Nafarroarik gabe, askatasuna?

Independentziarako bi abiaden ideiari buruz mintzatuko dira, Pako Aristi, Anjel Rekalde eta Koldo Martinez

 

Anjel Rekalde eta Koldo Martinez Garate arituko dira gaur Usurbilen, Pako Aristirekin. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

Luistxo Fernandezek Twitterren, Sustatu-n eta bere blog Ingelesen Hilerria-n plazaratu izan du gaia hainbatetan. Zazpi probintzien independentzia «ameskeria» dela iritzita, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia gauzatzea proposatu du, beste herrialdeak gero batuko direlakoan. Nafarroarik gabe independentzia? mahai ingurua egingo dute gaur, Usurbilen, Independentziarako Ibilbide Orria zikloan. Anjel Rekalde, Pako Aristi eta Koldo Martinez Garate mintzatuko dira.

«Hegoaldeko euskal probintzien abiadura sozial ezberdinen ondorioz, Euskal Autonomi Erkidegoak independentzia lortzeko erraztasun edo aukera gehiago dituelako ustea zabaldu da zenbait jenderen artean», diote antolatzaileek. «Baina posible al da euskal independentziaren bidean aurrera egitea Nafarroa Garaia atzean geratzen bada? Edo ikuspegi sakon edo estrategikorik gabeko irudipena al da, Espainiak gure indarrak banatzeko sortua? Zer da Nafarroa, traba deseroso bat, ala Estatu arazoa?».

Rekalde eta Martinez Garate Nabarralde elkarteko kideak dira. Aristi idazleak bat egiten du euskaldunak «Nafar estatuko hiritar» gisa identifikatzearekin. «Gaur, aspaldiko haustura hori osatzeko une historiko betean gaude», idatzi du.

MAHAI INGURUA

Noiz. Gaur, 19:00etan.

Non. Sutegin, Usurbilen (Gipuzkoa).

 

http://paperekoa.berria.info/agenda/2013-04-25/033/002/nafarroarik_gabe_askatasuna.htm