Gutaz oroit

Batek daki nondik datorren haize hau. Nondik nora, eta handik hona. Esanen nuke itsas usaina duela, lehorrean; mezuz betea datorrela, botilarik gabe. Hain da indartsu, ezen begiak nekez eusten ahal baititut zabalik. Leiho-hegian, tinko, jasotzen ari naizen sentsazio guztien inbentario azkar eta zalapartatsua egiten ari da oharmena. Ea zer dakarren. Uda da, baina gaurko gauak, bereziki, negua dirudi. Gauez, ordu ez-ohikoetan, etxeko pareta eta sabaipean urtaroen arteko diferentzia ez da nabarmena. Eguzkiak ekarriko ditu ñabardurak egunsentian. Eta lekutuko gara.

Haizeak badu zer dantzatu gaur. Ekimenez heldu da. Euriak amorrazioa balu. Masailean ur tanta hotzek ematen dizkidaten astinduek jarri naute babesean nagoela; nahi dudanean ihes egin diezaioket ekaitzari. Zer dio, ordea? Deszifratu nahi nuke. Etxarteak ilundu dira farolen argi-indarra erabat lausotuz. Baina ez dut leihorik itxi, geldi nago neurea ez dirudien asmo batek eskatuta. Behartuta.

Egon, entzun behar dut. Noizbait utziko baitio haserrealdiari, agian ez baita haserrea ere. Eta firin-faran hasiko da. Laster hori ere ez. Laster literatura geldituko da bakarrik, ohi gisaz. Eta orduan urrutiko nonahiko haize honek bueltan beste zerbait eramanen duela eginen dugu desio. Betiereko gomuta. Haize honen sorburura. Etorri den indarraz baliatu eta aske izan dadin ziztu ozen hori. Landa-lurrak korritu, ibaiak zeharkatu, bideak astindu; harat-honat ibili. Fiua doinu lirain bizi dadin ortzimugan, zori artean. Literaturak eman diezagun arnas berri. Behar baitugu denek ere.

Dena delakoagatik ekaitzaldi honek eskatu du arreta. Zerua goibeldu da egin diezaiogun hargatik galdeketa. Une bat galdegiten dute, zerbait esplikatzeko. Etorri bezala, gauzak joan egiten direlako. Eta une ororen sakonean beste zer ikas badelako.

Hodeiak urruti baitzaizkigu, tximistak eta trumoiak. Urreratzen direnean so egiten diegu soilik. Ezezagun dugu sabai horren solasa.

Eta irudituko zaigu bihar enarak ez duela jakinen nora doan, ziztu bizian arituko den arren; ortzian ibiliko dela noraezean, haizez haize aterpe bila. Bizitza larria delako, izatez ere. Baina badu itxaropenik. Behar du, biziko bada; behar izan du, aitzina egiteko. Eta enara horrek bilatuko du babes, aurkituko du ohatze. Gerorrek eginen dugun bezala.

Ana Telletxea
Deia