…sar dadila kalabazan…

EGUN gutxi falta da defuntuen eguna izateko. Egun gutxi, azken boladan famatu den Halloween besta izateko. Ohiturak alde batera edo bestera, urriaren 31 besta-bezpera izaten da. Aitzakia ederra du askok delako usadio zelta horrekin, ostatu eta tabernak betez, baina oraindik gogoan dugu Santu guztien eguna zer-nolakoa izan den gurean; diskretoa eta isila, intimoa, gogoetazkoa… doluzkoa. Beste behin, konbentzioak aldatu dira.

Gau honek orain, zine estatubatuarrari esker nagusiki, eta publizitate kanpainei ere bai, auzo ilunetan barna eskean dabilen ume-taldea dakarkigu gogora. Mamuak batetik, deabrutxoak bestetik, kalabazak nonahi sua odol dutela, goxokiak eta ikarak atari askotan, kandelak bide bazterretan edo ilargia argiztalari zeruan. Gurean halako bat edo beste ikusten hasi ginenean, urte batzuk dira ja, harritu ginen; baina bada, bistan denez, kanpokoa erraz-erraz hartzen duenik, erabat beretuz, gainera, haren balioa eta izaera. Goza bedi, beraz.

Defuntuen edo arbasoen gurtza ez da oso aspaldiko gauza euskal lurretan. Eta ez da bakarrik gau jakin bateko kontua izan. Gur-tza horren plano erreala etxeko sukaldean bizitzen zen nabarmen, Azkuek ausarki bildu bezala. Sua zen hilen eta bizien arteko bitarteko magikoa. Baserrietan, antzina, lurreko sua ez zen erabat itzaltzen, txingarrak errautsez estaltzen ziren, sugeldoari haize eginez garra goizean berriz fite pizteko. Horregatik zioten gabaz jantzi ta egunez erantzi egiten zela sua. Gainera, bada beste esaera zahar bat horrekin lotua, sugabeko etxia, odolgabeko gorputza omen dela dioena, gaur akaso, esanahia galdutzat eman beharko zaiolarik.

Eta hara non laratzari ez zaion eragin behar, bestela Txerren zirikatuten ei dau. Guk laratzari ez dakit asko eragin diogun, baina deabruak bazter guztietatik etorri zaizkigula dirudi, eta areago, defuntuen gaua hurbil delarik. Aurtengo gau hori, bada, beldurgarria izateko, ez dugu osagai gehiegi behar. Deabru lazgarrienen artean, langabezia da sarde handiena dakarrena. Baina mamuren bat ere bada berriki etorririk, bola eta guzti; horra hor, Lomce legea.

Izan ere, lege berri honen helburuetako bat omen da eskola-porrota gutxitzea, hots, emaitzak hobetzea, baina, eta gurearekin ardura bizia hartuz, emaitzak nabarmen okertzen ahal dituela iruditzen zaigu askori, alegia, inoiz baino «kalabaza» gehiago biltzeko arriskua dugula mamu horri esker.

Odola ere zurrupatzen diguten honetan, goxoki itxurarik batere gabeko ziriak sartzen dizkigutela, kalabaza gehiegi ikusten ari garela, haginkada eta kapa beltzak soberan daudelarik, mamu kuadrila horretaz esan beharko genuke, «Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta irten dadila urrutiko nonbaiteko plazan», ez hemen. Utz ditzatela gure suak eta garrak osasun betez.

Noticias de Navarra