Bizkaia maitearen zorra Nafarroarekiko

Argazki makinetan irudia hobeto jasotzeko objektiboak aukera ematen digu fokatzeko. Fokatzea, hortaz, interesatzen zaiguna zehatz ikustea da, gainerakotik nabarmenduz. Kontzeptu hori historiaren arlora ere pasa daiteke. Historiografian fokatzea garrantzitsua da. Historia oso zabala da eta irakasleak eta historialariek aro edo gertaera batzuei garrantzi handia emanez eta beste batzuk ahantziz, efektuak desberdinak izaten dira. Oraindik dut gogoan txikitan nola kontatzen ziguten Espainiaren historia. Cid Campeador, hau da, Rodrigo Diaz Vivarkoa, behin eta berriz ageri zen historia liburuetan, eta berarekin batera Errege Katolikoak, errege horiek Espainiaren batasuna lortu zutelako-edo. Historia bi edo hiru figura horietan fokatzen edo zentratzen zen. Cid gaztelaua eta Isabel-Fernando erregeak non-nahi. Franco-ren garaia zen eta erregimena aladatutakoan euskaldunon historiaz zerbait ikasten hasi ginen. Francoren azken urteetan bizi izandakook geure kabuz ikasi behar izan genuen liburu debekatuetan zegoena eta historiaren fokatzea Foruetan eta Bizkaiko Lopez Harokoaren figuran ipintzen zuten historialari abertzale batzuek. Nik oraindik ditut gogoan beren klaseak euskal kulturaz eta nola goresten zuten Bizkaiaren independentzia, sarri ezkutatuz Gaztelako Erresumaren menpekoa zela Bizkaiko jaunerria. Foruak, antzinako legeak genituen eta Lopez Harokoaren figura buruzagitzat, leinu horren Lopez Iñigez-en traizioa bazter utzita. Ezer gutxi ikasi nuen klase haietan eta historialari haien liburuaz irakurriz. Ausartu ere ez ziren ausartzen Lopez Harokoaren jatorria zein zen zabaltzen, sekula ez zituzten aipatzen gaztelu nafarren funtzionaltasuna, zergatik eraikiak ziren eta hainbat gauza gehiago… denboraren poderioz eta Ekialdeko Nafarroako historialari jakintsu batzuen bidez, zerbait gehiago ikasi dut Bizkaia maiteaz. Hasteko, ezer gutxi kontatzen digute liburuek 1366ko Libourne-ko Itunaz, zeinaren bidez, Gaztelako erregeak nahiago zuen Bizkaia ingelesen esku utzi, errege nafarrei bueltatu baino, zeren Bizkaia Gaztelaren menpe egon baita inolako estaturik sortzeke, Nafarroako Erresuma ez bezala. Historialarien fokatzea Errege Katoliko, Foru eta gerra karlisten garaian izan da, bertoko nahiz kanpoko historialari eta politikarien kasu askotan. Gainera, arras diferenteki presentatu dute historia sarri, ituna bailitzan. Ezer gutxi esan digute Bizkaiko gaztelu nafarrei buruz Iñaki Sagredok ikerlan mardula plazaratu arte. Ezer gutxi esan digute euskaldunon benetako aberriaz, Nafarroaz, hain zuzen ere. Ezer gutxi erran dute Untzuetako gaztelu nafarraz, EITBko albistegietan,lehengo egunean, Untzuetako gazteluazko informazioa eman zutenean bezala. Orain mila urte gutxi gora-behera eraiki zutenean, Bizkaia nafarra zen oraindino. Pedro I.aren anaia Tellok agindu zuen Untzuetako gaztelua eraisteko. Gaztelauek ez dituzte gogoko izan gaztelu nafarrak, ez. Baina egungo Bizkaian eta Araban nafar gazteluek oraindik diraute. Harriek edo gomutek dirauten bezala, Bizkaian nafar sentitzen garenok bere hemen gagoz Nafarroako beste lurrekin noiz batuko zain. Penagarria da euskaldunok pairatzen dugun akulturalizazio prozesua eta zeinen eskasa den gure ezagutza euskal historiaz, nafar historiaz alegia.

Txikitan ezin nuen ulertu zergatik Nafarroa Garaia eta Hiru Probintziak bereizirik zeuden, ezin ulertu kultura berbera edukita… Espainiarren historiak ere ez zidan balio. Hasieran pentsakor geratzen zara esaten dizutenean Nafarroako Konkista justifikatzeko Nafarroako erregeak frantsestu egiten hasiak zirela. Nik pentsatzen nuen ea hori esaten zutenek berdin pentsatzen ote zuten Borboi eta iberiarrak ez ziren beste erregeei buruz. Ez, ixilik geratzen dira, badakitelako Nafarroako Konkista gure herriko errege legitimoen aurka egin zela. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa bezala esnatu egin behar dira loalditik konturatzeko benetan nafarrak direla. Era horretan, inoiz baino hurbilago edukiko dugu elkar-ulertzea Ekialdeko eta Mendebaldeko euskaldunon artean. Bi aldeetan, nafarrak bizi dira oraindino eta abertzaleek paradigma aldatuz gero, komunitate bakarra osatu ahal dugu. Liburuetatik hasi beharko da hori.

Ikastola, lizeo eta institutuetan irakurtzen diren testu historikoak irakurtzen hasten naiz eta ezer gutxi aurkitzen dut Amaiurko gudaz, ezer gutxi Nafarroako Konkistaz, ezer gutxi Ipar Nafarroaz (Gaskonia, Foix, Biarno…), ezer gutxi nafar erregeei buruz, euskaldunon estatuaz alegia. Nabarraldeko lagunek egiten dituzten liburuak hor daude Ikastola eta lizeoetako irakasleek euskaldunon historia hobeto fokatzeko, hobeto zentratzeko. Asko dago egiteko, asko dago Mendebaldeko nafarrak iratzartzeko. Bizkaiak zorra du Nafarroarekin eta geure historia, kendu digutena, irakasten hasi beharko, gure seme-alaben hizkuntzak iraun dezan; euskaldunon herriak iraun d