Txikia da ederra

Montenegroko gertakari historikoak (V-21) gauzatu baino astebete lehenago (ikus Maiatzaren 12ko «The Guardian Weekly» astekaria, 15. orr.) oso artikulu gogoangarri eta profetikoa idatzi zuen Timothy Garton Ash kronikariak: «Small nations must think big».

Alegia, nazio txikien kontra sortu izan diren ustekeriak eta konplexuak alde batera utzi, eta harro eta ermo jokatzeko garaia dutela berauek.

«Europa berria» laburbiltzen zuen Gartonek «ez da super-estatu federal erraldoia izango, eta Estatu indartsuen jostailu ere ez». Europa berria, gero eta garbikiago, nazio txikien tresna bihurtuko da aurki.

Mementu honetan Austriak darama Elkartearen gidaritza. Hots, Austria Estatu federala da, eta «txikia»: 8,2 milioi biztanle.

Ondoren Suomi-Finlandiak hartuko du Europaren Lehendakaritza. Berau ere, Estatu elebidun eredugarria, 5,2 milioi ditu.

Eta ondoren, hurrenkera honetan:

Alemania (Estatu federala baita): 82,0 milioi (Estatu handia, zalantzarik gabe); Portugal: 10,6 milioi; Eslovenia: 2,0 milioi (gure eslaviar kide hurbila).

Hitz batez: ondoko hilabeteetan lau Estatu txikiren eskuetan egongo da Lehendakaritza, eta handi batenetan.

Esan beharrik ez: Nazio Burujabetza lortu berria duen Montenegro ere, nazio txikien multzoan sartzen da (650.000 biztanle).

Europa hedatu ahala, nazio txikiek hartzen dute gero eta garrantzi handiagoa.

Hots, nazio txikiok dute gaur bizi mailarik gorena.

Hona hemen, lehenengo hamarren artean topatzen ditugun zazpiak:

Norvegia elebiduna: 4,3 milioi; Islandia: 260.000 biztanle; Luxemburgo, elebiduna: 380.000 biztanle; Suedia: 8,6 milioi biztanle; Suitza Federala, hirueleduna 6,8 milioi; Eire/Irlanda Legez elebiduna: 4,0 milioi; Belgika Federala, elebiduna: 10,0 milioi.

Zerrenda horretan urrun gaude makro-Estatu monolitiko zapaltzaileetatik.

Nola neurtzen da herrien bizi-maila sailkapen hori moldatzeko?

Hiru indize hartzen dira:

1/ BEG izenekoa, Barne Ekoizkin Gordina (erd. PIB).

2/ Hezkuntza. Eta honetan nazioaz kanpoko kulturen ezagutza baloratzen da. Nazio txikietan, handia; super-estatuetan, eskasa oso; beren burura bilduta bizi ohi baitira.

Honi buruz, Lisboan bizi den Gartone, Barroso Europako buruaren kasoa gorai-patzen du: portugesa izanik, guztiz menderatzen baititu ingelesa eta frantsesa.

3/ Osasun maila.

Hiru parametro horien arabera, nazio txikiak agertzen dira gailen. Eta Euskal Herria eta Kataluña ez lirateke urrun agertuko sailkapenean.

Garton kronikariak beste kontu bat azpimarratzen du: nazio handiek piztutzen dituztela gerrak, harrokeriaz eta menderatu nahiak horretaratuta: elkarren kontre zein nazio txikiak irestekotan.

Nazio txikiak, aldiz, ez direla handiguratan erori ohi.

Gauza hauek «Guardian»en mailako aldizkari batek gogoraztea oso ona da.

«Txikia da ederra» izeneko liburu-manifestu bat argitara zuen G. F. Schumacher ekologistak 1973an («Small is beautiful», Herper and Row ed., New York); berehala anitz hizkuntzatara itzulia.

Gogoan dut gure artean (baita Galesen ere, bidenabar) izan zuen oihartzuna; nahiz frankismoaren hilagin hartan Euskal Herriaren kezka nagusia areago El Pardon egon, Ekologiaren profetaren ideia dirdaitsuetan baino. –