«Thälmannen teoria»

Pasadan egunean trosko historikoa den lagun batek txantxa bat egin zidan hauteskundeeen emaitzak zirela eta. Bere ustetan, EAJren jarrera Ernst Thälmannena gogorarazten zion, Alemanian, 30. hamarkadaren hasieran, Hitlerrek hauteskundeak irabazi ondoren harro esan zionagatik: «Eta jakin dezala Hitler jaunak, lau urte barru, hauteskundeak, komunistok irabaziko ditugula». Gutxira kartzelan zegoen eta ez zen handik inoiz berriz atera Buchenwalden bizirik erre zuten arte. Aurre-ikusi zitekeen baina…

Jakina! Ez da konparagarria. Baina zentzu batean bai! Sarritan ezintasunak ergelkeriak esatera eramaten gaitu. Jeltzaleek, nahi ta nahi ez ondo dakite giltza PPk duela eta Patxi Lopez lehendakaritzara iriztea erremediorik gabeko errealitatea dela. Errealitate berria, jeltzaleak gobernutik at gelditzea, baina argi eta garbi aurre-ikusi zitekeena.

Gauzak argi. Koherentzia ezinbesteko balorea dugu. Ez du balio partida normaltasunez jokatzea, tranpen jakinean egonik eta gero aurre-ikusi zitezkeen emaitzen aurrean negar egitea. Umekeriak. Hauteskunde hauen zilegitasun demokratikoaren gabezia hasieratik genekien, bere sasoian Thälmannek bazekien bezala. Partida baldintza hauetan jokatu dutenek, parte hartzean lotsagabekeria zilegituz, galera guztien jaun eta jabe izan behar dira, erantzunkizunaz koherentziaz!

Ezker abertzalea maltzurkeriz jokuz kanpo uzteak, eraginkortasuna inginiritza elektorala hutsari uzten zion. Emaitzak erraz aurre-ikusi zitezkeen. Logika soziologikoetatik at, logika matematiko elektoralaren morroi izateak hau dauka: gizartearen irudikapen soziologikoa instituzioen irudikapen elektoral erabat inkoherenteak izatea. Injustizia. Hau jakina bazen ere, dibortzio honen eragin orokorrak luze iraungo du, eta lau urte barru… batek daki!

Baina bañak sasoian ortuan. Sozialistek ere porrot. Lotuta daude, atrapatuta. Inginiritzak ere huts egiten du! Nahia eta ezina. Politikan legediaren indarrean oinarritutako mailukada matematikoek errealitatea birtuala eragiten du, baina errealitate hura labangarria da. Orain jeltzaleen modura PPren morroi dira. Euskal gizartean bozkatzaileen %7.72 besterik ez duen alderdiak eraginkortasun handiena du. Ez demokratikoki, ez politikoki, ezta soziologikoki ere, faktikoki baizik. Ezkerretik adibidez, zer aldaketa mota berma dezake Lopezek? Hau da benetan politikoki ilegalizazioen perbertzioaren irudikapenik argiena.

Eta haria jarraituz, demokrazia eta gehiengoaren tamalerako azkenean eszenatoki politiko birtual eta ezdemokratiko honetan bermatuko den aldaketa bakarra PPk bultzatuko dituen neurri nazionalista espainolak izango dira. Sinbologia espainolaren inposizioa, euskara eta euskal kulturarekiko murrizketa, komunikabideekiko presioa…

Horregatik Thälmann Teoriak ere bere eszepzioa du. 2001ean Mayor Orejak, aurten kanpaian Basagoiti baztertu duena hain zuzen! ez zuen inoiz asmatuko…ez lau, zortzi urte ondoren…bere asmoak, bere lagun Redondoren kideen eskuen bitartez gauzatuko zituenik…