Abderraman III.a euskaraz?

Joan zen zapatuan Mairuaren Alardea egin zen Antzuolan. Arrakasta handiz, entzun eta irakurri dudanez. Berriztatua, mistoa eta inor ez mintzeko pentsatutakoa. Bejondeiela tradizioak gorde eta duintzen denbora eta esfortzua eman duten guztiei.

Berrikuntza horien artean, Abderraman III.a mairuaren papera ei dago. Duinagoa eta, besteak beste, Errendizioaren berbak esateko arabieraz eta euskaraz mintzo dena. Jakina, garaiko Abderraman III.ak egingo zuen arabieraz. Baina euskaraz…?

Ba, baliteke Abderraman III.a Kordobako Kalifa eta X. mendean Omeiatarren printzerik boteretsuena euskal hiztun osoa ez bazen ere, euskara batere arrotza ez izatea. Izan ere, Eneko Aritzarekin hasitako Iruñeko errege dinastiaren senitartekoa dugu Abderraman berau ere.

Eneko Aritzaren biloba Fortun I.a Gartzes Milagroko gazteluaren borrokan preso hartu eta Kordobara eroan zuten arabiarrek 860.urtean. Errege nafarrarekin batera Oneka alaba ere hartu zuten gatibu. Kordoban Abdulah printzea Onekarekin ezkondu eta seme bat izan zuten: Mohamed. Eta Mohamed printzeak Muzna izeneko neska nafar esklabu batekin Abderraman III.a izan zuen. Horrela bada, Kordobako kalifa Abderraman III.ak bere lau aitajaun-amandreetatik hiru euskaldunak zituen. Euskaldunak berezko zentzuan diot, leinu baskoiak izanik, Iruñea-Nafarroako lehenengo errege Ariztar eta Ximenotarrek familia eta gorteko ohiko mintzaira ziur asko euskara izango zuten eta. Beraz, ez litzateke batere arraroa amama Onekak eta amatxo Muzak Abderraman txikiari ere kontutxoak euskaraz egitea, garai hartako beste nafar guztiek ohi zuten bezala. Eta ez ziren bakarrak izan. 981an Al-Mansur -edo Almanzor- ospetsua Antso Abarka erregearen Urraka alabarekin, Kordoban Abda «Baskoia» ezagunagoa izan zenarekin, ezkondu eta Add Al-Rahman Santxuelo semea izan zuten. Gainera, aurretik, Al-Mansur Hixan II.a kalifaren tutorea izana zen eta honen amaren maitalea, Subh izeneko gatibu baskoiarena.

Nortasun gogorrekoa hazi zen gure Abderraman III.a, hala ere. Ez zien iparraldeko ahaide euskaldunei begirune handirik erakutsi gero. Horrela, 920. urtean Iruñeko Erresuman sartu zen Al-Andaluseko armadaren buru. Antso I.a Gartzes erregeak defentsarako deia egin zion bere jendeari eta Nafarroa osoko tropak, antzuolarrak barne, Lizarra eta Iruñearen arteko Val de Junquera izeneko lekuan bildu ziren. Denbora batean erasoa geldiaraztea lortu bazuten ere, azkenean Abderramanek sarraskia burutu zuen Deierriko lur horietan. Ez dut uste Abderramanek errenditzeko berba premiarik izango zukeenik; ez arabieraz, ez euskaraz.

Dena dela, Abderraman III.ak PLrik edo hizkuntza eskakizunik ez bazuen betetzen ere, edo EGA gainditzeko gauza ote zen jakin barik, familiatik zetorkiolako, baliteke gure inguruko batzuk baino hobeto moldatzea euskaraz. Larri ibili!