Euskalgintza paradigma berri baten bila

Kike Amunarriz adiskideari hartu dizkiot ondorengo pentsamendu hauek: euskaltzale gehienok bat gatoz aurreratu egin dugula esatean; uste baino gehiago lortu dugu; hobeto egin zitekeen, jakina; Hala eta guztiz ere, hizkuntza normalizazio prozesua moteltzen ari da; “fase” aldaketa orokorra gertatzen ari da eta euskalgintza bera ere birpentsatu beharra dago (bi Estatuen arteko administrazioen dispertsioan bizi garen herri bakarraren ikuspegitik ari gara); fase berrian kontzeptuak, interpretazio-eskemak, diskurtsoak, lehentasunak, erritmoak eta hizkuntza politikak sakonki astindu, eraberritu eta indartu behar ditugu.

Itxura batera ziklo edo fase berri batean sartuta gabiltza euskalgintzan. Galdera, ordea, zera da: euskalgintzan bakarrik ala gainerako esparruetan ere gauza bera gertatzen ari da?  Orokorra da, ados gaude. Espainia inperiala, berea ez den beste identitateen eta hizkuntzen suntsitzailea, pitzaduraz josita dago. Frantzia ere gauza bera, baina ekonomikoki beste kontu bat da. Abertzaletasunaren esparru politikoan, inperiotik eratorritako instituzio-itsasoko olatuaren bila ari diren bitartean, herrigintzan eta gizarte mobilizazioan, itsasoa bare dago. Batzuk Mundakan surf egiten duten bitartean eta euskalgintzak itxaron behar duelakoan, ikusle huts bihurtu gara. Eskoziaz eta Kataluniaz liluraturik, identitatearena izozgailuan sartu, eta leihotik begira gauzkate iltzaturik.

Goazen, bada, epeltasunera. Arrazoien berokiez jantzi gaitezen eta indargabetu ditzagun euskararen hedapena oztopatzen duten diskurtsoak. Lehenengo eta behin esan behar da Euskal Herria, hobeto Euskal Herriko jendea, eleanitza dela, baina, hizkuntza guztiak, hemen, ez direla oinarri berekoak; beraz, ez dira trataera bereko subjektuak.

Gure ahotan oso gogorra dirudien aurreko baieztapen hori onartua daukagu inperioen ideologian. Euskaldun batzuk frantsesak omen dira, beste batzuk espainiarrak, eta “denon hizkuntza”, la lengua común, l’idiome de tous, frantsesera edo espainiera besterik ez omen dira. Nola da posible, denona omen den Estatuaren mendeko hiritar batzuen hizkuntza denona izatea eta besteena, gurea hain zuzen ere, ez?

Lehenengo gakoa historia da. Euskal Herriak, euskaldunen herriak, kokapen geografiko zehatza du historiaurreko garaietatik gaur egun arte. Milaka urtetan, bertako biztanleek lurrarekiko lotura estua mantendu dute, eta jardueraren bidez paisaia eraldatu dute belaunaldiz belaunaldi. Herritarron kulturak, toponimiak, historiak, bizikidetzak, antolakuntza politikoak… bat egiten dute habitat natural dugun honetan. Historia testigu bada, gure historia propioa ezagutu beharko dugu horretaz jabetzeko.

Bigarren gakoa, berriz, Estatua da. Euskararen herria den errealitate historiko horrek Baskonia, Iruñea eta Nafarroa izena hartuta hurrenez hurren egitura politiko propioa eta independentea garatu zuen mendeetan. Gaur ez dugu Estaturik. Hamaika eraso eta konkista nozitu ondoren, puskaz puska, auzoko biek azpiratu zuten gurea zena. Egungo lurralde zatiketa gertaera traumatiko haien emaitza da eta jatorri berberekoa da gaur egun hizkuntza politika eraginkorra ez izatea, Europan ofiziala ez izatea, Euskal Herrian bizi garen guztion hizkuntza komuna euskara ez izatea eta historia aurretik dugun kokapen geografikoan denok hitz egiten dugun hizkera ez izatea.

Euskalgintzan, azken 30 urte hauetan, “lan eta neke, ilusio eta ezintasun, lorpen eta porrot guztien ondoren iritsi gara egoera honetara.” Hiru administrazio-lurraldetan hiru hizkuntza egoera ezberdin, baina, dinamikoenean ere “hizkuntza normalizazio prozesua moteltzen ari da.” Euskalgintza birpentsatu beharra dago, eskura izan ditugun baliabideak erabilita iritsi gara egoera honetara. Fase berri baten bila dabilena, ordea, ez da euskalgintza soilik, are eta gehiago, birpentsatu behar hori beste egoera batzuen isla ere bada. Ezinbestean, hiritarrok behar dugu, baina euskarak behar du nahitaez Estatu bakar, indartsu, propio eta independentea.