Sua su

Hitzak_min

Gaur San Juan bezpera. Suak hartuko du arratsa. Su horrek emanen digu hatsa. Han eta hemen gau honek adituko du amalurraren solasa. Lur baita dena ere, denboraren barne-lotura atenporal bezain metaforikoa gogotu zait zoriaren zoriz. Zori onez.

Erromako Foroan nago. K.a. 13. urtera egin dut salto, kurios egarri. Bestalen lorategian nago, peristiloan. Emakume gutxi (eta hautatu) hauek urmaelen inguruan ari dira. Beren eginkizuna Erromako su sakratua zaintzea da, hiria biziko bada. Haien esku dira Erromaren bihotz taupadak. Su ttiki baina berebiziko honek 2013. urtera ekarri nau bat-batean, ekainak 23 dituen honetara; Urdiainen nago, hala, Nafarroan. Baseliza baten aitzinean emakume talde ttiki bat ari da, elkarri eskuak emanik, borobilean, su handia bazter batean dutela. Kantuan hasi dira besoak zerurantz eta lurrerantz dantzatuz, ortzimuga estutuz. Ezin azaldu bidaiaren partitura.

Gizateriaren erreferenterik handienetakoa da Erromako Foro inperiala, garaian han hartutako erabaki sailek erabat baldintzatu dute gure oraina, alde eta kontra, nahi bada. Hartara, munduko edozein kultura edo herrialdetako eskola edo hezkuntza-sisteman derrigor irakasten da, erraz kokatzen da zibilizazio haren garrantzia historian. Horren aldean, batere unibertsala ez den eta inongo eskoletan aipatzen ez den Urdiaingo usadioa dago. Ondarearen bidezidorretan ezberdin biziraun duen herri baten izaera-arrastoa.

Historiaren nahita edo nahigabeko bidegabekeria horren ordainean, aitortza xumea berebizikoa zait. 2000 urteko tarte handi horretan uste baino lotura minagoa dago bi mundu horien artean, bi emakume-bilkura horien artean, eta suaren berpizte zeremonia horrek lorioski ezkontzen ditu, non eta erlijioak ordura arte irauli gabeko esparru batean.

Satrustegik berak aitortua, kristau begiek ulertzen ez duten sinbologia aberatsa gordetzen du nafar ohitura honek; lurraren eta naturaren zikloekin erabat lotua dirudien erritua da; emakumeak hartzen du parte bakarrik; jantziaren berezitasuna, koreografiaren sarbide-erritua, kantuaren erraia, egunaren esanahia, herritarren sentimena eta sinismena, emankizunaren zintzotasuna… denak du hizkuntza zahar baten aztarna, ikusgai baina ukigaitz den altxorra.

Bestalek su ttikia zuten, baina historian handi dira. Urdiaingo emakumeek sua handi dute, baina historian ttiki etorri dira.

Erromako Foroan, iluntze aitzineko eguzki-gar goxo eta kulunkariaz, Bestalen memoria ebokadoreari erabat belauniko nago eta Urdiaingo San Juan bezperako Kantaita mires dut, hartaz oroit naiz une honetan. Emazteki nafarrak Erromako Foroan. Mendeak nahasiz, balioak berdinduz, justizia partituz. Zoru bera ez baitugu denek ere, baina bai zeru bera.