Inicio

Euskal ekipamendu kulturalak PDF Imprimir E-mail
Gerardo Luzuriaga   

Tags: Gerardo Luzuriaga


Duela egun batzuk, Donostiako alkateak adierazi zuen: «Euskadik ezin du kultur ekipamenduen etengabeko hazkundearekin jarraitu». Ez dakit, bada; beste eremu batzuetan ez du ematen horrela izango denik. Hor dago garraiobideetako kontua. Nik beste era batean planteatuko nuke afera hau: ekipamendu kulturalak herri osoaren beharrei begira sortu beharko genituzke. Herri osorako planteamendu orokorrik gabe, beti herritarrak izango baikara kaltetuak, politikoen kapritxoen mesedetarako, hain zuzen ere.

Donostiako alkatearen hitzak ere testuinguru horretan sartuko nituzke; izan ere, adierazpen horiek egin zituen une berean, bere hirirako hiru proiektu kultural aurrera ateratzeko eskatu zion Patxi Lopezi: 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza, San Telmo Museoa eta Bakearen Etxearena.

Politikoek eremu guztiak bere onurarako erabiltzen dituztela esanda ez dut uste inor aztoratuko dudanik. Oro har, politikak eremu guztietan eragina baitauka, eta eremu guztien gainetik baitago. Areago, politikariek gai guztiak beren komenientziaren arabera erabiltzen dituztela agerian baitago.

Ez dago salbuespenik. Eremu guztietan adibide ugari daude, bai osasun eremuan, bai garraiobidean, bai ekonomian, bai enpleguan, bai hezkuntzan...

Dena den, eremu guztiak politikarien eskuetan izan arren, eta beren gustuen arabera antolatu arren, begi-bistakoa da, baita ere, eremu guztiak ez direla berdinak. Izan ere, oro har, eremu batzuk herriaren beharrei begira antolatuta eta araututa dauden bitartean -ogasuna, zergak edo polizia lekuko-, beste batzuk, berriz, alderdien nahikeriaren mende daude, eta ikur moduan erabili ohi dira. Horien artean, bereziki kultura ekipamenduak daude.

Urteak eta urteak daramatzagu herriak behar dituen ekipamendu kulturalak aldarrikatzen; seguru gehienok gogoratuko duzuela Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak azken urte hauetan aldarrikatu duen Liburutegi Nazionalaren egoitza edo kulturako kontuetarako Euskal Herria oinarritzat hartzea.

Liburutegi eremuari dagokionez, Euskadik irakurketa publikoaren mapa egokia behar du; baita Euskal Herriak liburutegi mapa egokia ere. Euskadiko eta Euskal Herriko liburutegi mapa egiteke baitago.

Orain arte, proiektu gehienek probintziakeria kutsua eduki dute; izan ere, tokian tokiko politikoen indarren arabera sortu dituzte ekipamendu kulturalak, azterketa teknikoak, adituen iritziak, eta herri beharrak eta ezaugarriak kontuan hartu gabe. Euskal kultur ekipamenduei dagokienez, bada garaia planteamendu orokorra egiteko, eta irizpide tekniko batzuen arabera jartzeko eta antolatzeko.

 

Berria-k argitaratua