkadan, bere Vespa zaharra hartuta, Parisera bidaia egin zuen Artzek, atzean Jose Luis Zumeta artista zeramala. Etxez etxe papera jasotzen aritzen ziren han, eta pisuaren arabera saltzen zuten gero. Marrazkiak egiten zituzten espaloietan, eta hala ateratzen zuten bizimodua. Stockholmera bidaian jarraitzea zen asmoa hasieratik. Zumetak buelta egin zuen etxera, baina Londresera egin zuen lehenik Artzek, eta Suediara jarraitu zuen bidaian gero. Bi urte eman zituen han. Eta Euskal Herrira itzulitakoan heldu ziren liburuak, kantuak eta txalaparta.

«Iturri zaharretik edaten dut», dio poemak. Txalaparta desagertzear zegoen Joxan Artzek eta Jesus Artzek ezagutu zutenerako. Gertu zituzten, baina erabat ezezagun zituzten Lasarteko Migel eta Pello Zuaznabar anaiak. Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek filmatutako Pelotari pelikulari esker jakin zuten txalapartari haien berri, eta haiei ikasi zieten txalaparta jotzen. Eta nahitaezkoa da Artze anaien erreferentzia txalapartaren historiari buruzko liburu guztietan ere.

Txalapartaren gaurkotzea

Mugarri izan ziren Artze anaiak musika tresna hura eguneratzeko prozesuan. Ez Dok Amairuk egindako kantaldietan haiek jotzen zuten txalaparta, eta historiako lehen txalaparta diskoa ere haiek grabatu zuten, 1968an, Bartzelonan. Gehiago etorriko ziren gero, eta asmatu egin zuten, gainera, doinu haiek indarrean zen abangoardiarekin lotzen. John Cage, Luis de Pablo eta Grupo Zaj taldeko kideak liluratuta utzi zituzten, esaterako, 1972ko Iruñeko Topaketetan. Walter Marchetti olerkari abangoardistak ekoitzi zuen Artze anaien Txalaparta ’75 iraila diskoa, 1975ean, eta Luis de Pablo konpositoreak ere txalaparta hartu zuen Zurezko olerkia obraren ardatz, Alemaniako Bonn hirian egin zuen estreinaldian.

Baina esaten du poemak hori ere: berria ere, iturri zaharretik. «Ni ttakunaren inguruan ibili naiz beti, eta ez dut ttakunaz beste hizkuntzarik landu». Esperimentazioetan aritu arren, Zuaznabar anaiei ikasitakoa izan zuen beti oinarri Artzek. «Txalapartaren oinarria ez tresna, baizik eta ttakuna denez, teorikoki zernahiren gainean jo daiteke. Horregatik saio horiek guztiak. Baina azkenean, zur hotsak gizakiari oso hurbila zaion zerbait esaten dionez, zurarekin geratu ginen gehienbat».

Gain egin zion liburuari ere. Artzeren poesiari buruz aritzerakoan, «harrotasun nazionala» aipatzen du Koldo Izagirre idazleak, esaterako, Artzeri eskainitako XX. Mendeko poesia kaiera-ko hitzaurrean. Izagirreren hitzetan, zirrara eragin zuen Artzeren lehen liburuak Euskal Herrian. «Estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean. Harrotasuna nazionala izan zen. Abanguarda literaturan sartua genuen plastikaren eta ozentasunaren eskutik».

Liburu bat baino gehiago, artefaktu literario bat zen egiatan Izturitzetik Tolosan barru liburua. Europako abangoardia poetikoarekin txirikordatzen ziren Artzeren poemak lan hartan. Poesia espaziala, marrazkietan txertatuta doazen letrak, onomatopeiak, totelkatzeak, zaratak, xuxurlak… 1969. urtea zen. Eta egun ere irudikatzen zail diren artefaktuak argitaratzeko kapaza izan zen Artze orduan.

Baina ez oztoporik gabe.

Frankismo betean, zentsurarekin ere izan zituen arazoak. Jose Luis Zumeta artistarekin batera kaleratutako Laino guzien azpitik eta Eta sasi guztien gainetik liburuen edizioaren parte bat bahitu zien Guardia Zibilak. Gara egunkariko Gaur 8 gehigarrian ekarri zuen gogora une hura Artzek berak. «Dei anonimo bat jaso nuen udaletxetik, Guardia Zibila etxerantz zetorkidala abisatuz. Atzeko atera jo nuen, eta han ikusi nituen. Etxera sartu, liburuak eskatu eta begiratzen hasi ziren». Artzeren poemekin batera, Zumetak sortutako ehunka txori ere bazituen liburuak, eta horregatik tenientearen nahasmena. Orriak pasatu ahala, gero eta nahasiago polizia. «Txoriak… txoriak… txoriak… txoriak… txoriak…». Madrilen egin zieten epaiketa, baina libre atera, eta Usurbilera bueltan eraman zizkieten bahitutako aleak.

Ez zen anekdota hutsa. Estua zen giroa. Joan Mari Torrealdaik Artaziak liburuan bildu zituen Artzeri buruzko zentsoreen hitzak. «Azaltzen diren sentimenduei erresumina eta ezinikusia darie, eta, noski, euskal herriaren independentzia eta autonomia lortzearen aldeko ideia gaixo horiek guztiak sustatu nahi dituzte». Hori giroa.

Suak erretako liburuak

Bi sasoi bereizi daitezke, halere, Artzeren literaturan, eta suak bereizten ditu biak. Belen Oronoz literatur ikerlariak ere egiten du bereizketa hori Josanton Artze ‘Harzabal’: inguruaren eragina poesiagintzan (1969-1979) liburuan. Harzabal goitizenez sinatzen zuen garaian «kanpotik barrura» ikusten idazten zuela esan izan zuen Artzek, eta «barrutik kanpora» gero, Hartzut sinaduraz idazten hasi zenean. 39 urterekin jainkoan sinesten hasteak ere izan zuen eraginik estilo aldaketa horretan. Eta, esan bezala, suak ere bereizten ditu bi aro horiek. Hala azaldu zion BERRIA egunkariari idazleak berak, 2014. urtean. «Bihotzberritu nintzenean, saldu gabe geratzen zitzaizkidan liburu guztiak erre egin nituen, ez zitzaidalako zintzoa iruditzen ordutik gehiago ados ez nengoen zenbait testu jendartean zabaltzea, nahiz eta jakin hori eginik dirua irabazteko aukera galduko nuela, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste editoreei bezala, liburu bakoitzetik ehun ale erosi behar baitzizkidan, liburutegiak hornitzeko».

Sei poema liburu ere antolatzen zebilen azken urteetan Artze. Panel handi batzuetan iltzatuta, poemak sailkatzen eta elkarrekin lotzen aritu zen, eta lan horren emaitza dira haren azken bi poema liburuak: Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar). Hala azaldu zuen prozesua Artzek berak Bizitzaren atea dukegu heriotza-ren hitzaurrean. «Garbi nuen, libururatzeko orduan ez zela aski olerkiak olerki izatea, eta behar adina zaindu gabe edozelan elkartzea; hauen elkarkera ere poetikoa behar zuela izan».

Kasu honetan ere, balio dezake Artzek argitaratu zuen azken liburuko azken orriko azken poemak Artzeren agur modura. «’Partitzeko tenorea huna nun den jina…’/ banoa, baina ez noa,/ zurekin nauzu, elkarrekin izango;/ joan beharra, etorri ahalko bagara berriro…».

Berria