Maite zaituztet… oraindik

Gure Eskuk antolatu jende-soka arrakastatsuaren harira, Diputatu Nagusiak ahalkegabe- ahalkegabe adierazi du zera, (goi)nafartarrok jadaneko erabakia dugula … espainiar izaten.

 

Bozkatzerik izan ez dugun estatutuaren medioz dudarik gabe, inposatu zaigun konstituziotik jalgi baita, eta horixe diktadura militarrak beharturiko monarkia arrotzaren berme. Erabakiaren ziaboga, amintirrin bat mugatua horratio!

 

Eta Berriaren maketa berritu honetan, behatua diot ene irakurleari, idatzi baitit «Uste diat jada nahikoa buelta eman diogula historiari, zer esanik ez kataluniarren aferari. Ene ustez gure historia idazten edo egiten hasteko tenorea iritsi zaiguk, orain edo behin ere ez alegia, denbora gure kontra zegok eta…» eta ez ditut aipatu mendetako konkista taigabea eta urratze nazionala. Izkiria dezagun bada guhauren historia, eta horretarako gogoetatu beharko dugu ea nor den tronpatuago : Barcinari sinetsi duena, edo Gure Eskuri sinetsi duena. Izan ere, gezur beraren bi aldeak dira sinist(arazt)ea erabaki egin dugula batetik, eta erabakitzeko ahalmena daukagula, bestetik. Agian ene irakurlea(k?) ez d(ir)a asaldatuko adibide bat ematen badut…XII. mendekoa. Aringarri gisa nerrake ahapaldiak kontenporaneo direla (garaikide-garaikide, ziganteak ba!), eta larrigarri gisa, gure filmeko.

 

Fraide arrotzek preso daukate Mikelot haurra, aitarengandik bortizki bereizia, eta bakartua. Gogorkeria fisikoa eta psikikoa aplikatzen dizkiote luzaz. Artetan, lekuko kolabo batek hautura ematen dio eskola (alienazioaren onartzea), eta (erresistentziari) zigorraren artean. Horra hor arau demokratikoa, zoru etikoa, balio errepublikarra eta autogobernua. Erabakitzeko deretxoa Bere Esku dauka gaizo Mikelotek; baina zernahi deliberaturik ere, bere buruaren kontra doake. Boterearen falazia latria. Zein liteke hor zinezko autodeterminazioa? Utz haurra libro, beretarren artean, eta orduan bai, orduan aukeran eman: Fraidetxera gibelera? Ala aske bizi hire jendearekin? Zer nahiago? Eta Itzaltzun garenez, azken putar kordiala Gure Eskuri. Ideia zarmanta, mugaren zauria jostearena. Honenbestez, züberotarrak antolatu dira, azken unekoak eman beta llaburrean, eta Ütürzehetan dira, eskua tunelera buruz luza eta luza. Pikatua aldetik, alta, zaraitzuar auzorik ez. Barka beza irakurleAk, baina zerbaixka daukagu ikasteko ANCtik, GE-ko nonbaiteko bulegariak agertu bai, baina Mikeloten herrikideak ez baitziren deialdiaren jakinean ere…


http://www.iparraldekohitza.info/2014/06/13/maite-zaituztet-oraindik/