Abuztuak 15, Orreaga!

Orreagako gailur eta mendi hegalak euskaldunok sortutako Estatuaren lekuko pribilegiatuak dira, hantxe sortu baitzen baskoien estatu europarra. Bi gertaera izan ziren mugarri: Karlomagno karolingioari irabazitako 778ko abuztuaren 15eko bataila gogoangarria bata; eta haren biloba frankoa garaitu ondoren, 824ko martxoaren erdialdean eta Eneko Aritza buru, Europan euskaldun guztion ordezkari bezala aitortua izango zen estatu independentearen sorrera bestea.

Gertaera haietan baskoiek deliberatu zuten euren izaera eta habitat naturaltzat jotzen zuten lurraldea iraunarazteko modu bakarra egitura politiko, ekonomiko, juridiko eta defentsarako antolamendua sortzea zela. Horregatik, alde guztietatik etorritako baskoiek hartu zuten parte Orreagan, 778-824 tarte horretan jokatu ziren gudaldietan: natura-jainkoa sinismeneko baskoiak, baskoi kristautuak eta baita musulmanduak ere.

Euskaldun guztion garaipena izan zen eta erresuma izaerako egitura sortu zuten. Garai hartako Europan denak ziren erresumak edo kalifarriak. Baskoiak batailan garaile bai, baina, Erromako Eliza izango zen irabazle handik aurrera. Ordutik aurrera eta gaur egun arte. Horregatik, urteko egun bakoitzari, bisurtea bada ere, santu edo santa baten izena ezarri zitzaion. Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren eguna bezala ezaguna eta ohoretua da jende elizkoien artean.

Gure Aroaren lehen mendeko (oker ez banago lagundutako ernalkuntza ezagutzen ez zutenean) emakume bat ama eta birjina batera izatea erakusten duen inkongruentziaz landa, eliza katolikoaren jokaera hau herrien memoria historikoa lausotzeko eta iluntzeko erabili izan dute. Gehienek abuztuko amabirjinaren eguna ospatzen dute, bakar batzuek Nafar Estatuaren sorrerako egun gogoangarria. Biak batera ospatzen dutenak ere badira.

Nazioez gaindiko festa da. Komunisten artean gorrienak ere jai egiten duen eliz festa. Euskal Herriko ehunka lekuetan herriko andre-zaindariaren eguna ere bada. Ospakizun eguna. Aipatu beste arrazoiengatik, ordea, euskal independentista nafarrontzat erabakigarri izan zen gertaera eratzailea gogoratzeko, eta ospatzeko, data.

Batetik, Iruñeko Udalak Orkoiengo Abesbatzaren kontzertua eskainiko du Kolegiatan, Nafarroako Gobernuak Errolanen ipuin bildumaren irakurketa egingo du “Roncesvallesen”, Munillak meza nagusia emango du Donostian…. Bilbon, Gasteizen, Baionan eta beste askotan, euskaldunak politikoki nafarrak garela ahantzi dezagun ahaleginean, ekitaldi hantuste gogaikarriak egingo dituzte. Bestetik, berriz, Orreagako gailur eta mendi hegaletan baskoi natura-jainkoa sinismenekoek adar hotsekin egingo dute deia; Ibañetako lepoan garaipena oroitu eta hildako baskoiei gorazarre egingo zaie.

Jende asko, nahi ala ezinagatik, euren herrian geratuko da. Hala eta guztiz ere, denok dugu aukera abuztuaren 15a, kongruentzi ezaren eguna dena “Orreaga eguna” bihurtzeko. Adibidez, etxeko balkoietan Nafarroako bandera eta ikurrina jarriz, herrian elkarretaratzea eginez edo, besterik gabe, lagunarte eta famili bazkarietan topa eginez: Orreaga!

Beñi Agirre

Euskara irakaslea

 

Publicado por Nabarralde-k argitaratua