Gazteluak bisitatuz historia ezagutu

‘Nafarroako Gazteluetarako ibilbideak’ izeneko gida liburua argitaratu du Juan Mari Feliuk. Mendizaletasuna eta historia uztartu ditu: Nafarroaren konkistan euskarri izan ziren hainbat gazteluren xehetasunak bildu ditu.

Gaztelu bakoitzari buruzko informazio zehatza eskainiko dio liburuak irakurleari. Irudian, Muskizko (Bizkaia) San Martin auzoko Muñatoez gaztelua. / LUIIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Mendiko oinetakoak jantzi, oinez abiatu, eta metroak aurrera egin ahala, mendeetan atzera egiteko aukera paregabea izango du aurrerantzean hala nahi duen orok. Nafarroako Gazteluetarako ibilbideak izeneko gida liburua argitaratu berri du Juan Mari Feliu idazleak, Nafarroa Bizirik egitasmoaren barruan. Nafarroako Erresumaren konkistan euskarri izan ziren hainbat gaztelu dira protagonista liburuan. Zehazki, hamabost gazteluren inguruko xehetasunak bildu ditu Feliuk 200 orritan. Historia herritarren eskura jartzea izan du helburu: «Herritar askok ez dakite nondik gatozen ere, eta egoera horri buelta eman behar diogu. Gazteluetako harriak gure eskuekin ukitzeko aukera eskaintzen du liburuak».

Nafarroako Erresumaren historia gertu-gertutik ezagutzeko aukera izango dute irakurleek, beraz. Mendiko haize freskoa arnastuz, gainera: «Liburua ezin daiteke etxean eserita irakurri. Irakurlea derrigortuta dago gazteluak bisitatzera. Mendizaletasuna eta historia uztarri berean lotzen ditu liburuak», adierazi du Feliuk. Gazteluetarako ibilaldiak Feliuk berak idatzi ditu; hamabost, guztira: Zaitegira, Untzuetara, Malvecinera, Aitzorrotzera, Beloagara, Mendikutera, Irulegira, Iruritara, Zangozako Castellonera, Orarregira, Oihanara, Gergara, Iberora, Bastidara eta Garruzera.

Gaztelu bakoitzaren ibilbideari bi orriko historia erantsi dio, berriz, Pello Guerra historialariak —Iñaki Sagredo eta Joseba Asiron historialariek ere parte hartu dute liburuan—. «Dokumentazio lana aurrez egina zegoen. Gehienbat ondorioak idatzi ditut nik», adierazi du Guerrak.

Gazteluak aukeratzerako garaian, bi irizpide izan ditu kontuan Feliuk. Alde batetik, hainbat lurraldetan sakabanaturik egotea, eta, bestetik, gazteluen askotariko egoerak erakutsi nahi izatea. Besteak beste, badira indusketen bidez zein auzolanari esker ahanzturatik berreskuratu dituztenak (Aitzorrotz, Irulegi, Beloaga…), erabat ezezagunak ere ez dira falta (Bilboko Malvecin gaztelua, Zigoitiko Zaitegi…). Modu berean, mendi tontorretan daudenak ere bisitatu ahalko dira: Untzuetako Gerga eta Urdiaingo Irurita, esate batera. «Herri gotorlekuak izan ziren gazteluen nondik norakoak ere sartu ditut gida liburuan: Nafarroa Beherako Bastidarenak, adibidez», esan du Feliuk.


Beloaga gaztelua mendi kasko batean dago. / BERRIA

«Gerorako, iragana ezagutu»

Bistan denez, denetariko gazteluetan barrena ibiltzeko parada dute herritarrek. Feliuren hitzetan, guztiek dute ezagutu beharreko altxorraren bat, eta ahalik eta gaztelu gehienetara joaten saiatu beharko luke jendeak. Irulegira, behintzat, bai: «Beste gaztelu batzuek ez bezala, Irulegik ez zuen 1512ko konkistan parte hartu, eta agian, horregatik, ospe gutxiago dauka, baina oso garrantzitsua izan zen bere garaian. Pirinioetako hegoaldeko bideak kontrolatzeaz gainera, Iruñerriko eskualdearen mugak ezartzen zituen XIII. mendean».

Halako informazioa eta gehiago aurkituko du irakurleak liburuan. Guerraren esanetan, bat baino gehiago harrituta ere geratuko da, ez dakizkien kontuak irakurriko dituelako: «Liburuan ageri diren gazteluak ez daude Nafarroan soilik, Euskal Herri osoan baizik. Orduko Nafarroako Erresuma oraingo Nafarroa baino askoz handiagoa zen. Ordea, Gaztelaren konkistaren ondorioz murriztuz joan zen». Jende askok oraindik ez dauka historia horren berri, Guerraren esanetan, eta, horregatik, uste du ezinbestekoa dela liburua eskutan hartuta ibilaldiak egitea: «Politikari askori ere komeniko litzaioke ibilaldiak egitea. Oraindik bada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroako Erresumaren parte izan ez zela esaten duenik!». Geroa eraikitzeko, gainera, derrigorrezkotzat jotzen du iragana ezagutzea: «Gazteluak konkistaren biktima izan ziren; beraz, sekulako balioa dute. Etorkizuna eraikitzeko historia ezagutu behar dugu lehenbizi».

