Noaingo Gudua

Aragoiko Fernando II.a, Katolikoa ere deitua, aspalditik ari zen Nafarroako Erresuma inbaditzeko aitzakiaren bila. Espantsionismoaren suak erretzen zion bihotza. 1512ko uztailaren 12an Blois-ko Tratatua publikatu zuen, esanez Frantziako Luis XIIak eta Nafarroako Erregeek sinatua zutela. Blois-ko benetako tratatua uztailaren 18an sinatu zen, baina ez zuen zerikusirik Fernando Katolikoak (beste batzuontzat Faltsarioak) iruzurrez publikatu zuenarekin. Gezurrezko dokumentu honetan eta Nafarroako Erregeen aurkako eskumiku-bulda faltsu batean oinarriturik, gerra deklaratu gabe, 1512ko uztailaren 21ean Gaztelako armadak Nafarroa inbaditu zuen Burundatik barna. Irailerako ia Nafarroa osoa okupatua zuen, baina gerrak 12 urte luzez iraun zuen (1512-1524).

Usurpazio honen ondoren, Nafarroa birkonkistatzeko hainbat eraso burutu zituen Albreteko Joan III Errege legitimoak. Honen seme Enrike IIak Nafarroa Birkonkistatzeko Armada sortu zuen nafarrez, biarnesez eta gaskoiez osatua. 1521ean, Asparrosko Jauna, Foix-ko Andres eta Nafarroako Pedro buruzagi zituela, Armadak Biarnotik Nafarroa Beherean sartu eta Donibane Garazi hiriburua liberatu zuen. Seigarren Merindade eta Nafarroa osoko indarrak jarri ziren Nafarroako Enrike II.a Errege legitimoaren alde eta Erronkarikoak izan ziren lehenak independentziaren alde matxinatzen.

Iruñean, Gaztelako erregeordeak okupatzen zuen Erret Jauregia herriak inbaditu eta Austriarren armarria lohi artean arrastaka erabili zuen. Maiatzaren 19an, hiriko erregidoreek zin egin zioten Nafarroako Enrike IIari eta gotorlekuak kapitulatu egin zuen. Nafarroako Don Pedro Kapitain Jeneralak, Simancasen preso egonik, Oliteko Merindadea matxinatzea lortu zuen. Beste horrenbeste egin zuen Tuterako Merindadeak ere, Don Pedro Peralta buruzagi zuela. Lizarratarrek ere gaztelar gotorlekuari eraso eta honek kapitulatu egin zuen. Birkonkistarako Armadak Erresuma osoa zeharkatu zuen garaile, Pirinioetatik Ebroraino.

Asparros jeneralak ez zuen jakin nafarren berotasuna aprobetxatzen eta hauen kontseiluari muzin eginez, hots, Nafarroa fortifikatu eta gainerako nafar armadaren zain itxaron ordez, Logroñorantz abiatu zen. Hau 15.000 gizonek defenditzen zuten Gaztelako Kondestablea buruzagi zutela. Gaztelar indarrak askoz handiagoak izanik, Asparros jeneralak atzera egin behar izan zuen Iruñerriraino, gaztelarrak orpoz orpo segika zituela.

Etsaiaren miaketa egin ondoren, Asparros jeneralak, ausarti eta aldi berean uzkur, ez zien itxaron Iñigo Etxauz eta Ollokiko Jaunaren agindupean Tafalla babesten zuten 2.000 nafar eta gaskoiei eta ezta Iruñean kontzentratuta aurkitzen ziren 6.000 gaskoiei ere.

Ez zuen kontuan izan etsaien armada hiru bider handiagoa zela. Gudua 1521eko ekainaren 30eko igandeko ordubietan piztu zen eta arratsaldearen erdialdera amaitu. Gaztelar gudarosteak Nafarroa Birkonkistatzeko Armada inguratu eta egundoko sarraskia burutu zuen. Nafar Armadak 5.000 gizon galdu zituen, Eskiroz, Noain eta Barbataingo zelaietan lurrean zerraldo geratu zirelarik. Hauen artean Karlos Maulekoa, Joan Saratsakoa, San Martin kapitaina, Karlos Nabaskozekoa. Asparros borrokan zauritu eta itsu geratu zen. Beren buruak salbatu ahal izan zituzten Nafarroako Pedro Mariskal semeak, Agramonteko Angel eta Nafarroako Fadrike jaunek eta bestek, Nafarroa Beherean errefuxiatuz. Hala ere, ez zen hau izan Nafarroako entseina gorria independentziaren alde azken aldiz airean astindu zena. Amaiur eta Hondarribia izan ziren ondorengo lekukoak.

Noaingo Guduak eragin handia izan zuen Europan eta Euskal Herriko historian garrantzirik behinena, bai hondamenagatik bai eta eragin zituen ondorio kultural, sozial, ekonomiko eta politikoengatik.

Aurten ekainaren 25ean gogoratuko dugu Nafarroak bere independentzia berreskuratu nahirik galdu zuen gudaldia. Aurten ere, ekainaren 25eko goizean Iruñeko Erregeen Jauregi aurrean bilduko gara hamarretan pregoia irakurtzeko, gero oinez nahiz autoz Getze (Salinas de Galar) herriraino joan eta Euskal Herri osotik bildutako hainbat hizlariren saio sutsuak entzunez ospatuko dugu Noaingo Guduaren Monumentuaren inguruan eta, ondoren, bertako pilotalekuan elkartuko gara anaiarteko bazkarian, gure iraganaren memoria egin eta eguna lagunarte ederrean amaitzeko.