«Estatu propioa izanda, errazago genuke krisia eragin duen egoera aldatzea»

Joxerra Bustillo. Kazetaria

Euskal sindikalismoaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu kazetari bizkaitarrak. Euskal estatu burujabeak krisiari aurre egiteko izango lituzkeen tresnak aztertuko ditu gaur Iruñean.

Euskal sindikalismoaren historiaren inguruko lanak idatzi eta argitaratu ditu Joxerra Bustillo kazetariak (Gordexola, Bizkaia, 1958). Crisis y Estado propio hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Iruñeko Arrotxapea auzoko Civivox aretoan. Estatu propioa izanez gero Euskal Herriak krisiaren aurrean har zitzakeen neurriak aztertuko ditu.

Zertan lagunduko lieke euskaldunei estatu propioa izatea krisian?

Krisi handia da, baina ez dut uste batzuek iragartzen duten hondamendia izatera helduko denik. Azken boladan gizarteko talde, erakunde eta alderdi independentziazaleak eta subiranistak asko hitz egiten ari dira estatu propioaz, eta hori mito bihurtzen ari da. Haatik, totem horretaz jarduten duen jendeak ez du sakontzen, ez du argitzen zein estatu motaz ari diren. Estatu horrek banko publikoa izan beharko du? Federala izango da? Ez da argitzen egitasmoa, hasiera fasean gaudelako.

Zer- nolako neurriak har zitzakeen zuk aurreikusten duzun estatuak krisiari aurre egiteko?

Euroarekin jarraituta ere, banku zentral propioa izan zezakeen. Horrek kontrolatu eta gainbegiratuko luke euskal finantza sistema. Horrez gain, burtsa agentziak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak kontrolatzeko erakundea izan zezakeen. Gainera, banku publikoa era zezakeen. Alemaniako Gobernuak oraintxe onartu du bankuak nazionalizatu ahal izateko neurria, eta hori nik aurreikusten dudan ildoan joango litzateke. Banku hori litzateke motorra jota dauden alorrak suspertzeko. Horrez gain, industriaren, energiaren eta garraioaren alor publikoak sortu ahal izango lituzke.

Baina inguruan ditugun estatuek ez dituzte halako neurriak hartu. Zer dela-eta euskal estatuak bai?

Europan ez dago halako eredu argirik orain. Izan ere, egungo egoera Ronald Reagan eta Margaret Thatcherrek bultzaturiko neoliberalismotik dator. Estatua jibarizatu egin zuten, ahalik eta txikien bihurtu eta haren lekua merkatuari utzi zioten. Horren ondorioa ikusten dugu gaur. Europako eskuina zein sozial demokrazia «kutsatuta» daude ideologia neoliberal horrekin. Badirudi orain hasi direla estatua indartzeko neurriak hartzen Erresuma Batuan eta Alemanian, eta zer edo zer Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Orain halako neurriak ez hartzeak ez du esan nahi etorkizunean hartuko ez dituztenik. Estatu burujabea lortuz gero, errazagoa lukete euskaldunek krisia eragin duen neoliberalismo egoera aldatzea eta publikoa pribatuaren gainetik jartzea.

Eredurik ikusten al duzu munduan?

Ez dut eredurik ikusten. Europako iparraldeko herrialdeak ez zaizkit eredugarri iruditzen, gauza onak izan arren. Venezuelako estatu populista ere ez zait eredu ona iruditzen. XX. mendeko lorpen sozialak gordeko dituen estatu bat behar da, azken finean.

Estatua sortzeko urratsa egiteko zain egon gabe, zer urrats egin daitezke gaurtik?

Ez dugu estaturik, baina estatu antzeko erakundeak ditugu Hego Euskal Herrian. Diputazioek, esaterako, politika publikoa hartu beharko lukete gaurtik, indar harremanak ahalbidetzen duen heinean. Ezin da hutsetik jauzia egin. Halere, diskurtso hau ez dago modan; kontrara doa. Baina hortik egin beharko litzateke lan.