Zentzumena solas denean

Hitzak_min

Eskenatokia ilun. Isil. Eztul urrun batzuk, jendea eserlekuan lekutzen ari da. Arnasak, ehunka, oraino ere sumatzen ahal dira marmar giro txikian. Taupadak ozenak zaizkit, ozenegi. Eskapo egiten didate gorputzetik, ihesi. Urduritasuna izoztu zait, oharmena bizitu; emozioak lehertzera doazkit.

Argi lauso eta min batek jantzi du agertokia. Momentua ailegatu da, denak zain daude eta nik dut istant honi doinua emateko erregalia. Prest naiz, gogoz naiz. Joandakoak joan ziren, hau da unea, ez beste, taularatzera datorrena zure eta nire irudimeneko gauzarik bereziena izateko sortua da, eta ate joka da honezkero.

Botoi zuriak brillante ageria dira, zeharkako izpiek intentzioz gailentzen dute Borsiniaren soin hotz gozoa. Eskatzen dit maite egiteko, eragiteko. Mazurka kuttun bat biziarazten hasi gara, bihozbera, apal, isiltasunari baimen eskatuz lehen soinu uhinekin.

Nota sakonak dira, soilak, geldoak. Negar metaforikoa irudikatzen ari dira bi dantzari, bi arima elkarrekin minari beilari aritzen zaizkion gisaz. Solas fina da, pausoak harilka-tzen dituen bikotea bata besteari ari zaio gorputz xuxurlan; biak ere nirekin ari dira elkar-elean. Metro koadro bakarra behar dute interpretariek, mugimendu ttiki eta zentzumenez beteko hatsa erakusten ari zaizkigu.

Bi protagonistak istorioa aitzina ekartzen ari dira, begi aiduruei helarazten ari zaizkie tramaren gordintasuna. Dantzaren lengoaiaz eta akordeen bidezidorretatik sentimenduz beteriko maitasun kontu triste baten berri eman nahi dute. Ikuslearen, sentitzailearen arazle gara taula gainekook, hiru baino ez. Eskutik hartu ditugu bertaratuak, utzi baitigute, gure dira haien zentzumenak orain.

Ikusmenaren beharrik ez da halako batean, arima-bidaiaren gorazarrea da denen artean eskuratzera goazen sentimena. Begiak itxiz ere, abian gara, elkar ulertu dugu.

Ordularia eten bailitzan, baina denbora inoiz baino beteago izaki. Bost minutu eskas pasa dira, baina ez dira eskas izan; bost egiazko minutu bizitu ditugu. Argia itzali da, soinua ezkutatu da. Isiltasunak segundo bakarra gozatu du eta txaloaldi berrezarle bezain indargarria oparitu digute, anonimotasunetik, gurekin batera hegaldi-lagun etorri direnek.

Hustu gara, bihotza bera jarri dugu besteren meneko, entregatu gara. Intentsitatez eskaini dugu gure kontatzekoa, eta ikusleek intentsitatez hartu. Magia-edo. Gogoa gorputzetik urrun, artearen erreinuan dantzan dabilkigu, beste hizkuntza batez mintzatu gara ezin zeha-tzago, ezin puruago, ezin gusturago. Zorion.

Emankizunak darrai.

 

http://www.noticiasdenavarra.com/2013/05/26/ocio-y-cultura/zentzumena-solas-denean