Lurralde Historikoen genesia

Ez dago zalantzarik. Nabarraldek ekoiztu duen “Orreaga 778-824” dokumentalak izan du eragin politikoa. Zeren eta Eskubide Historikoen genesia justifikatzeko Euskal Herrien sortze instituzionala Foru, Lurralde Historiko edota Karlistaldietan oinarritzen zutenek atzera jo behar izan dute historian. Orreagaraino. Baina ahalegin horretan historiak berak kale egiten die.

Izan ere, euskaldunon subjektutasun politikoa argudiatzeko ez da gauza bera esatea gaur ezagutzen ditugun probintziak, gutxi gorabehera, betidanik existitu eta subjektu direla Gaztelarekin Foruak hitzartzen zituztelako edo hemen herri bakarra dagoela, herri honek estatua izateko oinarriak Orreagan jarri zituela eta Gaztelako erresuma sortu baino lehenago ere euskaldunon egitura politiko subiranoa ezagutua zela Europan: Nafarroa.

Ados gaude esaten denean “Zantzu guztiek adierazten dute VI-VII. mendeen aurretik badela Pirinioen  Mendebaldean nolabaiteko batasuna: hizkuntza komunaren erabileran eta bi erresuma indartsuen arteko muga-lurren defentsan, godoen eta frankoen aurrean hain zuzen ere.”

Mende horien ondoren, erromatarren garaitik baskoiak bezala ezagunak ziren euskaldunek, “nolabaiteko batasuna” izan zuten egitura politikoan ere: Baskonia-Akitaniako dukerria (602-824). Batzuetan, frankoen mende (Karlomagnok, Pirinioetako iparraldean bizi ziren baskoien lurraldeaz jabetu ondoren, Akitaniako errege izendatu zuen bere burua); beste batzuetan, berriz, euren kabuz borrokatzen dute frankoen erresumaren kontra, astur-leondarren kontra eta 711n iritsi ziren arabiar inperioaren kontra.

Azken hauek agertzen direnean katramilatzen dira historiaren bertsioak. Aipatutako Nabarralderen dokumental historiko horretan modu oso didaktikoan azaltzen dira garai horretako gorabeherak nola gertatu ziren. Batetik, Erromako enperadoreak kristautasuna zabaltzearen xedez frankoen eta asturren erresuma bultzatu zituen; bestetik, Damaskoko Kalifa Hispaniako arabiar armadaren babesle izan zen xede berberarekin, baina Islama zabaltzeko. Erdian, baskoiak. Batzuk kristautuak eta beste batzuk musulmanduak.

Aznar konde baskoiaren eta Eblo beste kondearen laguntza zuela Karlomagnoren biloba Pipiniok porrota jasan zuen 824an, bere aitonak jasandako leku berean eta baskoien armada berak eraginda. Baskoi aristokraziako Aritzatar kristautuak eta Banukasitar musulmanduak biak ala biak bat eginda irabazi eta hasiera eman zioten Iruñeko Erresumari, Eneko Aritza errege izendatuta.

Batzuek erlijio gerra ikusi nahi dute soilik gertaera horietan, baina zentzuz eta logikaz begiratuz gero, argi dago garai hartako baskoiek lurraren defentsarako antolaketa lehenetsi zutela bestelako arrazoien gainetik. Erresuma propioa sortu zutela alegia. Orreagan sorrera izan zuen baskoien Estatu txiki haren eragina zabaldu egin zen ondorengo mendeetan, baskonia-akitanian nolabaiteko batasuna izan zuen egitura politikoaren lurretan. Antso III. Nagusiaren erreinuan gailurra jo zuen arte.

Iruñeko errege Antso III. Nagusia (1004-1035) garaiko errege indartsuena izan zen. Euskal mintzairaren lurraldeak bere agindupean izateaz gain, Gaztelako konderria eta Leongo erresuma ere bere babespean zituen hil zenean. Ñabardura hori baliatu izan dute batzuek Antso errege baskoia “Rex Hispanicus” bezala aldarrikatzeko. Orain, Lurralde Historikoen genesia justifikatzeko aldarrikatu nahi dute beste batzuek “En definitiva, cuando en el siglo XI el rey navarro Sancho III el Mayor aglutinó las tierras de habla vasca en la monarquía de Pamplona, los territorios históricos eran una realidad, aunque faltaran todavía varios siglos para que éstos adquirieran los contornos actuales y se dotaran de las instituciones y fueros que, adaptándose a los tiempos, se han mantenido hasta la actualidad.”

Historia, ordea, egoskorra da oso. Antso III.a Nagusiaren testamentuak euren esku utzi zuen leondarren geroa; bigarren semeari egokitu zitzaion Gaztelako konderria 1029an, osaba kondea oinordekorik gabe hil zenean. Eta maiorazkoaren, Gartzes III. Naiarakoaren, agindutara jarri zuen baskoien erresuma osorik, Errioxa barne. Ondoren, Gaztela-Leongo erresuma erasokorren bortizkeriak, mendez mende, baskoiek sortu eta egituratutako Europako Estatua zatikatu, probintzietan banandu eta bere alde jarri ziren jauntxoekin foruak sinatu zituen, gaur egun arte.

 

Nabarralde-k argitaratua