Euskararen bandera

Asko gara, zorionez, euskara bihotzean izan eta maitatzeaz gain erabili ere egiten dugunok. Esango nuke Euskal Herria, eta Euskadi Euskal Herri osoko kontzeptuan, aldarrikatzen duten guztiek euskararekin lotzen dutela. Hor daude ikastolen Herri Urrats, Oinez…, AEKren Korrika, ESAITen Euskal Selekzioa eta abar.

Ez dakit, ordea, sentsibilitate bera dugun denok euskarari zor diogun begirunean eta euskaldun azaltzeko jardueran. Ziur nago, berriz, ez dugula sentsibilitate bera, ezta eragin bera ere, euskarari banderaren bat atxikitzen diogunean.

Penagarria da Nafar Erriberako Tuteran, Leitzan, Gernikan edota San Mamesen “euskal” izena daramaten ekitaldi askori antolatzaileek bandera baten babesean soilik egitea ekitaldi ofizialak, ia beti ikurrinaren altzoan.

Nafar bandera ez al da euskal bandera? Euren burua nafartzat dutenek ez al dute euskaldun izateko aitortzarik? Zer eragin izan dezake zuen mezuak euskaldun guztion ikur guztiei ez badiozue begirune bera? Aizue, eta honetaz ari garela, zein da zuen mezua?

 

Nabarralde-k argitaratua