Estatutuaren Eguna

Orain dela egun batzuk, Arrazaren Egunaren harira, “datak zentzuz beterik daudela” esan zuen Ricard Vinyesek. Egun zehatz bat ospatzen denean, zer ospatzen den jakin behar da, datak ez direlako inoiz hala nola hautatzen. Vinyesek maiatzaren 1a aipatzen zuen semantika ukaezin honen adibide gisa. Inork ez du dataren inguruko zalantzarik, eta herrialde eta kultura guztietako egutegian definitua dagoela esan genezake. Gauza bera gertatzen da martxoaren 8arekin, emakume langilearen eguna. Eta zer esanik ez arrazaren eguna, edo Hispanitatearen eguna orain dioten bezala, lotsaizuna darion kartela. Esanahi hauen ezaugarrietako bat hori baita: edukiz betetzen direnean, ezin direla hustu. Espainiak bere arraza harrokeriaz agertu badu, eta bere inperioa, eta bere konkistak, eta Amerikaren “aurkikundea”, eta bere masakreak… nahiz eta zuriz pintatu, belea beti bele. Urriak 12a desohorearen jaieguna da, arrazismoarena, Espainiar esentziarena, hau da, herrialde baketsuekiko indarkeria erabiltzearena eta berezko duen harrokeriarena.

Aste honetan eztabaida hauen adibide gertuagoko bat dugu. Urriaren 25ekoa kontu handiz hartu beharreko jai eguna da. Ofizialki “Euskadi Eguna” izendatua, Gernikako estatutuaren onartze formala ospatzen den jaiegun instituzionala da. Are gehiago, 1839ko (urriaren 25a) lege famatua du aitzindari, “Nafarroa eta Probintzia Baskongadetako foruak Monarkiaren batasun konstituzionalari kalte egin gabe konfirmatzen zirela” baieztatzen zuen hura. Hau da, gure herriaren porrota, Maroto eta Esparteroren Bergarako besarkadan gauzatu zena, lehenengo gerra karlista ondoren.

Ospakizun ofizial hauek, posible denean bederen, armada, hegazkin eta tanke alardeekin irudikatzen dira. Euskal autonomiak ez duenez horrelako ikuskizunetarako nahikoa gaitasun, bazkariren batekin – antzinako ohiturengatik –  diskurtso zaharkituekin, eta deskuiduan hartuz gero, mezaren batekin ospatuko dela suposatzen dut. Zeremoniek kargu publikoak kitzikatzen baitituzte. Baina ez gaitezen gaitik aldendu; Vinyesek esaten duen bezala, esanahia esanahia da. ELAk orain dela hainbat urte azaldu zuen jada: “estatutua hilda dago”. Ibarretxe lehendakariak baieztapen hori berretsi zuen borondatez beterik autonomiarentzako status berri bat negoziatzen saiatu zenean. Eta esan dezakegu Patxi Lópezek ere gauza bera ziurtatu zuela bere talentu guztiaz baliatuz kargua hartu eta hura lelokeria hutsa zela frogatu zuenean.

Baliteke bati baino gehiagori gogaikarri gertatzea iritzi publikoak Estatutua Espainiarekin lotzeko duen tema. Baina ohituraren, errutinaren eta jasotako esperientziaren semantika bitartez eratzen den esanahiarekin, ospakizuna gure herriaren zatiketa instituzionalizatu duen horrekin lotzen dugu.  Lehendakariek behin eta berriz euskaldun guztien lehendakariak direla baieztatzen duten arren, ez dira. Gure herriaren zati bateko lehendakariak dira soilik. Eta zati horrek ez du funts gehiegirik, gatazka bat sortzen den bakoitzean frogatzen dugun bezala: Wert, Parot doktrina, aparteko soldata… ¿Non dago autonomia? ¿Non dago gure herriak aukeratzeko duen eskubidea, Kataluniarekin ikusi den bezala? Ez dago. Espainiak bere boterea defendatzen du erabakitzeko eskubidea duen subjektu bakar gisa. Eta behar izanez gero Bartzelona bonbardatuko dute 50 urtetik behin.

Hori da urriaren 25eko esanahia guretzat. Ez gaitzatela balore pozonduak aldarrikatzera deitu: porrot militarra, lurralde zatiketa eta Espainiarekiko mendetasuna kasu. Orain arte jasandakoekin aski dugu.