Eta orain… tsunami independentista!


Gabirel_Ezkurdia

Bazen behin gorputzaren atalen arteko batzar bat. Batzar garrantzitsua. Nork agintzen zuen erabaki behar zuten. Burmuinak argi zuen bera zela naturalki Nagusia, berari zegokion pentsatzea eta. Baina Bihotzak ozen esan zion funtsezkoa benetan bera zela, motorra. Birikek orduan garden plazaratu zioten Bihotzari oxigenoaren ezinbestea eta Hankek orduan gogor defendatu zuten beren eginbeharra. Ordenagailua, motorra, gasolina eta gurpilak eztabaidan zeudela, hala baten Kakak ere agintzeko asmoa azaldu zuen. Bera zen benetan Buru Gorena izateko ezinbestekoa. Atoan, beste guztiak iseka eta barreka ponpox zera esan zioten: «Zuk azkeneko detritu, hondakin nazkagarri baliogabe horrek, zer uste duzu!».
Orduan Gorotza, tinko, ipurdi zuloko bideari lepoa emanez, greban jarri zen, eta astebetera gorputzeko atal guztiak lur jota zeuden. Hori bai hori ezinbesteko botere faktikoa!
Hara hor, beraz, ikasgai eskatologikoa: edozein Mokordo… nagusia izatera hel daiteke!
Ipuinak ipuin, sarritan gure egunerokotasunean antzeko sentsazioak ditugu. Zer esanik ez azken bolada honetan.
Gure gizartea antolatzen duen logika juridiko eta politikoa herritarren borondatetik at eratu dute. Egun, inoiz baino argiago dugu jendearen errealitatea eta politikagintzak garatzen duen errealitatea bi muturretan direla.
Argazkia gardena da, nahiz eta gardentasun garaiak gordintasun sasoiekin lotuta joan. Euskal Herriaren, Nafarroa Osoaren, etengabeko ukapen unionistari, sinboloez eragindako liskar zatarrari edota independentistekiko errepresio totalitario etengabeari, aberatsek sortutako krisi ekonomikoak, herritarrok pairatzen dugunak, Sistemako politikari homologatu/profesionalen eta herritar gehiengoaren artean dagoen zulo ikaragarria borobiltzen du.
Orain arte Sistema fin ibili da. Berau sasi zilegitzen duen gizarte zati handi bat desinformazioaz eta kontsumoaz lelotuta eta esanekoa egiten bahituta izan du. Baina azkenaldian argitasunaren izpiak handitu egin ditu politikari profesionalen kaskarkeria, bankarien harrokeria lapurra eta kazetari askoren makurdura. Gezurtiak gezurti, arloz arlo, ustezko demokrazia ustel honen baliatzaileak kolokan geratu dira, ebidentzian daude. Hara hemen erdipurdi eta lotsagabea den etsenpluetariko bat, benetan Gorotza hutsa:
http://www.youtube.com/watch?v=jHjZDIjHpWk&feature=player_embedded
Zapitik amantala egitea oso espainola da. Baina Espainia Aberats Berrien Valhala biderkatze horretan Espainia bera, proiektu bezala, hipotekatu da. Ekonomikoki lur jota eta politikoki frankismora lotuta (Castellsen definizioa, «frankismo konstituzionala», oso egokia da) Nafarroa Osoan eta Herrialde Katalanetan oinarritzen ditu bere azken aukerak erabateko porrota heltzen den heinean.
Espainiar pannazionalismoaren eskastasuna historikoa da. Zirenetik dira. Ez dute inoiz «papa»-rik ulertu. Franco Hendaian Hitlerrekiko izan zena, Aznar Bushekiko izan zen eta Zapatero Davoseko gailurrekoekikoentzat izan da. Espainiar landismo politikoaren adierazle argienak, Gorotza nagusi! Baina ez da bakarrik hizkuntza kontua, mamian ere datza. Espainiar pannazionalisten elebakartasun totalitario eta lotsagabeak ez du, gainera, mamiz ezer ulertzen. Itzultzaileek ez dituzte kontzeptuak azaltzen!
