Nafarroa osoa burujabe

NOAIN 2009

NAFARROA OSOA BURUJABE / NO HAY DEMOCRACIA SIN PUEBLO SOBERANO

Eguerdi on, guztioi:

Beste ezer baino lehen eskerrik asko Nabarralderi gaur hemen egoteko gonbitea luzatzeagatik.

Duela 5 hilabete, otsailaren 1ean, Amaiurren izan ginen batzen gaituenetik abiatuta gure herriaren burujabetza aldarrikatzeko eta 1512-2012 ekimenari babesa emateko.

Gaur berriz hemen bertan Noainen 1521ean nafarrok gure burujabetza berreskuratzeko egindako saiakera gogoratzera gatoz. Hemen galdu zuten bizitza 5000 inguru nafarrek gure independentziaren alde.

Nik neuk eta Gipuzkoako herri bateko alkate bezala 1200 aldera begiratu behar dut asmilazio prozesu honen hasierara jotzeko.

Nire herriari, egun Bergara denari, 1269. urtean Gaztelako erregeak izena aldatu zion eta hiribildu aitortu zuen, Gaztelari hala komeni zitzaiolako. Bergara ez zen Bergara, egungo Bergara Ariznoa izan zen ordura arte. Baina bergararrok ezer gutxi dakigu horri buruz. Bergara 1269an sortu zela erakutsi digute, ez digute esan Bergara aurretik ere bazela eta Nafarroako erreinuaren zati izan denik inoiz. Gure herriaren historia Gaztelako erregeek nahi izan zutenean hasten dela dirudi. Hala erakutsi eta sinestarazi digute.

Bada euskarazko esaera bat esaten duena atzeak erakusten duela aurrera nola dantzatu. Aurrea dantzatu beharrean gaude orain. Gure herriaren etorkizuna eraiki behar dugu eta horretan udalek, udal-ordezkari gisa etorri bainaiz hona, zeregin garrantzitsua daukagu. Udaletatik lan handia egin dezakegu Nafarroa osoaren burujabetza berreskuratzeko eta herri honi burujabetzarekin batera demokrazia itzultzeko.

Udalok atzearen benetako bertsioa aldarrikatu behar dugu. Gure herriatarrei beraien herriaren benetako historia erakutsi behar diegu eta hainbat urtetan jasan dugun eta egun jasaten dugun asimilazio ideologiko eta kulturari aurre egin behar diogu.

Baina udalok atzea berreskuratzearekin batera eta atzeak erakusten duelako, aurrea ere dantzatu dezakegu eta dantzatu behar dugu.

Amaiurren egin genuen antzera, gaur Noainen egiten ari garen gisan, batzen gaituenetik abiatuta Nafarroa Osoaren burujabetzaren aldeko urratsak eman behar ditugu eta eman ditzakegu. 1976an egin zuten Alkateen mugimenduarekin eta orain ere egin dezakegu.

Has gaitezen bada elkarrekin eta elkarlanean Nafarroa Osoaren burujabetza berreskuratzen eta herri honetara benetako demokrazia itzultzen gaurko leloak dioen bezala ez baitago demokraziarik herri subiranorik gabe. Nafarroa osoa burujabe.

Gora Nafarroa