Aurrean zer daukagun ez dakigularik

Iñaki Uriak laburtu zuen Hitza-n, esaldi xume batez, gure tragedia nagusiaren muina: «Espainian ez gaituzte hiritar bezala tratatzen, etsai bezala baizik». Esaldia latza da, guretzat erabat tamalgarria den ifrentzua daramalako bere baitan: «Euskal Herrian ez ditugu etsai bezala tratatzen, hiritar moduan baizik».

Gaizki gabiltza ekuazioari buelta ematen ez badiogu, eta etsaitzat gauzkana guk kide eta kolaboratzaile moduan tratatzen dugun bitartean. Politikan ezinbesteko zeregina baita etsaia ongi definitzea, zehaztea, eta horren araberako tratua eskaintzea; aurreneko lana da, zorrotz eta sakon egin beharrekoa, inoiz galdu gabe gure estrategiaren horizontean etsai horren muina. Gu suntsitzeko dauzkan tresna ageriko eta ezkutuen zerrenda egin behar da, eta defentsa parapeto ideologikoak eta legalak eskuratu.

Oraintsu, Lander Garrok azpimarratu du BERRIAn euskal idazleek errealitatearekin daukaten distantzia, gauza interesgarri askoren artean hau esanez: «(…) Denok dakigu zer esan behar dugun, eta zer ez. Eta, kasu honetan, bereziki geure gaiaz ari naiz, Euskal Arazo deitzen duten baina finean Kolonizazioaren Arazoa den horretaz».

Iñaki Iriondok estatu espainolaren erradiografia zehatza egin zuen Gara-n 2011ko artikulu batean. Bigarren puntuan Epaitegi Gorena salatzen zuen, Euskal Herriaz dauzkan erreferentziak mediatizatuak daudela esanez, «koloniala izan litekeen ikuspegi batetik».

Gero eta ugariagoak dira kolonizatuta gaudela dioten ahots kualifikatuak; baina bestetik jarraitzen dugu funtzionatzen askeak bagina bezala, Espainian berdintasun eta normaltasun egoeran gaudela sinetsita, eta ez kolonizatuen gisan. Horrek esan nahi du baieztapen historiko bati, mendeetako akulturizazioaren lainoetatik berreskuratu dugun argi izpi horri, ez diogula formulazio politikoa eman. Euskaldunok ez garela, oraindik, demos bat osatzeko gauza izan, eta gure ahalmen analitikoak ez duela egunerokotasuna zipriztintzen. Batzuek «euskizofrenia» ere deitzen diote.

Gauzak esaten ditugu, baina gero ez dugu horren arabera jokatzen. Gure iritziak, ideiak, ez dira eguneroko jardunean gauzatzen, ez dute diskurtso politiko sendo, borobil eta koherentea artikulatzen. Gure ikuspuntuak ez dira metatzen, pilatzen, haien araberako jarrera eta erabaki politikoen ongarri bihur daitezen. Eta hau gertatzen da, nagusiki, estrategia propiorik ez daukagulako, estrategia globala, nazionala, bateratzailea, osotzaile eta osatzaile, iragana eta oraina zentzuaren hariaz bilduko dituena. Hori gabeko herria etsaien estrategiaren mende geratzen da modu anker, lotsagarri eta negargarrian, barne-dinamika irabazle baten muina inoiz elikatuko ez duten ekintzak eginez, han-hemenka barreiatuak geratuko direnak, euritan desegindako malko ospetsu haien antzera.

Kolonizazioa ez da, preseski, lurralde urrunetan soilik gertatzen; hemen bertan gertatu zen, konkista odoltsu baten ondorengo okupazioaren bitartez, gure erakundeak deuseztatuta, inbasioari aurre egin zutenei lurrak kendu eta bertako biztanleen hizkuntza, euskara, gurea, debekatu zutenean. Hau ikusten, definitzen eta kontatzen ez badakigu, gaizki ibiliko gara.

Kolonizazioak jarraitu egiten baitu, beste tresna batzuk erabiliz, modu gorde eta xumeagoan, baina legediaren eraso-indar basati berarekin. Saiatuko dira gu nahasten, entretenigarri izango zaizkigun arazotxoen amuak behin eta berriro gure aurrean ipiniz, udaletako bandera espainolak direla, ETBko mapa eta beste asko, haien makinaria akulturizatzaileak etenik gabe plazaratuko dituenak.

Akulturizazioari hiperkulturizazio batekin egiten zaio aurre; ez liburuetan murgilduz soilik, baizik eta esplikazioak emateko dauzkagun plaza guztiak horretarako aprobetxatuz: hedabideak, elkarrizketak, parlamentuak, udalak, sare sozialak, denak. Horregatik hatsik gabeak iruditzen zaizkit telebistatzen dituzten euskal parlamentuko eztabaidak, mamiz labur, sakontasunik gabeko saio kamutsak. Pedagogia gehiena behar dugun unean, antipedagogia hedatzen dugu maiz.

Independentzia da kolonialismoari eman zaion erantzuna munduan zehar. Herri independente batek etsaitzat definitzen du okupatzailea. Autonomismoa, aldiz, zapaltzailea gure kidetzat onartzea da; gure arazoa konpontzeko berarekin itunak egitera garamatza. Eta autonomismoaren ezaugarria da urtean zehar bizpahiru egun gordetzea independentzia aldarrikatzeko: azkena pasa den igandean izan dugu; azken-aurrekoa abenduaren 6an; hurrengoa Salburuan.

Tristea egiten zait ikustea abertzaleen ikuspegi diskurtsiboa gehienez ere Gernikako bonbardaketaraino iristen dela, ahazturik Gernikan ez zela Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko gerrarik erabaki, Espainiako faxista errebeldeen eta errepublikar legitimoen artekoa baizik; Espainiaren gerra izan zen, eta euskaldunen indar legitimoa Espainiako Errepublikaren alde odolustu zen, ez Euskal Herriko independentziaren alde.

Sasi kontzeptualak garbitu, eta lupetz artetik gure urguilua eta herriarekiko maitasuna modu natural batean erreskatatzen ez ditugun arte, hemen ez da normalizazio politikorik gertatuko. Munduko biztanle guztiek nahi dute bere nazioarentzat onena, alegia: independentzia, soberania, buruestimua eta errespetatuak izatea.

Hori adieraztea litzateke lehen pausoa; bigarrena hori ukatzen digunari mozorroa kentzea, kolonialista eta inperialista dela esatea. Horretara ausartuko bagina, herri honek sekulako aurrerapena egingo luke etorkizun duin baterako bidean. Kontzeptuak herritarren burmuinean biziko badira esan egin behar direlako. Esaten ez dena ez da existitzen. Baina esaten dena praktikan jartzen ez bada, arazoak bere horretan jarraituko du.

Julen Arzuagak honela definitu du Frantziako espetxe politikak Xabier Lopez Peñari eman dion tratua: «Ez da humanitate, ez diplomazia, ez politika». Beraz, nola tratatu behar dugu guk gure kolonizatzaile andana, hiritar gisan, naziogintzan: kide, ala etsai moduan?


http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-07/004/001/aurrean_zer_daukagun_ez_dakigularik.htm