Nafarroa eta bere historiaren zama

2012an beteko dira 500 urte, Gaztelako gudarosteak Albako Dukearen gidaritzapean Nafarroako Erresuma konkistatu zuenetik. Ondoren hogei urte luzeko gerrate ankerra hasi zen eta erresuma puskaturik gelditzeaz gain etorkizunerako bideragarritasun polítiko guztia galdu zuen. Iparraldean (Nafarroa Behera, Zuberoa eta Bearne) oraindik jarraitu zuen beste 86 urte, Frantziarekin koroi beraren pean bat egin arte. Vaskoniako eta Iruñeako erresuma izenarekin sortutako Europako estatua desagertu egin zen, baina aurrekaria hor gelditu zen betiko.

Gertakizun hauen inguruan, edo aitzaki hartuta, agerikoak dira dagoeneko batzuen eta besteen artean gauzatzen ari diren ekimenak. Itxura batean edo azaletik begiratuta historiari eta kondairari buruzko eztabaidak dira. Sakon-sakonean ordea, eztabaidan jartzen dena izaera edo nortasun kolektiboaren izatea da.

Gauza jakina da iragana, eta beraz historia, ezin dela aldatu.  Baina ahaztu ezina da baita ere herri izatearen nortasun agiriko osagarri nagusia denboran iraupena izatea dela. Euskal Herriak, beste herri guztiek bezala, denboran zehar irauten du, une zehatz batean osatzen duten herritarrak baino lehenago eta ondoren. Herri bat azkenean, Euskal Herria guri dagokigunez, denboran zehar irauten duen gizarte bat da.

Bestalde ordea, giza-eskubideak giza duintasunetik sortzen dira eta beraz, ez dira jaraunsten edo heredatzen. Gaur-egungo herritarrok ez gara giza-eskubideen jabe oinordeko gisan, baizik eta gizaki izatearen duintasunagatik dagozkigunak dira. Arbasoei eta ondorekoei bezalaxe. Gertatzen dena da, herria garen heinean, herria izan nahi dugun heinean alegia, herri hori, Euskal Herria, Waskaria, Vasconia, Baskonia, Nafarroako Erresuma edo errepublika lehengoekin eta gerokoekin egiten dugula.

Baina nortasun kolektiboa -edo berdin dena, herriaren izatea eta zehaztapena- historiaren eremuan eztabaidatzea historizismoaren gaitzean erortzea da. Historizismoa da alde batetik, behin eta berriro Nafarroako eskuinek egin ohi dutena eta horregatik, historiari iraganeko eta bukatutako zantzua edo dasta atera nahi izaten diote, esate baterako Reyno de Navarra -y grekoarekin-  behin eta berriro erabiltzean. Zentzu berean euskaldunon gaur egungo eskubideak arrazoi historikoetan oinarritu nahi izatea historizismo antzuan erortzea litzateke.

Izan ere, ez daukagu eskubide politikoak aldarrikatzeko arrazoia, “kendu zizkigutelako”, baizik eta geure borondatez, nahi dugulako. Sabino Aranaren lege zaharren aldarrikapena (aintzinako errejimena edo foralismoa)  ez da gaur egungo gizakion duintasun eta giza-mailan sortzen den eta  oinarritzen den eskakizuna. Zer dira eskubide historikoak?  Aurrekari bat besterik ez, baina aurrekaria den guztia. Euskaldunok ez dugu independentziaren eskubidea bortxaz eta indarkeriz kendu zigutelako, baizik eta gure borondatea hori baldin bada, horrela nahi dugulako.

Beste hitz batzuekin esatearren, “eskubide historikoen” gaurkotze eta eguneratze demokratikoa eta modernoa bat besterik ez daiteke izan, zera alegia, erabaki ahalmena eskubidetzat aldarrikatzea. Eskubide historikoen esamoldea Espainiako Konstituzioan txertatua agertzen bada ere, konstituzioa bera baino lehenagoko jatorria duela aitortuz ezartzen da. Beraz, ez konstituziotik sortzea, baina bai konstituzioak “babestu eta errespetatua”. Nola gauzatu demokratikoki berez ultrapertsonalak (taldekoak edo kolektiboak eta denboran zehar irauten dutenak diren heinean) diren eskubide historikoak, unean uneko gizarte batek? Esan bezala, soilik erabaki ahalmena garatuz.

