Bizkaia Nafarroa da, Nafarroa Bizkaia

Euzkadi eta Euskal Herria, Baskonia edo Gaskuña, País Vasco edo País Vasconavarro… Kirola polemika iturri bihurtu da azken bolada honetan. Berriz ere itzultzen gara Arturo Kanpion euskaltzainaren eta Sabin Arana abertzaletasunaren aitaren garaiko polemiketara. Kontua zentralitatea non dagoen zehaztea da. Euskaldunok politikoki estaturik eduki ote dugun. Nafarroako erresuma ala Gaztelakoa izan zen euskaldunen babesleku? Beamondarrak ala agramondarrak… Nortzuk ziren euskalduntasunaren benetako ordezkariak? Inazio Loiolakoa ala Frantzisko Xabierkoa… Zein baino zein, nor baino nor? Horixe izan da euskaldunon historia latza 1512az geroztik.

Juan Ramón de Iturriza-k idatzitako Historia de Vizcaya izeneko testua (1787) irakurriz, Bizkaiko herrialdea nazio baten pare geratzen dela pentsa dezakegu, euskararen kabia eta sorterria bezala; baina, era berean, Espainiaren arima bailitzan, Espainiako lehen hizkuntza euskara dateke-eta, Gaztelako eta Bizkaiko hainbat idazlek kontatu bezala. Bizkaiko kapare eta bilau euskaldunok Fernando Errege Katolikoari eskerrak eman behar eta argiro ezagutu Gaztelako erresumaren parte garrantzitsua dela Bizkaia. IX. Atala oso sintomatikoa da eta liburuaren muinaren erreferentziatzat har dezakegu: «Antiguedad y excelencias de la lengua vascongada y cómo fué universal en toda España». Iturritzak «provincias Vasco-Na varras» esapidea ere badarabil erabili, baina Bizkaia herri subiranotzat hartuz, gaztelaniazko terminologian, testua espainieraz baitago idatzita. Hala ere, historian barna atzera eginez, Nafarroako erresuma ere ageri da Iturritzaren historia horretan. Hortaz, 1150. urtean Nafarroako Santxo VIIak Durangoko nekazariei emandako foruak ere aipatzen dira. Baina XXVII. Atala (Origen y Serie de los Señores de Vizcaya) da zelanbait argigarriena. Honela hasten da: «bizkaitarrak adiskidantzazko loturak edukita gaztelauekin eta Asturiasko Erregeekin Mairuen aurka egitearren…» Eta VIII. mendera doa Bizkaiaren eta Gaztelako konteen arteko konfederazioaren berri emateko Lope Gartzia Salazarkoaren kronikak erreferentziatuz. Bistan da Amaiurko guda, Nafarroako erresuma eta gazteluak ez direla erreferentzia Iturritza kronistarentzat. Euskal herrialdeak bereizita bizi izan dira eta Franco jeneralak areago sakondu zuen gure zaurian. Nafarroako Erresumak irabazi izan balu tropa gaztelauen aurka edota protestantismoa nagusitu izan balitz gure herrialdeez, seguraski lotura handiagoak edukiko genituzkeen. Euskal herrialdeen konfederazioan sinetsi arren, bistan da Europa berrian loturak estuago bihurtu behar ditugula mugak gaindituz. Gure herrialdeetan, edozeinetan, bi bandera ditugula (nafarra eta ikurrina) esatea eta onartzea ez da arraro egin behar. Federico Krutwig-ek esaten zuen moduan, euskaldunon bandera jatorrizkoa gorria zen eta hori gure gogo kolektiboan finkatu behar dugu; azken finean, Labrit edo Albret etxearen banderaren kolorea ere bazen, jakina. Eskoziarrek ere bi bandera maite dituzte: horia eta Done Anderrena. Zergatik baztertu behar ote dugu bestea, bat bakarra aukeratuz? Zergatik ez gara hasten sendotzen Hegoaldeko herrialdeen arteko komunitateak eta Iparraldekoak? Zergatik ez ditugu onartzen euskal oinordekotzat errioxarrak edota Akize hirian (Dax, Akitania) bizi direnak (bertakoak)? Baten batek pentsatu ote du Bilbaoko Athletic futbol taldeak zergatik etxekotzat hartzen dituen errioxarrak? Hain zaila da ezagutzea Euskal Herriaren mugak Foix-en, Laredo inguruan eta Atapuercan izan zirela? Historialariek lan eskerga dute eskoletan, lizeo eta unibertsitateetan.

Bistakoa da historialariek maiz uko egin diotela gertaera garrantzitsuak kontatzeari. Aipa daiteke, esaterako, ingelesek kronistei nola ez zieten utzi gertaera batzuk kontatzen; hala nola, Blas de Lezo Olabarrieta ‘Patapalo’ euskaldunak Cartagena de Indias hirian ingelesen armada garaitezinari nola irabazi zion eskas ageri da ingelesezko kroniketan. Historiaren pasarteak ahaztea ez dateke problematikoa britainiarren inperio handian, baina gurea bezalako herri txikian, ezin dugu ahaztu gure iragan urruna, are gehiago horrek gure herrialdeen arteko loturak sendotzeko balio badu.

Euskal Herriak erresuma eduki du eta hori ezin dute ukatu historialariek eta kronistek. Garcia de Cortázar bezalako irakasleek historiaren pasarte batzuk ez aipatzeko hautua egin badute ere, historiaren bertsio bakarra ez da beraiena. Ez dezagun onar funtsgabeko kritikarik eta gure subjektibitatetik gertatutakoa aipa dezagun iturrietan oinarrituz. Historialariek bertsioak kontatzen dituztela onartuko balituzte onestagoa litzateke jakintza adar hori. Ekialdeko Nafarroan historialari talde ona sortu da aspaldi honetan eta hori eskertzekoa da. Horiexek erakutsi dukete Bizkaia Nafar erresumako parte ere izan zela. Kontatuta, bizkaitarrok geure egin behar dugu euskaldunon historia amankomun hori. Rally vasconavarro edo Colegio de arquitectos vasconavarros ditugun bezala, horrelako beste erakunde gehiago ere sortu behar.