Kataluniak estatu gisa jokatzen du

Joan den abuztuan, baretasun larria aurreikusten zen, Kataluniak urte politikoari ekin eta urriaren 1eko erreferendumaren atariko asteei aurpegi eman baino lehen. Baina inork ez zuen irudikatuko Bartzelonan eta Cambrilsen abuztuaren 17an gertatu ziren atentatu jihadista ikaragarriek zapuztuko zutenik sasi-oporraldi hori. Halako gertaera batek dakarren hondamendia benetako estres proba bat izan da Kataluniako Gobernuarentzat eta gizarte zibilarentzat.
Udako arratsalde hartan, salafismo erradikalak ustekabean harrapatu zituen Ramblak, eta mundu osoko pertsonak izan ziren biktimak. Herritarrek modu eredugarrian erantzun diote halako astinaldiari: bakea eta kohesio soziala eskatuz. Baina orduek aurrera egin ahala eta gertakariak erreskadan gertatu ahala, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka estrukturala azaleratu zen. Duela hilabete batzuetatik ohartarazia zuten, esaterako, mossoak bidegabeki inoreztatuak izaten ari zirela hainbat erakunderen guneetan, bai eta terrorismo islamikoari zegokionez abiaraziak zituzten hainbat ikerketatan ere. Ez da gauza berria Rajoyk eta hark atzean duen egitura korapilatsuak edozein abagune baliatzen dutela Kataluniako botere betearazleari eta legegileari hegoak mozteko. Hala nola Barne Ministerioak ahalik eta gutxienera murriztu ditu aurrerantzean sortu beharreko postuak Kataluniako Polizian, eta Estatuko Segurtasun Batzordea biltzea ere saihestu du, garrantzi handiko informaziorik ez ematearren Kataluniako Poliziari.
Tragediaren eraginez, eta informazio urria izanagatik ere eskueran, Mossos d’Esquadrako kideek enpatiaz, garden eta berehala erantzun zuten, eta sare sozialak erabiliz minutuz minutu eman zuten atentatuen inguruko albiste guztien berri. Horrek lasaitasuna eta segurtasuna eman zien herritarrei, harri eta zur eta izu-ikaratuta baitzeuden gertatu berri zenarengatik. Horrez gainera, astebeteren buruan, osorik desaktibatu ahal izan zuten zelula jihadista. Bien bitartean, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak ezin sinetsirik eta amorraturik begiratzen zieten gertakariei, eta ikerketetan zarata egiten ahalegindu ziren, eta komunikatu jeloskorrak azaleratzen. Espainiako kobazuloko komunikabideen etengabeko intoxikazioa gorabehera, nazioarteko komunitateak miresmenez ikusi du Kataluniako erakundeek zein azkar erantzun duten. Europako egunkari nagusietako batzuek —The New York Times, The Wall Street Journal, BBC, The Guardian, Frankfurter Allgemeine Zeitung…— titulutara ekarri dute ezen Kataluniak estatu baten moduko autonomiaz eta erabakimenez jokatu duela aste hauetan guztietan.
Joan den asteko manifestazioan, herritarrak bakearen alde agertu ziren, baina, aldi berean, nabarmendu egin nahi izan zuten errege baten eta haren gobernarien hipokrisia, zeinak Katalunian paseatzera agertu baitziren, nahiz eta aldi berean arma erosle nagusi diren herrialdeetako agintariekin biltzen diren, eta egunak joan eta eguna etorri armen industria sustatzen duten. Elkarretaratze horretarako deialdiak ez zirudien egokiena ere, eta eragile politiko bakoitzak bere soslaia markatu nahi izan zuen. Ada Colau Bartzelonako alkateak argi egin ziezaion utzi zion Espainiako erregeari, eta ohore guztiak egin zizkion. Junts Pel Sik bere harrotasuna adierazi nahi izan zuen, eta gobernatzeko duen gaitasuna. Bestalde, CUPek eztabaida tirabiratsu bat izan zuen manifestazioan agertzearen inguruan, segurtasun indarrei eta erregeari egindako gur moduko bat izan zitekeelakoan. Seguru asko, perspektibaz, konturatuko gara azken garai hauetako abagunerik hauskorrentako bat izan dela, zeinean edozein keinuk eragin zuzena izan baitzezakeen erreferendumaren emaitzan. Espainiako Gobernuarentzat aitzakia bat izan bazitekeen ere armada «kolonia katalanean» lurrera zedin, azkenean bere buruarekiko konfiantza eta sendotasuna eman dio Kataluniako Generalitateari.
Alde horretatik, azken bi hilabete hauetan, Kataluniaren erreferendumerako prozesua gai izan da, batetik, barne oztopo bat gainditzeko —gobernuaren krisiaren eraginez, azkenean, Generalitateko hiru conseller kendu behar izan dituzte kargutik, PDECatetik zetozen haiexek—, eta, bestetik, kanpo oztopo bat gainditzeko —Rambletan izandako gertaera lazgarriak—. Sektore independentista bere historiako garairik korapilatsuenean dago oraintxe, baina, aldi berean, sekula baino indartsuago eta batuago dago. Esaera zaharrak dioenez: ez da gaitzik, onik ez dakarrenik.
Baina oztopoez harago, trantsizio juridikorako legea berriki tramitatu izanak eman die independentistei behar zuten ilusio eta itxaropen dosi doia. Oraingo honetan, berme guztiak izango ditu erreferendumak, eta benetakoa eta bete beharrekoa izango da. Testu bat argitaratu berri dute non zehazki azaltzen baita nola egingo den legegintzaldi aldaketa, baldin eta urriaren 1ean independentismoaren aldeko botoak irabazten badu, eta, horren bidez, izkin egin dakieke politikaren driblin laburrari eta erreferenduma antolatzeak dakartzan jukutriei. Hala, bidea errazten da egoerari ikuspegi holistiko eta itxaropentsu batetik begiratzeko, erreferendumaren biharamunean jarriz begirada. Aste honetan, bada, Junts Pel Sik eta CUPek are sinesgarritasun eta zilegitasun handiagoa eman diote hilabete barruko deialdiari. Kataluniak orduantxe egingo ditu, azkenekoz, estatu baten gisa jokatzen ari delako plantak. Baldin eta katalanek berretsi egiten badute Espainiaren garroetatik libratzeko duten borondatea, urriaren 2an Katalunia estatu bat izango da.

BERRIA