Navarrismoa deitutako mugimenduak itxura batean sustraiak historizismoan itsasten ditu. Baina berez historizismo hori baino oker maltzurragoa dauka bere senan, zera nortasun kolektiboaren ukapena. Esan ohi dute abarrots handiz behin eta berriro Nafarroako foralistek (Aizpun, Del Burgo, Sanz eta horrelakoek) foralismoaren izaera Nafarroak estatuarekin “paktoak” edo hitzarmenak egiteko ahalmenean datzala. Horregatik deitzen diote “pakzionatua” 1841-VIII-16-ko legeari edo baita Nafarroako sistemari berari ere. Baina paktoak hausteko -edo ez egiteko- ahalmenik gabe. Okerragoa dena; erabaki eskubiderik gabeko paktismoa (kontraesan garbia) defendatzen dute, zeren eta erabaki eskubidea edo ahalmena soilik Espainiako herriari aitortzen baitiote, Konstituzioari men eginez.

Laburbilduz, abertzalegoak herri nortasunaren dema politikoa erabaki ahalmenaren defentsa demokratikoan kokatu eta jokatu behar du, eskubide historikoen interpretapen gaurkotu eta demokratiko bakarra hori baizik ez daitekeelako izan. Eta helburu horretan abertzale guztiok ez-ezik, demokrata guztiak ere biltzen saiatu behar dugu.

Abertzaletasuna ordea, ez da ideologia politikoa. Ideologia politikoa balio etiko eta sozialak mailakatzen ditu eta ondorioz agerikoa da badaudela eskuineko edo ezkerreko abertzaleak eta bakoitzak bere ikuspegia duela bizimoduaren garapeneko eguneroko gora-beheretan.

2012ko bosgarren mendeurrena antolatzeko ekimenek agerian ipini dute behin berriro Nafarroak jasan behar duen historiaren zamaren eragina. Vaskonia edo Euskal Herria izenek adierazten duten nazio edukia eta Nafarroa adierazten duen estatu eredua bateratzeak sortzen duen zama. Ez zaio historizismo bati beste historizismo batekin erantzun behar. Espainiako katolikotasun ofizialari ez zitzaion bezala erantzun behar “euskaldun fededun” aurkako katolikotasunarekin. Erantzunak politikoa eta demokratikoa izan beharko du eta gizartearen borondatea irabazteko lehiaren foroan jokatuko eta erabakiko da.

Izena bera da gehienetan eztababidagune, ahaztuta Nafarroa hitza ez dela hain zaharra- “Nafar” gentilizioa edo pertsona izena IX. mendean  azaltzen da lehenik, Karlaundi (Carolus Magnus), frankoen erregearen biografoa izandakoaren Eginardoren lumatik. Ordurarte, Erromaren edo Bisigodoen eta aintzinako beste herri guztiekiko harremanetan beste izen batzuk erabili ziren, eta batik bat waskoien (hortik gaskoi) edo baskoien izena.

Euskaraz gentiliziotik ateratzen diren toponimoak edo lokatiboak ez dira asko. Hiru ezagunenak, Nafarroa nafar-etik, Aezkoa aetz-etik  eta Gizpuzkoa giputz-etik. Nafar gentilizioa bera “naua, nava edo nafa” (:zelaia) hitzari dagokiona dirudi; izen hori daukaten inguru eta alderdiak Nafarroan hainbat daudelarik.

Nafarroa beraz, ez dirudi “nabarra” denik. Baina margo askotakoa denik ezin uka. Bertan daude Iberia (beste hitz euskaldun bat) guztian diren lekurik euritsuena (Artikutza) eta idorrena (Bardea Txuria).

Iruñeako eta baskoien erresuma (IX. Mendean deitzen zioten bezala Cordobako historialari musulmandarrek) ez zen sortu errekonkistaren ildotik, baizik eta bisigodoen eta frankoen aurkako borroketatik eta horietan noiz edo noiz Banu-qasitarren laguntza, adiskidetasuna eta ahaidetasuna izan genuen. Handia da historiaren zama… batez ere besteen aurka jaurtiki nahi denean.


http://www.gustav-koadernoak.com/2010/01/nafarroa-eta-bere-historiaren-zama/