Inicio

Nafarroak ez zuen erabaki PDF Imprimir E-mail
Angel Rekalde   
Viernes, 05 de Junio de 2015 11:12

Tags: Angel Rekalde

Polemikaren muinera iritsi gara. Azkenaldian Nafarroa eta Espainiaren arteko batasunari buruzko eztabaida garratza bizi dugu. Borondatezkoa izan zela, berdinen arteko afera… edo konkista gerra bat. Armadak, indarkeria, inperioa, harrapakeria. Dinastia aldaketa sinplea zela saldu nahi izan ziguten, herritarrokin zer ikusirik ez duen afera; tximeletaren hegada garaiko nazioarteko testuinguruan.

Kongresuak egin dira, telebistako eztabaidak, propaganda, pankartak, banderak, ospakizun ilunak… baina azkenean, historiak -gertatutakoen narrazio sinpleak- benetan gertatu zena agertzen digu argiro gertakari zehatz baten bitartez.

1515eko ekainaren 11n, orain 500 urte hain juxtu, gertakari honen alderdi juridikoa formalki itxi zuten gaztelarrek. Burgosen –ez Nafarroan- Gaztelako Gorteek –ez Nafarroakoek- gure aberria haiena zela erabaki zuten, Erromako Aita Sainduak halaxe esan zuelako. Literalki. Albako dukeak zeremonia handiz jakinarazi zuen, erregearen aginduz. Ex professo 3 urte lehenago egin gerra ekintzari legitimotasuna emateko. Gaur egun arte mantendu den agintearen egitea izan zen. Eta erakunde ofizial arrotz horrek hartu zuen erabakia nafarren iritzia aintzat hartu gabe. Han ez zegoen nafar bat bera ere ez.

Dakienarentzat, hitz erdi bat nahikoa. Nafarroako estatu independentearen okupazioa ekintza bidegabea eta ez legitimoa zela frogatzen du argi guztietara Burgoseko Gorteetan hartu zen erabakiak. Eta badu bere garrantzia, inperioren erabaki horrek gure etorkizuna baldintzatu baitu, gure historia moldatu, eta ustelkeria, menderatze eta basakeriaren makinarian sartu gintuen (Amerikaren konkista, 36ko zorigaitzak eta Barcina) gaur egun arte.

Garai itxaropentsuak bizi ditugun honetan, agerikoa da gure herriak elkarbizitza bultzatzeko eta bere etorkizuna bere gain hartzeko egin duen ahalegina. Orain arte bizi izan dugun autoritarismoa eta hiritarrekiko mespretxua alde batera utzi, eta Nafarroak Gaztelaren baitan desagertzea erabaki ez zuela aldarrikatzeko garaia da, Burgoseko Gorteetan herriaren borondatea ez zela errespetatu.

Egungora bueltatuz, Noaingo kultur asteak gertakari hauen oroimen historikoa berpiztu nahi du. Ekainaren 22tik 26ra Iruñeko Kondestablearen jauregian hitzaldi zikloa egingo da; besteak beste Xabier Irujo (Gernika 1937, genozidio kulturala), Paula Kasares (Iruñeko euskaldunak, lehengoak eta oraingoak), edo Pello Iraizoz (Iruñea, izanaren hondamendia). Eta ekainaren 27an Noaingo martxa egingo da Iruñeko Getzetik abiatuko delarik 9.30ean. Martxa honek Noaingo batailaren urteurrena oroitzea du helburu,  gerra beraren beste gertakari bat alegia. Fredi Paia bertsolaria izango da pregoilaria aurten, martxari eguerdiko 13.30ean amaiera emanez Iruñeko Burgoen plazan. Bertan, Ortzadar dantza taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du. Martxa honekin gertatutakoaren kontzientzia kritikoa sustatu nahi da, kontzientzia kolektiboa indartu; akulturazio eta menpekotasun mendeek zigortu duten auto estimua berreskuratu.

Nazio ororen oinarrizko osagarria da errelatoa. Gurea, baina, euskaldunon errelatoa, hari bihurriz eta gobernatzen gaituztenen gezurrez josia izan da behin berriz.  Garrantzitsua da, beraz, gauzak nola gertatu ziren ezagutzea, eta hainbat gertakari, Burgosekoa kasu, gure borondatearen aurka egin zirela. Nafarroak ez zuela erabaki konkistatua izan eta Espainiaren parte bihurtzea.