Maiatzaren 1a, Ausa-Gaztelu eguna. Independentziaren eguna

Ausako gaztelua denok Nafarroa ginenean eraiki zuten euskaldunek. Bai, Nafarroako erresuma denok partekatzen genuen estatua baitzen. Baskoiek Orreagan eraiki zuten 778an eta Gaztelak 1200ean suntsitu zuen haren mendebaldea. Itsasorako bidea moztu zioten hiriburuari eta Espainiak eragindako zauria sendatu gabe dirau.

Zauri artifiziala, herri bakarreko jendeari inposatua. Kultura eta hizkuntza berari ezarria gure kalterako. Bai, euskaraz hitz egiten zuten hemen hasierako gizakiek, harrespil eta trikuharriak eraiki zituzten haiek, Nafarroa sortu zuten haiek, Ausako gaztelu hau eraiki zutenek euskaraz egiten baitzuten.

Geroztik, hamaika hizkuntza entzun behar izan dute haran eta paregabeko larre toki hauek. Bidezidor hauetatik era askotako hizkuntzaz mintzatuz pasa izan da jendea. Gaztelua mendekuz suntsitu zuten eta hizkuntza arrotzez aritu ziren jauntxo handiak.

Zorionez, nafar euskaldunok bi altxor uka ezinak ditugu Aralarren. Gutaz mintzo direnak, zer izan ginen eta oraindik ere zer garen esaten digutenak, gure kulturaren lekuko, izanaren adierazgarri, gure-gureak biak. Bi altxor ukaezinak ditugu Aralarren: hizkuntza eta Ausako gazteluaren aztarnak.

Ausa-Gaztelu gure herriaren oroimen lekuetako bat da. Iraganaren eszenatoki; gure herriaren mugarriak oroitu, bizirik mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena. Ausan, euskaldunok Nafarroa garenaren froga aurkitzen dugu. Hortaz, zergatik ez berreraiki, zergatik ez atera gure historia argira, zergatik ez dugu jarriko Ausa merezi duen tokian.

Euskaldunok geure buruaren jabe izaten ohituak gaude. Gure independentzia defendatzen. Gaur bezalako egun batean, 1328ko maiatzaren 1ean, Nafarroako Gorteek emakume bat izendatu zuten erregina izateko: Joana II.a. Frantziako lege salikoarekin hautsi eta erresuma independentea ezartzea erabaki zuten berriz ere.

1515eko ekainaren 11an ordea, orain dela 500 urte, Gaztelak erabaki zuen Burgosen, eta ez Iruñean, Nafarroa gaztelarrena zela eta ez euskaldunona. Nafar agintaririk eta ordezkaririk bertan izan gabe erabaki ere. Zer legitimitate eta balio juridiko argudiatu lezakete Espainiak eta Frantziak guk, euskaldun nafarrok, erabaki ez duguna nazioarteko erakundeen aurrean eurena dela esateko?

Eraiki dezagun Nafarroa, eraiki dezagun Euskal Herria, eraiki dezagun Ausako gaztelua, eraiki independentzia.

GORA EUSKAL HERRIA / GORA NAFAR ESTATUA /

Ausa-Gaztelun, 2015eko maiatzaren 1ean. Ipuztar nafarrak