Izanak dirau

Orain urte batzuk ikusi genuen Panpi Ladutxe frontoian, mikrofonoa eskutan, «zer litzateke/Euskal Herria/pilotarik gabe?» kantatuz. Kanta horren hitza maiz etortzen zait gogora, beste hainbat jardueraren harira, eta oraingoan, bereziki, dantzarekin. Zer litzateke Euskal Herria dantzarik gabe?

Izan, izan liteke, noski baietz, Euskal Herri bat dantzarik gabe, baina, harekin ibilbide luzea izan du herri honek, eta oso kontuan hartzekoa, zalantzarik gabe. Garaian garaikoa eman du dantzak, funtzio ezberdinak izan ditu, balio anitza. Kultura edo ospakizun izatetik, eginkizun identitario eta militantziazkoa izatera (hirietan nagusiki), kapitulu asko iragan da. Honela, gerora, adiera artistiko batera hurbiltzen hasi dira joerak, oro har. Azken hamarkadetan dantza taldeen baitan gauzak nola aldatu diren (edo nahi diren) ikusirik, lan egiteko beste modu bat sortu dela esan liteke; lan molde berriak martxan dira, ikuspegi berriak, testuinguruak: hariak. Baina ez da kontu arina.

Euskal dantzen folklorizazioaren arriskua, kontzeptua bera eztabaidagarri den arren, duela zenbait urte hasi zen ikusten Nafarroa Behereko Garaztarrak Taldea. Joera hori lengoaia bereziarekin gai-tzesteko asmoz, Kontrapas ikuskizuna mamitu dute. Dantza herrikoia eta garaikidea, antzerkia, musika eta poesia uztartu nahi izan dira proiektu honetan, hari nagusi bati zentzua ekarriz. Ikusgarriak nortasuna du oinarri; euskararen egoera zalantzagarriaz eta baita haren transmisioaren balioaz ere pentsarazi nahi dute ikuslea. Gaur, iluntzean, Barañaingo Auditorioan taularatuko da Kontrapas.

Ibarrako Alurr Dantza Taldeak ere, zentzu bertsuan, memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz arduratuta, dantza eta musika baliatu nahi izan ditu zerbait kontatzeko. Izanak dirau, 1512 sorkuntza atondu dute iraganik gabekoak etorkizunik ez duela erakusteko, alegia, herri honen historiaren giltzarrietako bat beste min-tzaira batekin transmititzeko. Azaroaren 17an, hala, Barañainen izanen dira gipuzkoarrak.

Zikloa ixteko, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak abenduaren 15ean Librea Ninçana ikuskizuna eskainiko du. Herri hau askea izan denekoa sentiaraziko da bertan, iradokia, sentimena, metafora. Ohiko euskal zigiluko elementuak azaletik zailki identifikatuko direlarik, zentzumenetatik abiatutako irakurketa proposatzen zaio publikoari. Baina sakonean, gurea, gureaz.

Ortzadarrek berak antolatu du ikuskizun-sail hau aurtengo Folklore Jardunaldien harira. Eta bi planoak bildu nahi izan ditu aurtengoan; taldeen lan eta lengoaia berriak sustatu nahi ditu batetik, baina tradizioaren babesa eta ezagutza suspertu ere bai, bestetik. Nafarroako Dantza Tradizionalaren Atlasa proiektua abian jarri berri baitu, alegia, Unescoren Materiagabeko Ondarearen Zaintzaren Konbentzioak hamar urte bete duenean, hain justu. Berri gehiago izateko, www.ortzadar.org. Dantza, tradiziozkoa zein berria, euskaldunak bereak baititu.

Noticias de Navarra