Inicio
Venezuela, Carpe Diem! PDF Imprimir E-mail
Ana Telletxea   

Tags: Ana Telletxea


-“Zer sentitzen da hegazkinez hegaz egiten duzunean?”. Galdetu zidan halako batean Miriannyk. Begi marroi handi haiek egiten zuten hegaz egiazki. Galdera egiten zuen bitartean gogoa nonbait galduta sentitu nion, jakin-mina ikaragarria zen, ametsetarako nahia eta beharra are gehiago. 11 urteko neskato beltzaranak gauza berriak ikasi nahi zituen, bere munduaz kanpoko kontuak jakin, gezurretan bazen ere, hark bidaiatu nahi zuen, eta aldiro erraten zidan: “-Eser zaitez Ana, hitz egin dezagun”.

Maitekorra. Orain dela bost urte ezagutu nuen neska eder hura. Poztu nintzen berriz ikusteaz. “-Noiz itzuliko zara?” hainbatetan galdetu zidan. “-Gure aitak zin egin digu sarri bidaia bat eginen dugula. Eta gogoz gaude norabait joateko. Baina ez dakit noiz izanen den”. Nik ere ezin zin egin noiz bueltatuko nintzen bere herrira.

Venezuela biluzgorri aurkitu dut, oinutsik, garrasi itoan. Pobrezia ezaguna zen aspaldidanik lur haietan, baina ez hain maila altuan. Eta pobrezia honek errealitate gordina du eskutik. Egoera latza ikusi diot petrolioaren herriari. Joan baino lehen handik zetozen berriak ez ziren onak preseski, eta bertako hainbatek kontu emateko erraten zigun serio aski, egoera krudela bizi zela paraje haietan. Joan eta ikus.

Nazio mailan 36 hildako izaten da egunean, eta asteburuan kopuruak gora egiten du. 2008an 13.000 pertsona baino gehiago hil zituzten Venezuelan. Heriotza horiek denak erailketak dira, ez dira kontuan hartzen eritasunez edo istripuz hildakoak (ez eta kartzeletan gertatzen diren heriotzak ere). Caracasen 130 hildako izaten da 100.000 biztanleko, alajaina! Honela, inkestek diote Hegoamerikako estatu arriskutsuenetan bigarrena dela Venezuela.

Azterketek diote biolentziak lehen ez zituen neurriak hartu dituela, eta hartan nahaspilatzen direla hainbat elementu, indar publikoen delituzko ekintzak, gatazka etnikoak, pobrezia eta talde marjinalen garbiketa soziala, besteak beste. Gaizkile-taldeak, bahiketak, droga-trafikoa, espetxeetako pilaketak, poliziaren okerbideratzea eta zigor ezak hilketa sarea sortzen ari dira, gizartearen segurtasuna egunero mehatxatzen duen gurpil zoroa. Antza, Chavez boterean denetik, % 67 hazi da hilketa-tasa.

Hilketa baten eragingarria telefono mugikor sinplea denean, edo zure motorrak beste horren autoa jo duela, ez da nahikoa erratea Caracas hiri arriskutsua dela. Hortaz hainbat gomendio idatzi gabeko arau dira han: gauez hobe da etxean izan, 5etatik goiti hiria argi-koro berezi batek hartzen du, jendea desagertzen da, kaleak husten, argia motel apaltzen... eta bakarrik ibiltzea etorkizun griseko ibilaldia izan daiteke. Ahal bezain bitxi eta baliozko gauza gutxien paseatu behar da kaletik (mugikorrak, markako arropa...), auto eta etxeetan burdinagak, giltzarrapoak eta behar beste baliatzea segurtasuna da. Gauez eta autoz zoazela, semaforo gorriak ez du aginterik, batek daki geldituta zer gertatzen ahal den kolore berdearen zain zauden bitartean.

Herri honek ekonomia-hazkunde eza du, langabezia, inflazio altua, diru-sarrera eta aberastasunen kontzentrazioa, pobreziaren areagotzea, erdiko klaserik ez da honezkero, osasun zerbitzuen egoera kaxkarra da, delinkuentzia gora doa, erakundeen narriadura agerikoa da, hezkuntza sistemaren hutsunea larria, herria uzteko nahia handitu da...

Oro har, herria garai txarra pasatzen ari da (beste askok bezala) baina egiazki zaila izan behar du egoera honi buelta ematea. Venezuelako politikak kontu iluna dirudi. Ehuneko 80 pobre den herriak fidelki men egiten dio presidenteari beste edozein gobernarik desio lukeen leialtasunaz. Nora doazen, zer etorkizun duten, pentsatze hutsak, oilo-larru bihurtzen nau.

Egoera latz horrek, dena dela, zenbat gauza hunkigarri ezkutuan! Gizarteak bere egunerokoan postal zirraragarria oparitzen du.

Caracaseko kale zikinetan barrena, jende pila, zarata, buila, musika, merkatuak bazter orotan, beroa, autoak eta autobusak, eskaleak, postuak, autoak, zikinkeria, autoak, kasu!, beltzak, zuriak, mestizoak, kea, kreolak, begirada sakonak, keinu ulertezinak, solas hurbilak belarrian, koloreak, kartelak, usainak, chicha, hitz ederrak truke eskean,... sentsazio bete momentuak, herriaren hurbileko usaina, krudeltasunaren azala “Carpe Diem” isil batez jantzita...


Publicado por Nabarralde-k argitaratua



Añade esta entrada a tu red social preferida / Zabaldu
Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP