| Pablo Antoñana |
|
|
|
| Angel Rekalde | |||
![]() Duela egun batzuk hil zen Pablo Antoñana, Bianan jaiotako idazle unibertsala. Ez dut nire edozein burutazio baino askoz pertsonaia aberatsagoa denaren hileta-oharra idazteko asmorik. Izango da hori nik baino hobeto, finago eta dotoreago egingo duenik. Nire ideia haren nortasunari eta idazlanei buruzko xehetasun batzuk ematea da, haren liburuek eman didaten gozamenagatik omenaldi pertsonala egitea, Nabarraldetik edozertarako deitu diogunean eman digun erantzun eta tratu onagatik harekiko dugun zorra kitatu nahian. Pablo Antoñana, zakarra eta ipurterrea uzten dizkigun paperetan, oroimenaren idazlea zen. Beste batzuk asmamenarena, nobela beltzarena, miseriarena, handitasunarena, maitasun-gorabeherena edo literaturako beste edozein arlotakoak diren bezalaxe. Pablo oroimenean bizi zen eta hura zuen hizpide. Garai gogorra ezagutu zuen, 36ko gerrarena, eta lurralde gogorra, gerra osteko Nafarroa, eta gogortasun horretatik lortu zuen literatur mataza bihurtzen jakin zuen gai sotila. Zoritxarrez, edo zorionez, nola begiratzen dugun, Pablo gorria izan da beti, azal garratzekoa, falangistek esango luketen moduan, eta haren hiletetan ez da agintari pila ez eta katedra askorik ikusi. Oroimenaren idazleak posizio zail batetik idazten du. Ez da zoriak oparitzen dizkion unetxoez (Iruñeako zezenketan kontatzen diren momentico horiez), erlijio pagano bat bailiran, bizitzaren filosofia gisa, gozatzen duen alproja hedonista. Carpe Diem, eta gero gerokoak. Ez da ere iraultzaren edo aztoramenaren filosofoa, bere denbora inoiz betetzen ez den itxaropenean kontsumitzen duena, grazia-une horren zain, inoiz iristen ez den utopia, mendeku edo buelta horren zain, bitartean edozein ataka gaiztoren estuasuna sufritzen duena, pasako al da bolada txarra, libratuko al gara isunaz, eta amaituko al da behingoz lanpostua jokoan dugun elkarrizketa hau, lanpostu bat bizitza guztirako balitz bezala (are okerrago hala balitz...). Ez da ere nostalgiaren kontalaria. Haren idatzietan ez dago iraganik, orainik edo etorkizunik. Oroimenaren idazleak ziurtasunetik idazten du; kanpoan dago; ilusio orotik kanpo, itxaropen orotik kanpo, ongi ezagutzen baitu bizitzak eskain dezakeen iluntasun ankerra. Haren denbora ez da barrunbe gaiztoa ezagutzen dion mundu honetakoa, ez eta beste batekoa ere, ez baitu horretan sinesten eta ez baitu uste hor gauzak bestela izango direnik. Pablo Antoñanak Artaxoako herriaren saria jaso zuen egunean, Elvirarekin batera autoan harekin gindoazelarik, elizgizon gisa zegozkien eginkizunak gerra irabazi izanaren larderiaz eta nagusikeriaz bete zituzten apaizen istorio lizunak kontatu zizkigun. Herri txikiko pasadizoak. Pasadizo gordin eta zabar haiek, gehiago ziren inmoralak nagusitasuna garaipen militarrari esker zuten morroien harropuzkeriagatik lizunkeria merke, baldar eta ergelengatik baino; sinesgabetasunean hezi zuten, eta Nafarroan hain sustraituta eta zabalduta zegoen elizkoikeriatik sendatu. Pablo Antoñanak bere herrian sinesten zuen, herri zangopilatuan, historiatik egotzitakoan, eta euskal kulturan, hortik kanporatua eta arroztua sentitzen bazen ere, euskaraz ez jakiteagatik. Ausentzia gehiegi, eta horietako batzuetan, idazteak ez zion zauriak ixten laguntzen. Pablori, agur moduan, hauxe esango nioke: lurrak gozo hartuko al zaitu. Sit tivi terra levis. Baina erraustu egin zuten, erabat desagertu zen leku eta garai honetatik eta, hala, haren gozotasuna erabatekoa izan zen. Pablo Antoñana
Publicado por Nabarraldek argitaratua
|














