Morrontza baten azken aztarnak

Nafarroako Erresumaren kronika barneratu nuen egunetik inperialismo oro salatzen duen detektore bat ernaldu zitzaidan barruan, eta bere alarma-hotsak egunero jotzen du albiste edo iritzi askoren aurrean.

Gogoan dut zein mingarria egin zitzaidan titular hau irakurtzea, 2011ko irailean, El País-en bidaiei buruzko gehigarrian: «Dominikar Errepublika, Kolonek zapaldu zuen lehen uhartea izateko ohorea daukan herria». Inperialismoaren mezua: ohoretzat hartu behar duzu genozidioaren zerrendan lehena izateko aukera.

Inperialismoak kutsatzen ditu eguraldiaren mapak ere: Espainiako hedabide guztietan, publiko edo pribatu, Portugal zuri agertzen da beti, han ez dago eguzkirik inoiz. Inperialismoaren ideia: guk zapaldu ez dugun herririk ez da existitzen guretzat.

Afganistanen armada espainola zuzentzen duen Luis Cebrian koronelak esan zuen: «Bai, intentsitate txikiko bortxakeria herri haren kultura propioan txertatua dago». Mendeko nazioak genetikoki basatiak direla hedatzeaz gain lortu baitute inperialismoaren intentsitate handiko biolentzia normaltzat hartua izatea munduko herrialde hegemonikoen kontzertuan.

2012ko azaroaren 1ean normaltasun osoz aipatuko du El Paíseko editorialak Herbehereetako gobernu berriaren hizkuntza politika: «Nederlandera ez dakienak ezingo du oinarrizko diru-laguntza sozialik jaso». Baina egun berean Patxo Unzuetak Sorturen asmo linguistikoak salatuko ditu asaldaturik: «Ponentzian diote euskal estaturik gabe ezinezkoa dela euskarak aurrera egitea, azken hamarkadetan errealitateak gezurtatu duen baieztapena izateaz aparte norabide autoritarioa erakusten duena». Inperialismoaren araua: gure inposizioa normala da, mendeko lurraldeena autoritarismoa.

Javier Valenzuelak munduaren egoera geopolitikoa aztertzen zuen: «Mundu mailako desorden batean gaude, eta etorkizun hurbilean Erdi Aro berri bat datorkigula esan daiteke, tronuen arteko gerra gupidagabe bat non ez den inor gailenduko». Inperialismoaren teoria: Europako nazio genozidak gailentzen zirenean mundua ordenean zegoen, eta haien hilketa odoltsuak modernitatea ziren, ez Erdi Aroa. Frantziak Mali inbaditu zuenean El Paíseko kronistak emandako bertsioa: «Hollandek, nonbait, Afrikako gerran ikusi du estatista handi baten moduan agertzeko aukera». Inperialismoaren aholkua: serio hartua izan nahi baduzu, antola ezazu gerra bat, baina Europatik urrun.

Iazko udan, Josu Uribetxeberria gose greban zegoela, ezker abertzaleak eman zion sostengua azpimarratu zuen José Yoldik, hauen «errebindikazio grina asegaitza» salatuz. Inperialismoaren oharra: Espainian legea betetzeko eskatzea, euskal presoen giza eskubideei dagokionean, grina hutsa da, eta aseezina. Legearen aplikazio hutsa bortxakeriatzat aurkezten dute inperialismoaren mezulariek, demokrazian alderantziz denean: legeak ez aplikatzeari deitzen zaio bortxakeria.

Inperialismoak, nahiz eta gaur lurralde handirik eduki ez, dominazio bidezko harremanak gauzatzen ditu beti menderatuekin. Integratzea lortu ez duen lurralde oro, erresistentzia hari mehe bat bada ere bizirik gorde duen edozein herri kolonia moduan tratatzen du, harreman hierarkikoa ezarriz: goitik beherakoa, inoiz ez berdintasun legekoa. Eta behean gu gaude, noski. Horretan ez dugu despistatu behar.

Inperialismoak, lehen ezaugarri gisan, arrakasta izan duen edozein antolakuntza politikok bezala, irautea du helburu, bere dominazioa mantentzea. Gure eguneroko bizitzak etengabe agertzen dizkigu alor guztietan menderaturik dagoen herri bat garela erakusten duten aztarnak. Baita literaturan ere.

Gure idazleei Espainian ematen zaien tratu mediatikoa tamalgarria da oro har; edo bestela ez da ematen. Aspaldi salatu zuen Arturo Casas irakasle galiziarrak bere blogean: «Botere hegemonikoa aberatsa da, plurala eta menderakaitza, baina bazter erregionalizatuen mundua ez da hain aberatsa, uniformea baizik, osagarri hutsa, eta nahikoa da bazter horietan ordezkari bat seinalatzea, horrela, singularrean. Gune hegemonikoen aspirazioa da haien zaindariek extrarradioan baliagarritzat seinalatzen dutena bereganatzea, metabolizatzea, eta bide batez haien ezaugarri identitarioak kamusten badituzte, askoz hobe».

Hala funtzionatu dute literatura periferikoek Espainian. Gurean 20 urte behar izan dituzte bigarren ordezkari bat onartzeko. Baina Kirmen Uribek berak ere salatu du tratamendu honen ankerkeria BERRIAko elkarrizketa batean: «(…) Agian onegia izan nintzen, batez ere, kanpora atera nintzenean. Espainiako sariaren ondoren hedabideek erabili egiten zaituzte. (…) Kanpoan ahul agertzen zara, babesgabe; eta agertu nahi duzu zabal, eskua luzatuz. Aurreiritzien kontra borrokatu behar duzu, hitz egin dezaten euskal literaturaz, pixka bat bada ere».

Suso de Toro idazle galiziarrak honela deskribatu zuen bere esperientzia espainola: «Espainia demokratikoa nazionalismo espainolistaren eta integrismo identitarioaren gainean eraiki zen. (…) Harreman arraroa eskaintzen digute: ez digute naziotartasun espainola onartzen, baina ezta gailegoa ere, eta atzerritar moduan tratatzen gaituzte. Madrileko hedabideen xenofobia inplizitua eta esplizitua eskandalu bat da».

Inperialismoaren bigarren ezaugarria da ez diola menderatuari askatasun politikoa lortzen lagunduko. Literatura bezalako gauza nimiñoetan ez badu amorerik eman, gutxiago eskainiko du menderatuaren independentzia bidean lagunduko duen ezer. Horregatik, erabakitzeko eskubidearen leloa gure artean aspaldian zirkulazioan jarri den hanka sartzerik handienetakoa dela iruditzen zait.

Ez dugu beste modu batean pentsatuko beste modu batean hitz egiten ez badugu. Ez genuke esan behar berdintasun egoeran gaudela orain, normalizazioa iritsi dela, egia ez denean. Normalizazio hori geure estatu eta demokrazia propioan soilik iritsiko dugula esan behar genuke.

Diagnostiko horretatik abiatzen bagara, dena posible izango da gure etorkizun politikoan; hortik kanpo ez dugu ezer erdietsiko gure morrontzaren infernuan. Lehengoa berriro ere, kolore edo sigla ezberdinekin apaindua.

 

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-05-05/004/001/lege_info.htm