Zaharren hitzak, zuhurren hitzak

Zuhurren hitzak, garai berriei ere egoki zaizkienak. Erranak daude aspaldi, zortez askotxo jasoak ere bai, eta irakaspen on izan daitezke etorkizuna iraganari entzungor zaion honetan. Ikuskerak transmititzeaz haratago (gureaz gain beste inguruko auzoetarik zernahi bildu dela ahaztu gabe, noski), ikaskera ere bada, eta hamaika zentzutan, ahozko herri-tradizioak eman duena.

Transmisioaren garrantziaz mintzo izan da, besteak beste, Erramun Martikorena, izatez ere bildua baitu disko batean zutabe honetara ekarritako bertso-saila. Tradiziotik edatea inportantea zaio aski, eta ez bakarrik irakaspenak ezagutzeko edo egungoa bizitzen ikasteko, kultura bera arnasteko ere; baloreak, arauak, lotsak eta harrotasunak jabetzeko.

«Kantu, kanta, khantore» bildumak eman dit gaurkoa osatzeko arrazoia. Hartan erraten da hitzaurrean euskaldunei ez baldin bazauku irakurtzea hanbat laket, kantuz hartzea dugu bederen biziki maite. Euskaldun gazteei sar eta finka dakioten bihotzean herriaren eta eskuararen amodioa, 1967ko argitalpena hala. Honezkero eginkizun hori galdua ote duen kantuak…

Edozein gisaz, inoiz irakurriak gara gure arbasoen zuhur-tzia, ez dadin izan ahantzia, eta honela, gaurko gomuta bertso bihurtutako esaera zahar sail honi, orrazturik aurkeztuak.

Itsasoak, bistan da, ez du ez adarrik, ez-eta gaztanberak erdiko hezurrik. Nehoiz ez da ikhusi su-gabeko kherik, baina ez daite juja deus itxuretarik. Izan ere, asko kanpoan bildots, eta otso barnean, zoin den eder itzala, iduzki denean, ziminoa gorago igaiten arbolan, ipurdia hobeki ageri orduan, eta horrekin konturatzen ez, gu. Laguna lagunari bethi iduria, nolako aita eta, halako semea, (e)uriaren ondotik heldu atheria… Aita biltzaile batek, haur xahutzailea: aseak baikara halakoak sumatzen azken garaietan. Hala-beharra bethi denen na(g)usi dago, norat doan haizea, harat aiseago, «gero» dioenak usu erran nahi «bego», presatzeak dakharke ondore txar franko.

Nolanahi den, xakhur txarra gisala da dena kukuso, haurrak aita-ameri dagotzi bethi so, bi begi baino hobe dauzkagu bi beso, baso bakharra baino ez othe bi baso? Ez ahantz duenak azer bipher emaiten ohi du, ez da behar iztupa suari hurbildu, tripa hutsari ez da emaiten kontseilu, barur egonez norbait noiz zaitzu arraildu? Eta bukatzeko, gauzarik hoberenak finitze bat badu; behar naiz ba sail huntan nolazpait gelditu zioen autoreak, aho hetsian ez da nehoiz fitsik sartu, baina ez tronpatzeko behar da ixildu, eta arrazoi handiz gainera!

Pierre Lafittek eta Louis Dassancek Baionan argitaratutako kantu bilduma hau, beraz, hemezortzigarren mende akabutik gaur arte eman zaizkigunen artean bat da, balio nostalgiko hutsez bainoago, balio didaktikoaz ere eskutan har daitekeena; denborari tarte bat eska eta hari dedika nahi dionak, bederen.