1813ko abuztuaren 31ko sarraskia film batean ekarri dute gogora

Donostia 1813. Hiru inperioren biktima dokumentala ekoitzi du Nabarraldek, udalaren laguntzarekin; bederatzi adituren lekukotasunekin egin dute gertakarien kontakizuna.

Donostia_1813__Hiru_inperi

«Orain ikusten duzuen bazter lasai hau, duela berrehun urte, suntsiketak eta bortizkeriak bizi izan zituen ingurunea izan zen. 1813 urtean kokatu beharko ginateke; gerrate napoleonikoen ostean, hain zuzen ere. Momentu hartan, koalizio espainiar ingelesen tropek hiria setiatu egin zuten eta setio hartako aliatuak, tropa portuges eta ingelesak, izan ziren hiriko harresietatik barrena sartu eta izugarrizko suntsiketak eta sarraskiak egin zituztenak. Egun beltza izan zen hura Donostiako historian».

Horrela hasten da Donostia 1813. Hiru inperioren biktima dokumentala, Andrea Etxaniz narratzailearen hitzetan. Ikus-entzunezko lan hau Nabarraldek ekoitzi du, Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta herenegun egin zuten lehen emanaldi publikoa San Telmo Museoan.

Gidoia Angel Rekaldek eta Beñi Agirrek osatu dute. Azken hau filmean hitz egiten duten adituetako bat da. Hain zuzen ere, bederatzi lagunek eman dute euren lekukotasuna dokumentalean, zenbait historialarik eta idazlek, tartean; Jose Luis Orella Unzuek, Iñaki Egañak, Aitziber Etxeberriak, Josu Tellabidek, Nora Alejosek, Jose Antonio Aspiazuk, Xose Estevezek, Lola Valverdek eta Beñi Agirrek berak.

Adituen azalpenez gain, musikak eman dio kolore kontakizunari; Jose Ignazio Ansorenak egin du, eta Aitor Ortzinek musika egokitzapena. Soinua Juan Feliperen esku egon da. Lan honen guztiaren errealizazioa Ruben Marcillaren ardura izan da.

Aliatua, etsai
1813ko abuztuaren 31n gertatutakoa ez dute donostiarrek inoiz ahaztuko. Armada aliatuak –Espainia, Ingalaterra eta Portugal– Donostiako harresiak suntsitu eta ordura arte frantsesen menpe egondako hiria hartu zuen. Bretxa erasotu eta indar okupatzailea garaitu ondoren, arpilatze, sute, bortxaketa eta heriotza kanpainari ekin zion. Ustez hiriaren askatzea izango zena, babesik gabeko biztanleriaren aurkako zigorra bihurtu zen. Ustez aliatuak zirenak, etsai bihurtu ziren.

Harresiaren barrualdea hartu eta Frantziako soldaduak garaitu aurretik, herritarrek ere pairatu zuten tropa aliatuen bortizkeria, Beñi Agirrek filmean nabarmendutakoaren arabera. «Aliatuen tropak etengabe erasotu eta bonbardatu zuten hiriko harresia, baina ez harresia bakarrik; kanoikadak etxeen gainetan erortzen ziren, etxeak suntsituz. Eta batzuetan su hartzen zuten», esplikatu du historialariak.

Hala ere, borroka bizian jarrera hori erakutsi arren, aliatuek frantziarrak garaitu zituztenean, herritarrek ez zuten etorriko zenaren susmo txikiena ere. «Jendeak bibaka eta goraka hartu zuen aliatuen sarrera. Balkoietara atera, eta agurtu egiten zuen jendeak, baina tropa aliatuek, sinestezina den ekintza batean, tiroka erantzun zuten», erantsi du Agirrek.
Arpilatzeari ekin zioten orduan, zorigaiztoko abuztuaren 31 hartan. «Hasi ziren jendea hiltzen, etxe barruan sartzen, lapurretak egiten, emakumeak bortxatzen, adinari erreparatu gabe», esplikatu du Aitziber Etxeberria idazleak. Izugarrizko triskantza izan zen, hitz batean.

Hori egin eta gero, aliatuek sua eman zioten hiriari. Orduko udalaren arabera, 1.600 hildako zenbatu zituzten eta 600 etxetatik 550 bat erre zituzten. «Bertako jauntxoek sutea baino lehenago alde egin zuten; nonbait, aurreikusi zuten edo informatuak zeuden», azaldu du Josu Tellabide etnologoak. «Bertan gelditu zirenak zeintzuk izan ziren? Herri xehea. Langileak, emakumeak, neskameak… ezin izan zutenak alde egin, eta horiek izan ziren bortizkeria pairatu zutenak», nabarmendu du Bilgune Feministako kide Nora Alejosek.

Kontakizuna egiteaz gain, gertakariei buruzko gogoeta ere egin dute. Xose Estevez historialaria izan da bere iritzia eman duen adituetako bat: «Bi gerretan Gipuzkoa hiru inperialismoren interesen biktima izan zen: bat frantsesa, azaleratzen ari zena; beste bat ingelesa, 1714. urteaz geroztik sendotuta; eta beste bat espainola, gainbeheran zegoena».

Tropa aliatuek egindakoa ulertzeko zenbait hipotesi izan dituzte hizpide. Iñaki Egaña idazleak mendekua aipatu du: «Hogei urte lehenago, Konbentzioko Gerran, Donostia eta Gipuzkoa Frantziaren esku geratu ziren tiro bakar bat bota gabe. Godoyk berak bere memorietan esan zuen; herrialde traidoreak».

Suntsiketak suntsiketa, herritarrek errautsetatik berpiztu zuten hiria. Duintasun eta adore horrek beste dokumental baterako emango luke. Momentuz, Donostia 1813. Hiru inperioren biktima lanaren bidez, Nabarraldek Donostiaren suntsiketaren erantzuleei izena eta abizena jarri nahi izan die.

Irutxuloko Hitzan, salgai
Donostia Kulturako kultur etxe guztietan zein kioskoetan eskuratu ahal izango da dokumentala. Irutxuloko Hitzak ere banatuko du DVDa, gaurtik hasita. Hain zuzen ere, 6 eurotan egongo da salgai astekariko harpidedunentzat eta sustatzaileentzat, eta prezio berdinean Berriako harpidedunentzat. Gainerakoek 7,95 eurotan izango dute. Eskaera egiteko: 943-304345 telefonoa eta harpidetza@hitza.info helbidea daude.

 

http://irutxulo.hitza.info/paperekoak/1813ko-abuztuaren-31ko-sarraskia-film-batean-ekarri-dute-gogora/