Askatasuna hitza, adibidez, ez dute inoiz prozesatu, ez baitute ezagutzen. Ez dute aditu, ez bizi izan. Ildo berean Errespetua. Gorotza beti tolerantziaz mintzatzen da (espainolez, noski), baina ez du aditu errespetu kontzeptua zer den. Noski, espainiar pannazionalisten balioen eskala beti hierarkikoa izan da eta. Beti goitik behera,beti bizitza barkatzen, beti makur. Agian, Espainiaren hazia bere sormen bortitzaren alaba delako izango da.
Gorriti, Pirritx eta Porrotxek zehatz Mokordoari aspaldian esan zioten bezala, euskaldunok sentitu, pentsatu eta ekiten dugu. Eta horregatik gure herritarren borondatea, gure Historiaren aitorpena eta gure etorkizuna, bihotzez, ondo pentsatuta dugulako independentziaren bidetik bermatuko ditugu.
Independentzia aldarrikatzeko arrazoi anitz dira. Estrategikoak, taktikoak, sentimentalak. Burmuinekoak, haragizkoak, bihotzekoak… Batzuentzat izan ginelako, beste ororentzat nahi dugulako edota behar dugulako. Eskubide historikoen arabera, eskubide zibil eta demokratikoen errespetuaren ildotik eta orain Gorotzaren hats jasanezinagatik ere gure herriaren biziraupenaren bermea euskal estatu independentea berreskuratzean datzalako, independentismoa da benetan herri honetan den jarrera zeharkakoena, transversal-ena.
Hala da. Hain «ospetsua» egin duten kontzeptua, transbertsaltasuna, independentismoan izan da beti. Imaz, agian, transexualitate politikoaz ari zelakoan nago. Independentisten artean, ateo militanteen ondoan Opusekoren batzuk ere badira. Ezkertiar antikapitalistak eta sozialdemokratak; bultzagile eskuindarrak edota euskal komunista petoak. Enpresari, langabe, ekologista… Osasuna eta Athleticekoak ere… Zeharkakoagorik ezin!
Alderdi politikoetatik at ere bizitza badagoelako! Gure errealitate soziopolitikoa alderdi homologatu eta sistemazaleek ez dute osotasunean ordezkatzen, nahiz eta haiek hori inposatu nahi. Zenbat afiliatu dira osotara alderdien guztien artean? Beharrezkoak dira, baina ezinbestekoak ez!
Independentismoa herri mugimendua da, ordea. Eta beste herrialde askotan herri mugimendu anitz eta zabalak izan dira «iraultza» eragingarriak edota aldaketa estrukturalak lortu eta egin dituztenak!
Horregatik urduritasunak, Gorotzaren plantoa, Hondakin politikoen pataleta. Puzker dialektiko gehiegi hainbeste zentzumen, arrazoi eta bihotz politiko menperatzeko. Aurreikusten den hamaika puntuko lurrikara zibilak hankaz gora jarriko du Gorotzaren Nagusitasuna. Zalantzarik ez! Eta etorri badator tsunami erabakigarria, sumatzen da. Aitzakiak bukatu direlako, eskuordetzea akabo delako, herriaren sasoia iritsi da eta guztiok erantzukizuna dugu.
Denon esku dago. Aizkora gutxiago eta suge gehiago izan dadin, berba gutxiago eta konpromiso gehiago. Maitasuna ez da esaten, egin egiten da! Eratu, antolatu, parte hartu. Denen arteko tsunami independentista erabakigarria eta geldiezina bidean delako! Animo eta lanera! Gorotza ortura, ongarri dezente behar dugu eta. Gora Nafarroako Lehen Errepublika independentea!

Gabirel Ezkurdia
Politologo eta analista

 

Nabarralde-k argitaratua