1993ko legearen 15.urteurrenean, Ikasberri, Azpeitiko ikastolakoak euskal hezkuntza bermatzeko geure Estatu beharra ikusten dute eta lortu bitartean gurasoen eskutik zaintzea.

1.- Nola bizi izan zenuten 93.ko ikastolaren zatiketa

Zatiketa, hitz tranpa bat izan zen eta da. Autonomi Erkidegoko 1993ko legeak bihotzean jo zuen Euskal Herriak urte askotan herrigintzan egindako lana. Ez zen zatiketa. Ikastolak desegitea zen. Administrazioari entregatzeko tranpa.

Hori aurreko urteetan legerik gabe ere gertatu zen bi erkidegoetan. Tantataka-tantaka, hainbat ikastola publifikatu ziren Autonomi eta Foru erkidegoetan. Baina urte haietan ikastola izenak bere identitatea mantendu zuen. Sare bezala bere nortasun propioarekin kontsideratua izaten jarraitu zuen.

Administrazioaren aukera hor izan dugu, XIX.mendean Frantziako eta Espainiako estatu modernoen sorreratik. Espainiak bere hezkuntza sistema egituratu zuenean 1870an Moyano Legea metalezko eraztunarekin etorri zitzaigun. Foru erkidegoan eraztuna handitu ziguten «Vascuencearen legearekin» borobil handiekin seinalatuz euskara debekatua gelditzen diren herrialdeak. Autonomi erkidegoan identitatea estali 1993ko legearekin.

Ikastolak desegitea zen 1993ko legearen atzetik zegoen asmoa. Hezkuntzako Kontseilariak berak publikoki horrela adierazi zuen. Neurri batetan lortu ere egin zuen. Urte batzuetan ikastola zer den kontzientzia difuminatuta gelditu da. Ikastola, edozer zentru izendatzeko izen generiko bihurtu dute zenbaitek. Ikastolen noraeza nabarmena izan da.

Zer ekarri digu horrek guztiak? Bat: bihotzeko min galanta. Bi: historian zehar beti egin diguten bezala, euskaldunak elkarrekin aurrez aurre ipini eta espainiarrak bere burua batere desgastatu gabe nahi dituzten helburuak lortzea. Hiru: esperientzia berberak behin eta berriro errepikatzea, memoriaren haria galduta, ikasi gabe. Lau: herri izaten jarraitzeko, kontzientzia suspertuta edukitzearen garrantziaz jabetu.

2.- Zer egiteko izan dute gurasoek zuen ikastolaren bilakabidean?

Herri honen izateari iraunkortasuna emateko, ikastolari bizia ematea. Arnasa. Bihotza ematea. Iparra ipintzea. Ikastola zer den eta zertarako den argi izan eta partekatzea. Horrek, etengabe arreta ipintzea eta denbora dedikatzea eskatzen du. Eta gurasoak konpromisoan egoteko, aurretik kontzientzia etengabe elikatu beharra dago. Horrela eusten diogu ikastolaren hariari. Horrela, herriaren izateari iraunkortasuna ematen.

Gogoan al daukagu nork, noiz, eta zertarako erabaki zen ikastolak sortzea?. Eusko Ikaskuntzak 1918an Oinatiko Kongresuan, eskola ofizialen paraleloak, gureak, egitea erabaki zuen. Euskal Herriak bere hezkuntza propioa izatearen beharra azpimarratu zuen bereziki.

Hori horrela izanik nolatan ematen diogu 1993tik Administrazioaren eskolari ere ikastola izena?. Bukatutzat eman behar al dugu ikastolak sortu zireneko helburua?. Hori al da Euskal Herri osorako eskola?. Hori al da Administrazio propioa? Administrazioak 1993an egindako eskaintza eta antzekoen aurrean, dena besteen esku ustekotan, zertarako nahi dugu burujabetasuna?

Herri bezala aurrera egiteko, zertarako ari garen kontzientzia suspertzearen beharra inoiz baino handiagoa da.

Nafar Estatu bezala, Europan, hiztorian zehar errekonozitua izan den Euskal Herriak, izatearen kontzientzia iraunkorrari eutsi dio inbasio egoera desberdinetan gaur arte. Garai honetan bertan Europan gu baino herri txikiagoak estatu bihurtu berriak dira. Guk ere, besteak beste, geure hezkuntza bermatzeko erabakimenak eskutik izateko geure Estatua behar dugu eta nahi dugu. Eta bitartean nola egin? gurasoak eskutik eramatea komeni zaigu, pedagogikogi bikaina izateaz gain, estatu gabeko herri batetan, geure hezkuntza egitasmoa bermatzeko, egindako ibilbideak erakutsi digulako bitarteko indartsuena direla.

Bai Euskal Herriak bere iraupenerako eta baita ere gure seme-alabak euskalzale izateko, arrisku haundiegiak ditugu inguruan, eta nahi duguna lortzeko bermea, geure eskutik bakarrik. Beraz, herritar, guraso eta profesionalak, bakoitza bere lekutik, guzti-guztiok auzolanean arraun batera eginez behar gaitu egitasmo honek.

1993ko legearen 15. urteurrenak koinziditzen du Bizkaian ikastolen Ibilaldia Amorebieta -Etxanon ospatzen dugun egunarekin. Bere logoan agertzen da amore BI eta + (gehiago). Gure amoreak ere hauek dira: Bat, gure seme-alabak. Bi Euskal Herria. Eta gehiago: orainarte herrigintzan aritu diren guraso, ikastoletako profesional, herritar eta politikari… gure eskutaraino ikastolaren haria ekarri digutenak eta oinordekoei pasa arte eusten laguntzen digutenak. Guztiak maite ditugu.

Gure seme-alabak eta Euskal Herriak, IKASTOLA, behar eta merezi dutelako, argitu, eta partekatu dezagun indartzeko.

* Ikasberri, Azpeitiko Ikastola. Azpeitian, 2008ko maiatzaren 25ean

http://www.blogak.com/een2006