| Kataluniak Ibarretxeri, gutxiegi |
|
|
|
| Víctor Alexandre | |||
|
Duela egun batzuk, Avui egunkari katalanak inkesta bat egin zuen irakurleen artean, galdera hau baliatuta: "Juan Jose Ibarretxe agintari ona izan al da Euskadirentzat?". Hurrengo egunean, guztira 10.831 iritzi bildu eta gero, honako emaitza hau argitaratu zuen: "Ez, inolaz ere" (%67); "Bai, oso" (%17); "Bai, nahiko ona" (%13); eta "Ez onegia" (%3). Datu horiek, noski, ez dute oinarri zientifikorik, eta Kataluniako herritarrek Ibarretxeren gobernu kudeaketaz duten iritziari buruzko zirriborro gutxi gorabeherako bat baino ez dira. Azken batean, urruntasunik gabekoa da katalanek euskal errealitateaz duten ikuspegia, eta, halakoetan gertatu ohi denez, nork bere errealitatearen arabera interpretatu ohi du dakusana, eta, errealitate horrek, badakigunez, bestelakoa dirudi nabarmen. Baina, hala ere, ez da huskeriatzat jo beharreko kontua, katalanen urruntasuna eta euskal gatazkarekiko zerikusi emozionalik eza oso argigarria gerta baitakioke EAJri. Ez dakit alderdi horrek ba ote zuen katalanek Ibarretxeri buruz zuten iritziaren berri, iazko urriaren 25a baino lehen, egun hartan egitekoak baitziren Euskadiko erreferendum entzutetsua, baina esan beharra daukat haren oso aldekoa zela eta ikusmin handia sortu zuela; hainbestekoa, non une hartan gaur egungoaz zeharo bestelako emaitza lortuko baitzuen Avui-ren inkestak. Zoritxarrez, badakigu ez zutela erreferendumik egin, eta ez ziotela Espainiak hain beldurgarri zeritzon galderari ere erantzun: "Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?". Baina Ibarretxek atzera jo zuen, eta Katalunian gainbehera egin zuten haren itzalak eta onespenak. Izan ere, ordura arte, katalanak sinetsita zeuden, edo sinetsi nahi zuten, Ibarretxe azkeneraino iritsiko zela, gobernu espainola ataka larrian jartzeraino. Ez zen autodeterminazio erreferendum bat, egia da, baina nazio baieztapenerako keinu bat zen, nazioartean heda zitekeena, eta, beraz, katalanismoaren mirespena bereganatu zuen. Politika katalanaren errakitismoak, haren buruzagi klasearen infantilismoak eta Esquerra Republicanak Alderdi sozialistari dion mendekotasunak ondoeza eta erreferente beharra sortu dute gizarte katalanean, lilurak jota geratzeraino konplexurik gabeko keinurik txikiena antzeman orduko. Eta, hain zuzen ere, politika nazional katalanaren eta euskaldunaren esparru uzkurrean, Ibarretxeren keinua, baldin eta gauzatu izan balitz, subiranotasun ekintza bat izango litzateke. Beraz, Espainiak bere aginpide gorenaren -Gonzalo Torrente Ballesterrek 1989an Salamancako udaletxeko balkoitik borrokazaletasun halakoaz aldarrikatu zuen konkista eskubidetik eratorritako haren- kontrako probokaziotzat hartu zuen. Horren froga da ez zegoela prest Ibarretxeri erreferenduma egiten uzteko. Alabaina, kontu bat da ezezko espainola, eta besterik da Ibarretxek ezezko horri aurre egiteko agertu izan beharko zukeen axolagabetasuna. Horixe da espero izatekoa uste sendoko norbaitengandik, ezta? Edo ez al da zentzugabea pentsatzea existentzia bat baiezta daitekeela, huraxe ukatzen duenarekin liskarrik izan gabe? Espainiarentzat ez dago ez euskal herririk ez herri katalanik, herri espainola baino ez dago. Bizitzaren ikusmolde totalitarioa da hori, jakina. Baina Espainiako historiari gainbegiratu bat eman besterik ez dago demokrazia aldiak bitxikeria bakanak direla ia. Ezin liteke demokraziarik izan, demokrazia kulturarik gabe, eta demokrazia kultura ez da bat-batean sortzen. Katalunia, esate baterako, sortzailea da, Islandiaren, Man uhartearen eta Europako Parlamentuaren ondotik, eta ederki dakizki demokrazia printzipioak, haiekiko begirunetsua da eta ez du buruan politika artikulatzeko bestelako modurik. Katalunian logika hutsa dena, baina, egokitze hutsa da Espainian. Espainiak ez du uste osoz erdietsi demokrazia, betebeharrez baizik. Eta nabarmena da, ezinago nabarmena. Nabarmen geratu zen hori 1981eko otsailaren 23an, eta nabarmenak izan dira haren ondorioak, eta nabarmena da haren Konstituzioko 2., 3., eta 145. artikuluen izaera totalitarioa; nabarmena izan da, halaber, espainiera inposatzea hizkuntza hegemoniko gisa halakotzat ez daukaten nazioei, hainbat hedabide ixtea, hauteskunde zerrendak baliogabetzea eta politikan parte hartzeko eskubidea galaraztea. Egiaz, ideologia horren emaitza da PSEren eta PPren arteko ituna. Biak elkar harturik, Jainkoak zeruan batu zuen Espainia ez dezaten banandu euskaldunek lurrean. Baina hori, logikoa denez, bazekien Juan Jose Ibarretxek bere hauteskunde promesa hitzeman zuelarik. Eta agindutakoa betetzeko gauza izan ez delako, hain zuzen, etsipen handi bati lotua egongo da beti haren izena, etsipena baitakar asebete ahal izango duena baino itxaropen handiagoa sortzen duen pertsona orok. Etsipena Katalunian, bada, eta frustrazioa Euskadin. Frustrazioa, unea iritsiz gero beren lehendakariaren alboan nazio baten ekintzarik baketsuen eta demokratikoena aldezteko prest zeuden euskaldun guztien artean -EAJko boto-emaileak izan edo ez-: bozkalekuetara joan eta boto bidez beren iritzia adierazteko gertu baitzeuden. Inongo demokrata benetakok galaraziko al luke, bada, halakorik? Gobernu espainolak, bai, noski. Eta hona hemen ondorioa: Euskal Herriaren frustrazioa, orain arteko gobernuak ausardia eza erakutsi duelako, mendekotasun keinu batekin ordezkatuta baieztapen keinua izan beharko lukeena; eta Kataluniaren etsipena, hiruko katalanak ukatzen dietena lehendakari euskaldun batek emango zielakoan zeudelako. Hala ixten da zirkulua. Ibarretxe zerbitzarien atetik joan doa, historian arrastoa uzteko aukerari uko egin izana arrastaka daramala, eta, Euskal Herriko egoera, berriz, Kataluniakoa bezalakoa da azkenean. Orain, kontzertu ekonomikoa alde batera utzita, ez dago politika alderik herrialde bien artean. Oraintxe esateko moduan gaude, bada, biak ala biak alderdi nazionalista espainol berberak gobernaturiko kolonia zoragarri direla. Euskal Herrian, PPri esker dago gobernuan PSOE, eta, Katalunian, Esquerrari eskerrak. Bi errealitate ote gara, zinez? El suspenso de Cataluña a Ibarretxe
|













