Barkamena eskatzera

Orain 200 urte Donostiako Bretxatik eraso egin zuen soldadu-bateria bera etorri da gu bisitatzera. Donostiarrak erail, bortxatu, lapurtu eta mesprezatu zuten Lawson konpainiaren oinordekoak, alegia. Zertara etorri dira? Barkamena eskatzera? Horrela ez bada, zer interes ezkutua dute tropa sarraskitzailea gonbidatu duten horien aliatuek?

Egia da 1813ko bigarren mendeurrena ospatzen, gogoratzen eta gozatzen ari garela ekitaldi saski-nahaski multzo barreiatuan. Nonbait, denak balio du. Oraintxe gertatutakoak ezagutzeko dokumentala bat egin, sarraskia salatu eta berehala bibaka eta goraka hartzen ditugu orduko bortxatzaile eta hiltzaileak. Ez dago mezu argi bat.

Mezu argirik ezean, ofiziala da garaile. Gasteizaldeko batailek, Gasteiz inguruetan eman baitziren, Espainiaren independentzia goraipatuko dute, esan gabe, horiek beraiek menpeko bihurtu gintuztela euskaldun oro. Ez al dago loturarik Araban eta Nafarroan ibili zen ejertzitoa eta Donostia erraustu zuenaren artean? Inork erlazionatu al ditu gertaera horiek?

Bai inbaditzaile ziren ejertzito aliatu espainiar, britainiar eta portugaldarrak, bai eta frantziarrak ere bisitan etortzen badira, ongi etorri. Barkamena eskatzera, egindakoa aitortzera eta adiskidetzera etorri badira, agian barkatuko diegu guztia. Boterea erakustera etorri badira, ordea, ez daitezen gure artean nahastu eta joan daitezela etorritako bidetik.

Beñi Agirre

Euskara irakaslea

 

Nabarralde-k argitaratua