Arreta erreta

Hegazkinak mendia jo zuenekoan errua nori egotzi erabakitzeko eztabaida publikoa, morboa bera harritzerainoko detaile xeheak zabaltzeko behar ankerra, pilotuaren mediku-historia inongo eragozpenik gabe barreiatzeko erraztasuna, biktimen familien desgrazien bizitza-biografiak saltzeko joera jakin-min piztailea…

Irakasle gaztea hil zuen nerabearen pasadizo beltza, eta mutikoaren pauso guztien detaile oro jakitea beharrezkoa ez duen gaztetxoaren belarrien ataria pozoitzea, gertakizuna ezagutu eta berehalako azkarrean egintzaren kausa psikologikoa seinalatzea…

Nepalgo lurren astinduak ekarri duen sarraskia, sobera milaka lagun bidali baitu heriotzara, eta hari begira notizia, zer mirakuluk agerraraziko duen haurren bat salbu, zer amak kausituko duen bere sendiko inor hauts artean bizirik, nola egiten dioten aurre zorigaztoko biztanleek eguneroko duingabe bati. Ttanttaka, zenbaketaren agonia-jarioa.

Eta zifrek honezkero ez gaituzte eragiten. Ezer gutxik harritzen gaitu. Besteen minen eta doluen nozitzeak ere, ez gaitu asaldatzen. Aitzitik, perbertitzen gaituela esango nuke. Errukia saltzen dugu baina egiaz ez zaigu kabitzen, gauza gehiegi dugu liseritzeko.

Informazioaren neurriak pasa ditu mugak; gero eta gehiago behar dugu, gero eta goizago, gero eta xeheago, gero eta sinesgaitzago. Hondamendi, notizia txar eta sarraskiak gertatu baino ere lehenago jakitera goaz sarri; nor enteratuko lehen, hura jantzien (lehenago jakiteak ezer moldatzeko aukerarik ekarriko balu sikiera…). Informazioaren arrantza-garaia. Nor gaurkotuago, nor jakitunago aktualitateaz; norgehiagoka, funtsean. Dena, seguru aski, lehia kategoriara ekartzen dugulako.

Eta ez dugu aski oinarrizko informazioarekin. Nor baino nor kazetariago. Hamaika aldiz jasoko dugu, gainera, sare sozial, telebista, irrati, egunkarien bitartez. Hamaika aldiz zabalduko gerorrek ere. Egia izan ala egiaztatu gabekoa izan. Sasi-kazetari, orduan, gu. Dena jaso, sinetsi, kontatu, epaitu, eta ondotik, nola ez, harekiko jokaera eta postura etikoak birtualki segituan zabalduko, eskatuko, ia-ia behartuko ditugu. Solidaritatea, edo laguntza, berdin ere kontzientzia astintzeko militantzia, hainbat ekintzaren harirako gaitzespena… zernahiko gogoeta ttikienarekin moralaren eredu agertuko gara. Aldiro, giza-eskubideen aldarria erakutsiko dugu han eta hemen. Ahal bada, birtualki.

Informazioaren gizartea omen gara aspaldixko. Kontua da horrek ez duela zuzenki adierazten jakintzaren gizartea garenik, eta ez da gako txikia. Informazioaren kudeaketa-molde berri honetan nahasmena ere sustatzen baitugu, azalekeria, pasibotasuna, distortsioa, omnipresentzia eta bertze hainbat jokaera. Inbasioa dugu, berrien, agenden, ezbeharren, asmakuntzen, tontakerien, publizitatearen, aurreikuspenen, moralkeria-esaeren, teoria berrien, eztabaiden, lapurreten gehiegizko berri.

Ase gara. Ase gaude. Arreta bera ere aspertu dugu, agortu, akitu, erre. Arreta erre.

http://hitzakmin.blogspot.com.es/