Mugak?

Mugak? Iruñekoa naiz, iruinseme, euskal hiriburutarra. Apirilaren amaieran Nabarralde enpresa utzi eta John Lennon betaurrekodunaren hitzak oroitu nituen: «bizitza zera duk, motel, gertatzen zaikena planak iten tuken bitartean». Katalina, Katalingorri, bihar zer eguraldi? Pamplona Zaharra, Iruñea Berria.

Iruñeko Alde Zaharrean dut habia, ganbaratik teila guziak ezberdin, ilunabarra. Enarak eta gauenarak. Modan ez omen dira Euskal Herria, aberria, pertsonak. Bada, modan jarri nahi ditut. Izan ere, eta Reyesek erran zuenez, unibertsoa mugarik gabekoa dugu, infinitoa da, bai, baina euskaldunondako pixka bat estua.Errepublika garaian Iruñeko ume txiroek eskolan bortxaz ikasia: «Vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Egun eskola horrek, San Frantzisko, Alde Zaharreko publikoak, ehun urte bete du. Eta, nagusiki, umeak euskara hutsez eskolatzen dituzte guraso gaizto-gaiztoek.Txomin Artola abeslariaren irudiko, gure aberri mugak euskararenak ziren. Guruzneren kresalak idatzia: nafar hizkuntza. Batzuetan zera ahantzi egiten zaigu, lehenagoko mundua egungo iragazkiaz ulertu nahi izateak mugatzen gaituela. Ustekabean ere, zorionez berehala, geure akatsaz ohartu eta arbasoen ikuspegiaz janztea hobe izanen den gogoeta egiten dugu. Larreko egilearen testuetan: «euskararen erabilera 1936ko uztailaren 18an hil zuten Iruñean».Gogoeta, ene buruan apirilaren amaieratik. Hori medio, mugak. Duela hilabete guti toki zoragarri batean pausatu nintzen, non eta garai honetan «arabar errioxa» deitzen ohi dugun alderdian. Hango ikastoletan ibili, Bastida, Lapuebla Labarka, Oion… Une batez pixka bat igo, muinoak, mendi maldetatik goiti eta, hor beheiti, maketa erraldoia bailitzan, hondoan ziren harrizko etxaldeez gozatu nuen.Mugak? Non? Duela mila urte bat, bi, jende bera zen, eremu natural aberats, emankor, eder. Logroño dela, Biana dela, ez ote da Biana ekialdeen geratzen den arabar errioxar hiria, bon, uria? Ez arabar errioxar herri guziak Bianatik mendebalderantz luzaturiko mihi goxoa? Berantago andereñoen kotxe istripuaren berri ukan eta, inoiz baino gehiago bihotz lotura senditu nuen barrenean, eztarrian igotzen zen indar ikaragarria. Nondik etorriak emazteki horiek gure hizkuntzaren berreskuratzeko? Zein mugetatik? Fitok errana, pertsona bakan batzuk, jende gehiegi.Edota Silvio maitiak, «un pueblo destinado al inventario de la omisión». Mugaz muga, muga frontera bihur ez diezaguten, bitakora kaiera hauek bidaide 2005eko udaberrian: Jules Verneren istorio miresgarriak, Einsteinen zientzia, Lauaxetaren olerkigintza,… zer kixote eta zer arraio! Jabi eta Estitxuri esker, Odon Apraizek 1950ean zioena: «Kixote argitaratu zenean arabar gehienek Indiako Ramaiana bezala ulertuko zuten». Iruinalaba eta iruinshemeok, berdin. Ikus bertze muga bat, bertzenaz, ene jaiotze urtea. 1969, erotikoena. Ramaiana baino, Kamasutra. Haatik, hemen errosarioa. Harriz harri. Arestiren Harri eta Herri. Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren lehen alea, erdara hutsez. Mugarria. Prologo-an, Iruñeko alkateak, orduko Urmeneta jaunak: «La presencia majestuosa del idioma español al que no llamamos oficial porque es tan nuestro como el vascuence». Bai, fijo, Xalbador bertsolariaren iritzi bera, zinez. Esaldiak urepeldarraren geroko bihotzekoa mugatzen edo…Bada, egun hartan, arratsaldean Bianako ikastolan nintzen. Dena dugu Euskal Herria, zer erranik ez lehenagoko, duela bi mila edota mila urteko aitatxi-amatxiendako. Orduan eta orain, elkarlana, giltza. Mugak? Julietarenak. Gure buruan ez bertzerik. Ohiturak mugakide? Usadioak, txarrak direnean, hautsi behar. Nagoreren begirada ilun kuriosoa zelatan. Lagunmin batek errana: «Erlantz, que nos han engañau». Tartean, ene baitan, berriz, Anje Duhalderen errobiar abesti hura, «ez dut nik, sekulan, ene sorlekua hautatu… Batzuek diote inongoak dirala, han izan edo hemen, berdin zaiotela, nik ere nahi nuke, inongo banintza, lasairik ta azken ere, buru eta bizitza». Abertzaletasuna modaz pasata? Ihes betea zilegi balitz, nunbait balego bakea… Ni ez nintzake etxe ertzeko loredien maitalea. Mikel Laboa-Atxagaren tangoa Lizardiri. Nik, Aranari: «Euskadi, Sabino etorri dun, hitaz galdezka eta gu, ere hire zain geundela, erran zionagu, ez hintzela aspaldi azaldu etxetik».Aurreko batean ekaitza lehertu zen Iruñeko ene teilatuetan. Leihoa ireki eta Niger-Tuterako Abdaren ortzadarrari begirat geratu nintzen. Horietako teilatu batean, zirt-zart, txinatar, japoniar edo auskalo zer andere gaztea atera eta arropa tendederoa hartu zuen. Aizpurgi herriko amatxiren motots luze beltzarana bere bizkarrean. Kimonoa Pastoraleko martxan. Ezin politagoak bere mogimenduak, Urbeltz maisuaren gliseoa bere oinetan. Euskal Ekialdea, Etxahunen Zuberoa, gure aitak txistuka… Bertze behin, Alde Zaharreko jai bat zelarik, ekialdear ume batzuk ikusi nituen, dantzari gisa jantzirik, jiraka eta biraka, irrifartsu. Bai baitira euskara bertzerik ez dakiten txinatar neskatilak gure karrika nagusian barna…

