Denboraren lasterra

hilbeltzeko
haize hormatuan
hegan abiatu
elur-malutak
begi-kliska batez
martxora iritsiko dira
ulifarfail bilakaturik…

Denboraren lasterra

Mahats-mulko ederra
zinen eguzkitan
goiko abar hartatik
gozo-gozo dilindan .

Begi ferdeetan,
penarik gabeko
malkoak bezala,
ihintz tantak bihietan distiran…

Ni azeria nintzen
zure gose-egarriz
gora irritsez begira.

«Alferrik ari haiz;
sekula ere ez dituk
hireak izanen»,
ahots batek erran zidan.

Eta urrundu nintzen
gaitzerranik gabe,
edertasun hori
nehoiz zimelduko
ez zelako desiran…

Museoa

Orain uste dut badakidala
zergatik eramaten ninduzun
hain maiz museora:

Erakutsi nahi izango zenidan,
nonbait,
ez dagoela edertasunaren jabe izaterik
aberats okitua izan gabe,
bestela ez baita zilegi
izaki ederrak
hatzamarrez ukitzea;

haien ondoan ibiltzearekin
konformatu behar garela,
begi soilez urrundik ferekatzearekin,
alegia.

Bai,
horixe nahi izango zenidan
erakutsi,
nonbait,
baina ikasle txarra nauzu
eta ezin izan nuen
deusik ere ikasi…