Eta historia ez ezagutzeko ez dago inolako aitzakiarik, edonork egiteko moduko ibilaldiak prestatu baititu Feliuk. Asko jota, hiru ordukoak. «Familiarekin edo lagunekin joateko aproposak dira. Igande baterako ez dago plan hoberik». Xehetasun guztiak liburuan idatzi ditu: zenbateko bidea dagoen, nondik joan behar den, mapa bat, zein arropa komeni den eramatea, inguruan jatetxerik edo antzekorik ba ote dagoen… «Paisaia kontuan hartzen ahalegindu naiz, eta toki politak hautatu ditudala iruditzen zait. Gaztelu gehienak kultura aldetik aberatsak ere badira».

«Ongi ari gara lanean»

Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatzeko, gotorleku, dorre eta gaztelu guztiak eraisteko agindu zuen. Erabaki horrek asmo bikoitza zuen: batetik, Nafarroa babesgabe uztea, eta, bestetik, herritarren artean etsipena zabaltzea. Gaztelakoen teknika oso eraginkorra izan zen, Feliuren arabera, orain gutxira arte inor gutxik ezagutzen baitzuen Nafarroako Erresuma zaharra defenditu zuten gazteluen sarea. Ordea, gogor ari dira lanean, eta hori guztia argitara ateratzeko, hamaika egitasmo abiatu dituzte azken urteetan. Iaz, esate batera, erresumako gazteluak identifikatzeko mugarriak jarri zituzten hainbat tokitan. Orain gida liburua plazaratu dute, eta gerora ere bide beretik jarraituko dute: «Irailean txangoak egiteko programa bat argitaratuko dugu».

Iñaki Sagredo. Historialaria

«Egungo lurraldeen mugen gainetik daude gazteluak»

J. Eskudero


Gaztelu bakoitzari buruzko informazio zehatza eskainiko dio liburuak irakurleari. Irudian, Muskizko (Bizkaia) San Martin auzoko Muñatoez gaztelua. / LUIIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESSJAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

 

Nafarroako Erresumako gazteluei buruz inor gutxik jakingo du Iñaki Sagredok baino gehiago (Irun, Gipuzkoa, 1967). Erdi Aroan hainbat gaztelu egonagatik, orain urte batzuk arte ahanzturan zeuden ia denak. Hain zuzen ere, Sagredok liburu bat kaleratu zuen arte: Nafarroa. Erresuma defenditu zuten gazteluak. Lan itzela egin zuen, gazteluetako historia eta bizimodua nolakoa zen ekarri baitzuen gogora. Orain, berriz, Nafarroako Gazteluetarako ibilbideak liburuan parte hartu du. Urteetan bildutako jakinduriatik abiatuta, konkistan garrantzitsu izan ziren gazteluen nondik norakoak idatzi ditu.

Zehazki, zer gogoeta egingo du zure artikulua irakurtzen duenak?

Hiruzpalau orri besterik ez dut idatzi. Hortaz, oinarrizko kontuak aipatu ditut. Gehienbat gazteluetako tipologia nolakoa zen azaldu dut: nola eraikita zeuden, zer zentzu zeukaten, defentsarako nola egituratzen ziren, nolako funtzionamendua zuten… Ehunen bat gaztelu egon ziren Nafarroako Erresuman Erdi Aroan. Printzesarik gabekoak ziren gehienak, baina bazituzten zelatariak, inguruko herrietako morroiak asko, eta txandaka ibiltzen ziren zaintza lanetan. Halako kontuak bildu ditut. Sekulako utzikeria egon da denbora luzez gazteluen gaiaren inguruan, eta konkistatzaileek desegin nahi izan zuten memoria altxatzea da nire helburu nagusia.

Zalantzarik gabe, helburua betetzen ari zara.

Hala dirudi. Jende asko ari da lan horretan, eta bide berean jarraitu behar dugu. Gida liburuarekin jendeak gazteluetarako bidea hartzea espero dugu. Historia ezagutzeko aukera ederra da, eta mendira buelta bat egiteko ere bai. Ibilaldietan hainbat kontu interesgarri ikusteko eta ikasteko aukera dago. Esate batera, igar daiteke gazteluek ez dutela gaur egungo mugen berri. Gazteluek lurralde zaharra batzen dute, egungo lurraldeen arteko mugen gainetik.

Dena lerrokatuta antolaturik zegoen, beraz.

Batez ere ibarrak menderatzen zituzten muino eta mendilerroetan eraiki zituzten bastioiak, elkarrengandik begi bistan. Ebrotik Lizarraraino, denak bisualki komunikatuta, eta Lizarratik Iruñeraino, berdin. Mendeetan, horrek balio izan zuen, baina artilleria nagusitu zenean, harkaitzetako gazteluak zaharkitu egin ziren.

Gaur egun, berriz, gaztelu gutxi geratzen dira zutik.

Gaztelarrek eraitsi egin zituzten ia denak, eta geratu ziren harriak galdu egin dira. Asko ostu egin dituzte, eta sasiak hartu ere bai. Eraikin horiek mantendu izan balira, ondare historiko, turistiko eta kultural ikusgarria izango genukeen gaur egun. Europako beste hainbat tokitan badaukate aberastasun hori; gurean, zoritxarrez, ez.

Gazteluak berreraikitzen lan handia al dago Euskal Herrian?

Nik nahi baino eraikin gutxiago daude berreraikitzeko moduan. Gainontzeko gazteluen oinarriak berreskuratzea posible da, baina, dokumentatu eta ondoren ibilbideak eta antzekoak egiteko. Oinarriak hor daude beti, eta horretan ari gara egun.

 

 

http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-04-23/038/001/gazteluak_bisitatuz_historia_ezagutu.htm