Prejuiziau, hobe zenuke gurea baztertzea eta modernitatea nahiz pogresoa onartzea, Patxik txantxetan. Arrazismoa? Arraza muga? Bearen irriaz oroit, eta mugak eztanda egin. Iruñea ondoko Gorraitz txaletetan opuszale eta erdaltzale oro, euskal abizen ugari. Sabino Aranak: «Bilboko aberats espainiarzaleak, horiek Euskadiko agoteak». Gauzak ez, pertsonak, euskal txinatar neskatilak… Beharbada ene baitan muga eta frontera bereizten badakidalakotz.Iruñeko Udal Ikastolan maisua nintzen. Zazpi, zortzi urteko umeen gelan irakaslea. Iraken bonbardaketa krudelak. Haien adineko irakiarrak zatika, etxe hondakin artean, argazkiak, telebista irudiak. Hankarik gabe, besorik gabe, nigarrez. Umeek etxean ikusi, klasean galdezka, «Erlantz, zergatik?». Eta nik ezin azaldu, «amerikarrak harat joan direlakotz, haien herrialdea gudaren bidez konkistatu nahi dutelakotz». Eta umeek galdezka, «Erlantz, amerikar izeneko horiek honat ere etorriko dira?». «Vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Izua umeen begiradetan. Begirada hezeak. Eta nik haien artean, burutxoetan muxuka, «ez, maitiak, ez, lasai bihotzak, ez». Nola salbatu geure mundua euskal umeak arriskutan jarri gabe, baina, era berean, haien gogo askea mugatu gabe? Silviok errana: «Temen que a nuestros propios hijos les enseñemos a volar». Non muga? Bitxia gero mundua, infernua baino bitxiagoa!Ezin deus egin, baina jende xumeak muga jarri: Iruñeko Alde Zaharrean ezetza europar konstituzioari. Azalpen ofiziala, dena zakuto berean: «Karlista karkak, gorriak, naxionalistak…». Bai, Frantzia edota Holandan bezala, ziur. Sortzen-Ikasbatuaz, euskal irakaskuntzaren urteroko jaialdia Iruñeko Takonera parkean. Mundiala. Ttikitako eskolako apalkuntza kondatu zidan amatxi ikusi nuen. Haurtzaroko txistu doinuak airean. Koldo Izagirrek: «Euskadi merezi zuten». Bere bilobatxo dantzariari so ari zen. Hurbildu eta belarrian erran nion: «Con o sin orejas, para rato hay vascos…». Ez dakizue zer muxu handia eman zidan. Joseba Tapiak euskal errepublikarrei jasoa, pixkat moldaturik, «etsaiek uste zuten zela Iruñean sartzia, kanpaindorrerat joan ta eskilak jotzia».Amatxi edota bilobaren bizitzan, filosofia guzietan baino jakintza handiagoa jasotzen den honetan, hemendik aitzinerat honelako gertakaera fiktizioetan oinarrituriko benetako kontakizuna eskainiko dugu, baina, Kipling zenak zioenez, historia hori bertze artikulu batean kondatuko. Mugak, Iruñeko Euskal Jai gaztetxea baino haratago… Gaur ikusi baitut ikastolaren aldeko 1935eko poxpoliña bat Kaldereria karrikan erosketak egiten ari zela. Silvioren posdata: «En esta expedición nos falta un día, un niño, un don, para sobrevivir».

Goraintziak Bermeoko Ainhoa idazleari. Ganbaran jarraitzen dut, teilei so, kronikatzen. Gaua atean joka.Agur, Eki amandrea, hoa Mari amarengana, atsedenaren hartzerat. Bihar arte!